2024-12-22
HomeEkintza SindikalaBaionako Herriko Etxeak berdintasuna oztopatzen duela salatu dugu gaur, martxoaren 8an

Baionako Herriko Etxeak berdintasuna oztopatzen duela salatu dugu gaur, martxoaren 8an

Estatuak Baionako Herriko Etxeari 50.000 euroko isuna jarri zion 2022ko abenduan, bere zerbitzuetako zuzendaritza-postuetan emazterik ez egoteagatik. Erakunde publiko honek, emazteak erantzukizuneko postuetan integratzeko egiazko giza baliabideen politika egin beharrean, nahiago du isuna ordaindu. Egoera onartezin hori salatzeaz gain, desberdintasunekin eta soldata arrakalarekin behin betiko amaitzeko neurri eraginkorrak aldarrikatu ditu LABek.

René Etchegaray, Baionako Renaissance alderdiko auzapeza, honela defendatu zen: “Oso emakume gutik postulatzen dute eta hautagaiek ez dituzte irizpideak betetzen eta ez dituzte eskatutako gaitasunak”. Bada, azpimarratu nahi dugu ez dela kasu bakan bat, azken kontratazio- prozesuarekin lotua, baizik eta Herriko Etxean ongi errotutako ohitura bat.

Zer egiten du herriko etxeak emazteak hautagaitza pausatzera bultzatzeko? Zalantzan jartzen ote du kontratazio-politika? Ez. Aldiz, postu horietan emazterik ez baldin badago, emazteen errua dela dio.

Hiru funtzionarioetatik bi emazteak dira; alta, erantzukizuneko postuak eskuratu ahala, haien kopurua nabarmenki jausten da. Kontratazio-prozesu guztiek kontuan hartu behar dituzte kudeaketa eta zuzendaritza-postuek dakartzaten zailtasunak, emazteek jasaten dituzten oztopo bereziak. Kontratazioan diskriminazio positiboa deritzona transizio konponbide bat da, bai, baina beharrezkoa.

Oro har, martxoaren 8an, oraindik ere jasaten ditugun soldata-desberdintasunak salatu nahi ditugu. Batez beste, postu berarentzat eta edozein sektoretan, emazte batek gizon batek baino %20 gutxiago irabazten du. Eta hori, hein handi batean, bereizketa profesionalaren ondorioz.

Erretretan, pentsioen arteko aldea %40koa da. Eta Macron-en erretreten erreforma berriak emazteei gogorki eraginen die, egoera okertu eta desberdintasunak areagotu besterik ez du eginen.

Bereizketa profesionala eta soldata-arrakala dira Renaissance alderdiaren zutabeak. Guk, emazte langileok, asteak daramatzagu erreforma bidegabe eta bortitz horren aurka borrokatzen, eta kendu arte jarraituko dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...