2024-11-23
HomeEkintza SindikalaBadugu proposamena Nafarroako lan harremanetan aldaketa gauzatzeko

Badugu proposamena Nafarroako lan harremanetan aldaketa gauzatzeko


Iruñean Ainhoa Etxaide Idazkari Nagusiak eta Igor Arroyo Nafarroako bozeramaileak egindako agerraldiaren bidez, LAB sindikatuak aldaketa lantokietan gauzatzeko proposamena egin du. Bide hori sustatzeko, manifestazioa egingo du LABek larunbata honetan Iruñean, 17:30etan Gaztelu Plazatik abiatuta. 

LABen iritziz, nafar instituzioetan emandako aldaketa, herritarren lan eta bizi baldintzen hobekuntzan islatu beharra dago. Helburu horrekin, LABek zazpi oinarrizko neurri proposatzen ditu: enplegu suntsiketa gelditu;
35 orduko lan astea; hileko 1.200 euroko gutxieneko soldata; erretiro adina aurreratu eta 1080 euroko pentsioa ezarri; aukera berdintasuna bermatu; langileon osasuna enpresarien etekinen aurretik lehenetsi; lantokietan euskararen normalizazioa sustatu; eta Nafarroako sektore publikoa garatu.

Era berean, LABek neurri hauek ezartzeko bideak aurkeztu ditu. Lehenik eta behin, funtsezko baldintza lantokiz lantoki borroka sindikala egitea da. Horrekin batera, alderdi politikoak interpelatu egin ditu LABek, neurriok garatzeko akordio parlamentarioak egin ditzaten. Hirugarrenik, negoziazio kolektibo sektorial eta intersektorialean akordioen beharra planteatu du, nahiz eta Patronalak ez duen horretarako inolako asmorik: "hala sindikalgintzatik nola eremu instituzionaletik Patronala interpelatu beharra dago". Laugarrenik, langileen parte hartze instituzionala ahalbidetzeko Lanaren Kontseilua proposatu du LABek, langileek zuzeneko bozkaren bidez hautatuko litzatekeena. Eta azkenik, Akordio Programatikoan jasotzen den Nafarroarako estatus berrian lan esparru nahiz gizarte segurantza propioa txertatzea defendatu du.

Gauzak horrela, LABek uko egin dio berriz ere Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluan parte hartzeari eta gogor kritikatu du Nafarroako Gobernuaren jarrera: "Irtenbidetzat bere erreforma soila planteatzea oinarriak kolokan dituen eraikinaren teilatua konpontzea bezalakoa da. Eraikin berria eraiki beharra dago oinarrietatik. Ildo honetan, Nafar langileen beharrak eta nahiak erdigunean kokatuko dituen benetako elkarrizketa batean parte hartzeko prest gaude. Adostu ditzagun Nafarroan hartu behar diren neurriak, adostu ditzagun neurri horiek gauzatzeko bideak eta, orduan bai, sor ditzagun horren guztiaren jarraipena egiteko beharrezkoak diren Kontseiluak edota bestelako guneak. LABek mahai gainean jarri ditu, proposamen honen bidez, bere ustez hartu beharreko neurriak eta neurri horiek egikaritzeko bideak zeintzuk diren. Gainontzeko eragileek, eta bereziki Nafarroako Gobernuak, berdina egin dezaten espero dugu. Ez dezala Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluaren erreforma bezalako amarruak erabili bere erantzunkizunei muzin egiteko".

Amaitzeko, LABek dei egin die langileei larunbat honetan Gaztelu Plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko. Gazte bloke bat antolatuko da, 5etan udal plazan, eta pentsiodunen arloak ere presentzia izango du. Era berean, lantokiz lantoki dauden behar eta aldarrikapenak islatuko dira martxan zehar.
 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.