2024-12-22
HomeEkintza SozialaBat egiten dugu Modou Khadim Sow-ren kanporaketa salatzeko larunbatean Ribaforadan eginen den...

Bat egiten dugu Modou Khadim Sow-ren kanporaketa salatzeko larunbatean Ribaforadan eginen den manifestazioarekin

Maiatzaren 18an, arratsaldeko 7etan eta Ribaforadako kiroldegi zaharretik abiatuta, arestian gertaturiko kanporaketa salatzeko Colectivo Senegalés de la Ribera-k antolaturiko manifestazioan parte hartzera deitzen du sindikatuak.

Lehenik eta behin, elkartasuna adierazi nahi die LABek guztiz bidegabeki kanporaturiko Modou Khadim Sow lagun senegaldarrari eta bere senide eta ingurukoei. Inboluzio testuinguru honetan eta mobilizazioaren leloak dioen bezala, inoiz baino beharrezkoagoa da arrazakeria geldiaraztea eta inor ez dela ilegala azpimarratzea. Hala, kapitala askatasun osoz mugitzen den bitartean, legedi arrazista baliatuta gizaki jakin batzuei bizimodu duina eskuratzeko eskubidea urratzen zaie. Ildo horretan, jatorria dena dela, hemen jaioa izan ala ez, langile guztiok klase berekoak garela eta hemen bizi eta lan egiten dugun oro euskal herritartzat jotzen dugula berriro aldarrikatzen dugu.

Bigarrenez, beren burua sozialistatzat dutenen jarrera eta erantzukizuna salatu nahi dugu. Erabat onartezina da herritarron zerbitzura aritu behar den instituzioa, herritarrongandik hurbilen dagoen administrazioa, Udala alegia, herritar bati segada egiteko erabili izana. Erabat onartezina da gero gezurra esatea, okerra aitortu beharrean, norberaren erantzukizuna zuritzeko asmoz. Erabat onartezina da gertaera salatzeko mobilizazioa mugarazi nahi izatea, amaitu behar zen tokian, hots, udaletxean, luzera sinestezina duen hauteskunde ekitaldi bat erabiliz. Horrela nahi al dute ustezko aurrerakoiek eskuin muturra geldiaraztea? Bere diskurtsoa ekintza bihurtuz?

Amaitzeko, kanporaketa bidegabe hau eta berau ahalbidetu duten araudia eta arrazakeria instituzionala salatu eta denok bizitza duina izateko eskubidea aldarrikatzearren, sindikatuaren afiliatu eta zaleei eta Erriberako langile zein herritar orori larunbateko manifestazioan parte hartzeko deia egiten diegu.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...