Ernaik manifestazioa egingo du datorren ekainaren 4an Bilbon, 17:30ean, plaza Eliptikotik abiatuta, epaituak izango diren 7 gazteren kontrako muntaia salatu eta gazte borrokak merezi duela aldarrikatzeko. LABek bat egiten du deialdiarekin eta bertan parte hartzeko deia egiten dio bere militantziari, bizitza duinaren aldeko borroka babestu beharrekoa iruditzen zaiolako.
Langileak euren enpleguen eta lan-baldintzen eta bizitza duinen alde borrokan ari diren neurri berean ari dira gazteak ere euren etorkizunaren alde borrokan. Eta bizi dugun borrokaren kriminalizazioaren testuinguruan ulertu behar da Ernaiko 7 kidek aurre egin behar dioten epaiketa. Duela hilabete batzuk, Eusko Jaurlaritzak, Ernairen mezuak delitu gorrotoa izan ote ziren ikertzeko eskatu zion fiskaltzari, Ernaiko kide batzuek epaitegietara bidean jarri nahian. LABetik irmoki salatu genuen erabakia da eta gure babes eta elkartsun osoa adierazi genion Ernairi, eta orain ere beste horrenbeste adierazi nahiko genuke. Guzti hau euskal gazteria kriminalizatzeko gobernu honek daraman politikaren baitan ulertu behar zela adierazi genuen orduan.
Hemen sakonean dagoen arazoa gazteen egoera da. Gazteek bizi duten egoera jasanezin bilakatzen ari da, larrialdi egoeran daude Ernai-k berak salatu duen moduan. Inoiz baina prestatuagoa dagoen gazteriak etorkizun iluna du, hirutik bat langabezian dago, miseriazko soldatak dituzte edota etxebizitzarako eskubidea urratzen zaie.
Bien bitartean, elite ekonomikoen mesedetan gobernatzen du Jaurlaritzak, patronalari alfonbra gorria jarriz prekarizazioan sakontzen jarraitzeko. Botere legegilea, judiziala eta polizia, guztia erabili nahi da patronalaren interesak zaintzeko.
Sistemak honek ez du irtenbide duinik gazteentzat. Enplegua defendatzen ari direnentzat ere ez. Ez dago enplegu politika publikorik, zerbitzu publikoak indartzeko apusturik egiten ez duen bezalaxe.
Herritarrei, gazte, pentsionista, langile, emakumeei bizitza duina bermatu ordez, protesta sindikal eta sozial oro ezabatzeko asmoa du Jaurlaritzak eta oldarkor eta neurri gabeko indarra erabiliz ikusi dugu Ertzantza sindikalisten edota gazteen aurka. Ernai-ko kideen kontrako epaiketa honek ere logika berdinari erantzuten dio.
Herri honetan gehiengo sindikal eta soziala da eraldaketa sozialaren eta aldaketa politikoen eta etorkizun duinaren aldeko apustu sendoa egin duena, hainbat dira zabalik dauden dinamika sindikal eta sozialak. Horietan Ernairen bidelagun izateko konpromisoa berresten du LABek.