2024-12-22
HomeEkintza SindikalaBat egin dugu Zaldibar Argitu plataformak hondamendiaren urtemuga dela-eta deitutako mobilizazioekin

Bat egin dugu Zaldibar Argitu plataformak hondamendiaren urtemuga dela-eta deitutako mobilizazioekin

2020ko otsailaren 6an Zaldibarko Verter Recycling zabortegia hondoratu eta Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran desagertu ziren zabor artean. 6 hilabete eta 10 egun desagertua eman ondoren, Alberto Sololuzeren gorpuzkinak aurkitu zituzten. Zorritxarrez, urte bat eta gero, Joaquin Beltranek desagertu jarraitzen du zabortegian.

Hasieratik exijitu dugu langileak aurkitzea, baina afera hau ez da hor amaitzen. Izan ere, erantzukizun politikoak argitzea eta azken ondorioetaraino iristea ezinbestekoak dira, egia ezagutu dadin, justizia egon eta berriro gerta ez dadin bermeak ziurtatzeko.

Hondamendiak erantzule politiko argiak ditu

Zabortegiaren kudeaketa luizia gertatu zen momentuan, baina baita hondamendiaren aurretik zein ondoren salatu ditu LAB sindikatuak. Verter Recycling enpresaren jardueran, kontrol eta isun faltaz gain, amiantoaren arauz kanpoko pilaketak egon dira urteetan zehar, kasuz kasu kontrolatu behar zirenak. Jaurlaritzak eta Ingurumen sailak, orduan ere, ez zuten ezer egin.

Verter Recycling enpresak erantzunkizun zuzena du hildako langileen gainean eta urteetan zehar Zaldibarko zabortegian egon den jarduera klientelar, opako, ez jasangarri eta arriskutsuaren aurrean.

Kasu honetan, erantzukizuna ezin da eremu pribatura mugatu, eremu publikoak gertatzen ari zenaren gaineko erantzukizun politikoa izan duelako. Arduradun horiek izen abizenak eta ardura politikoak dituzte. Iñigo Urkulluk zuzenduriko Eusko Jaurlaritzak eta Iñaki Arriola sailburuak ardura politiko zuzena dute Zaldibarren gertatukoaren inguruan. Are gehiago, kontuan hartzen badugu enpresaren eta hainbat kargu politikoren artean dagoen harreman zuzena.

Erantzule nagusien artean, patronala ere badago zalantzarik gabe. Izan ere, indarrean dagoen legeria ez du betetzen. Langileon gaixotasun edota heriotzak merke ateratzen zaizkio eta horrela izaten den bitartean, joera ez da aldatuko. Zabor kudeaketa pribatizatu eta kontrol publikorik ez edukitzeak, egungo zabor eredua negozio bilakatu du eta patronalak horretan ere aurkitu du mozkina langile klasearen zein naturaren bizkar.

Egoera tragiko horren aurrean, patronala ez salatzeak, Administrazio publikoa bera konplize bilakatu du, egoera aldatzeko beharrezkoak diren zaintza, kontrol zein babes neurriak ez baititu hartzen, langileon bizitza zein osasuna bermatzeko edota zabor eredu iraunkor baterako trantsizioa egiteko.

Lanetik etxera bizirik bueltatzeko eskubidea dugu!

Euskal Herrian, 2020. urtean, gutxienez 75 langilek bizitza galdu dute lanean. Koronabirusaren testuinguruan azeleratu den krisialdi sozioekonomikoak ez du gelditu lanean hildakoen sarraskia. Kontrakoa, 2020an lan istripu hilgarriak %65 areagotu dira 2019 urtearekin alderatuta. Amiantoaren ondorioz, gutxienez, 28 pertsona hil dira. Koronabisurasen ondorioz hildako langileen kopurua, aldiz, ez dugu ezagutzen.

Lan istripuak ez dira bizitzako gertakari arruntak, ekonomia eredu zehatz batek ezartzen dizkigun ondorioa baizik. Zaldibarren gertatutakoa zabor bilketa eredu ez jasangarri batez elikatzen den sistema kapitalista ekozidaren erakusgarri garbia da. Horrela, berebiziko garrantzia du gertatutakoaren inguruan erantzunkizunak argitzeak. Era berean, zabor kudeaketari dagokionean administrazioek orain arte garatu duten pribatizazio politika salatu eta ekonomia jarduera estrategikoak publikoak izan behar dira.

Egoera hau jasaezina bihurtu da langile klasearentzat. Langileriak pairatzen duen lan indarkeria arazo sozial larria da, egiturazko arazo larria eta inposatzen dizkiguten politika neoliberalaren ondorio zuzena da. Lan istripuak enplegu eta lan-baldintza txarren ondorio dira, prekarietatearen (azpikontratazioa, behin-behikotasuna… etab.) eta benetako prebentzio eta babes neurri faltaren ondorio.

Politika publikoen lehentasuna, langileon bizitza erdigunean

Gaurkoan, Gasteizko Gobernuari exigitzen diogu langileon bizitza eta osasuna erdigunean jarriko dituen politika publikoak garatzea. Horretarako, egungo politiken norabidea da aldatu beharrekoa. Badaude alternatibak, eredu berriak, aldaketaren aldeko gehiengo herritarra, urgentzia kolektiboa… borondate politikoa da falta dena.

Pasa den urteko urtarrilaren 30ean bizitza, lan eta pentsio duinak aldarrikatuz greba orokorra egin genuen, milaka herritar, herri honetako gehiengo soziala mobilizatuz. Urtebete honetan zehar, osasun krisiarekin, aurretik zetorren krisi estrukturala azeleratu besterik ez da egin, eremu ezberdinetako krisiak bisibilizatuz (zaintza, hezkuntza eredua, lan harremanak, osasungintza…).

2020Ko otsailaren 6ko gertakariak, eredu ekonomiko kapitalista ekozida hau iraunkorra ez dela, heriotza-sufrimendua besterik ez duela ekartzen eta pertsonen bizitzaren aurkakoa dela agerian utzi du. Zaldibarko zaborraren atzean dagoen zabor kudeaketari kiratsa dario. Eremu honetan ere, garaia da eredu berri bateranzko urratsak emateko, trantsizioa egiteko.

Herri ekimenari esker, Zaldibar argitzen ari gara

Langileon eta herritarron erantzuna, txalotzekoa eta eskertzekoa izaten ari da: etengabe mobilizazioak, iniziatiba herritarrak, herri akusazioa aurkeztea, langileak antolatzea, proposamenak mahai gaineratzea… berriro gerta ez dadin, bermeak eta erantzunkizunak eskatuz.

LAB sindikatuan lanean eta borrokan jarraituko dugu langileen segurtasun, osasun eta bizitzen alde, guztiontzat osasuntsua eta bizigarria izango den eredu sozioekonomiko berri baten defentsan. Eta noski, Zaldibarren gertatutakoa argitzeko ere. Zentzu honetan, otsailaren 6ean Zaldibar Argituz plataformak deitu dituen mobilizazioekin bat egin eta langileria bertan parte hartzera gonbidatu nahi dugu.

–  Zallan. Plazan. 12:45ean lore-eskaintza eta 13:00etan manifestazioa.

–  Etxebarria. 13:00etan Olaia aurrean

–  Elgeta. 13:00etan plazan

–  Markina-Xemein. 13:00etan

–  Zaldibar. 13:15ean Udaletxeko Plazan.

–  Eibar. 17:00etan Untzagatik.

–  Ermua. 17:30ean Zubiaurretik.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...