2025-04-01
HomeUncategorizedBalenciagako langileek lan mahaia eratzea lortu dute, baina Espainiako Gobernuak ardurarik hartu...

Balenciagako langileek lan mahaia eratzea lortu dute, baina Espainiako Gobernuak ardurarik hartu gabe jarraitzen du

Zumaiako Balenciaga ontziolako langileek asteak daramatzate mobilizatzen, ontziolaren eta euren lanpostuen defentsan. Instituzioei lan mahai bat eratzeko eskaera egin zieten, ontziolaren bideragarritasuna bermatzeko, eta Hego Euskal Herriko instituzioek horren aldeko urratsa ematea lortu dute langileek. Espainiako Gobernuak, aldiz, bere posiziotik mugitu gabe eta dagokion erantzukizuna hartu gabe jarraitzen du.

Hemen, gaur Balenciagako langileek prentsa aurrean irakurri duten adierazpena:

Astilleros Balenciagak, duela hiru aste, mobilizazioak hasi genitueneko egoera berean jarraitzen du. Langileok ERTEan jarraitzen
dugu eta ez dugu nomina gehiagorik kobratu. Ez dago akordiorik COFIDESekin eta ez da bazkide industrialik sartu. Hartzekodunen
konkurtsoaren prozesua martxan dago, eta ez gara hasi kontratatuta dauden bi ontziak eraikitzen.

Horren aurrean, duela astebete, Balenciaga ontziolako langileok honak proposamena luzatu genuen: instituzio publikoek eta enpresako
zuzendaritzak langileen ordezkariekin lanerako komisio bat sortzea, horrela Balenciaga irekita mantentzeko bide bateratua egiteko helburuarekin. Alde bakoitzari ordezkari kualifikatu bana jartzea eskatzen genien, horrela, ontziola martxan jarri eta balizko erosleren bati solaskide bakarra ezartzeko helburuarekin.

Eskaera hori honako hauei egin zitzaien:
1. Espainiako Gobernuari: Ekonomia Ministerioaren, COFIDESen, edo gobernu ordezkaritzaren bitartez.
2. Eusko Jaurlaritzako Industria Sailari.
3. Gipuzkoako Foru Aldundiari.
4. Zumaiako Udalari.
5. Enpresaren zuzendaritzari.

Momentu honetan, Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundia, Zumaiako Udala, Balenciagako zuzendaritza eta gu geu mahai horretan egongo garela
baieztatu dezakegu. Eman duten pausoa ikusita, eskerrak eman nahi dizkiegu publikoki erakunde horiei. Hitzetatik ekintzetara pasatzeko
aurrenengo urratsa eman dutela baloratzen dugu.

Era berean, Espainiako Gobernuarekiko gure haserrea adierazi nahi dugu. Ekonomia Ministerioak, COFIDESek eta Espainiako Gobernu Ordezkaritzak ez diote gure eskaerari erantzun. Balenciaga eta gure lanpostuak salbatzeko funtsezko parte direla kontuan hartuta, tamalgarria dela azpimarratu beharra daukagu. Beraien erabakia birpentsatu eta eratuko den mahaian parte hartzeko deia egin nahi diegu. Oraindik garaiz dabiltza. PSOEren eskuetan dago Ekonomia Ministerioa; eta guk deitutako mahaian parte hartuko duten Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundietako gobernuetan ere badago.

Mahai honetan parte har dezan exijitzeko Donostian dagoen gobernuaren ordezkariordetza aurrean elkarretaratzea egingo dugu abenduaren 18an, asteazkenean, 10:00etan.

Aurreko guztia esanda, honakoa ere adierazi nahi dugu. Alderdi politikoekin bilera-sorta egiten hasiko gara datorren astean, enpresaren
jarraikortasuna bermatzeko beraien babesa eskatzeko. Horretarako, manifestu bat prestatu dugu komiteko kideok. Aurrerago adieraziko dugu nork eman digun babesa eta nork ez.

Azkenik, jakinarazi behar dugu Eusko Legebiltzarreko Industria Batzordearen bilera batean parte hartzeko eskatuko dugula. Oraindik ez
dugu datarik. Ordurako alderdi politiko guztien babesa izatea espero dugu.

Astilleros Balenciagako langileok gure etorkizunaren alde borrokan jarraituko dugu. Enpresa bideragarria da. Eskualdearentzat eta
herrialdearentzat aberastasuna sortzen jarraitzeko instalazioak, teknologia eta eskulan egokiak ditu. Gure etorkizunaren alde, gure lan-postuen eta atzetik datozenen lan-postuen alde, instituzioekin egingo ditugun bileretan borroka egingo dugu; alderdiekin egiten dugun bileretan borroka egingo dugu; eta nola ez; kalean borrokan jarraituko dugu. Argi daukagu eta ozen
esango dugu:

Balenciaga ez itxi!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko Hezkuntza Publikoko irakasleen greba egun arrakastatsua

Greba zikloaren 8. greba jarraipen zabala izan du. Milaka langile mobilizatu dira Bilbo, Donostia eta Gasteizen egindako manifestazioetan.

Grebara deitu dugu Arabako egoitza eta etxebizitza komunitarioetan apirilaren 9an eta 10ean, lehen hitzarmena lortzeko borrokan

LABek eta ELAk proposamen bat eman diogu Aldundiari, bere lehen testuari erantzuteko. Sindikatuok ez dugu onartuko langileen lan-baldintzak nabarmen hobetuko ez dituen hitzarmenik.

Lan ikuskaritzak arrazoia eman digu eta PEPSICO zigortu du 2023ko arazoaren 30eko Greba Feminista Orokorrean izandako jarrera dela eta

Dena LABek sartu genuen salaketa baten harira izan da. Honen arabera, frogatuta geratu da grebalariak ordezkatuak izan zirela.