“Badugu aukera” kanpaina abian jarri dugu, berreraikuntza baino, langileen neurrirako eredu aldaketa aldarrikatzeko

693

Pandemiaren aurreko normaltasun heteropatriarkal eta kapitalistara bueltatzearen aldeko diskurtsoa zabaltzen ari den honetan, Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak eta Ekintza Sozialeko kide Edurne Larrañagak bizitza erdigunean izango duen normaltasun berri bat eraikitzeko aukera eta beharra aldarrikatu dute. Hala, “Badugu aukera. Vamos hacia el cambio” leloarekin, kanpaina bat abian jarri dugula jakinarazi dute, trantsizio ekosozialista eta feminista ardatz, helburu hauek lortzeko: lan guztiak aitortzeko eta lan, pentsio eta bizi duinak bermatzeko; zerbitzu publikoak indartzeko; garapen eredu jasangarri bat ahalbidetzeko; zerga politika berri bat ezartzeko, aberastasunaren banaketa bidezkoago bat bermatzeko; eta burujabetza lortzeko.

“Ez dugu indarrean dagoen sistema berreraiki nahi. Sistema hau errotik aldatu nahi dugu, eredu berri bat eraiki nahi dugu”. Garbiñe Aranbururen hitzak dira hauek, “Badugu aukera” kanpaina aurkezteko agerraldian esandakoak.

Hain zuzen ere, LABek kanpaina bat abian jarri du, berreraikuntza baino, langileen neurrirako eredu aldaketa bat aldarrikatzeko. “Irekitzen den garai berri hau zaila izango da langileontzat. Gogorra, baina, kanpainaren leloari jarraituz, aukeraz beteriko garaiak datozela uste dugu. Izan ere, pandemia honek ageriago utzi du egungo sistema kapitalista, heteropatriarkal eta ekozida jasangaitza dela”, azaldu du Garbiñe Aranburuk.

LABeko idazkari nagusiaren hitzetan, “alternatiba sistema hau errotik aldatzea da. Sistema hau sostengatzen jarraitu nahi duten alderdi sistemikoek, EAJ buru, eta patronalak hitzetik hortzera darabilte berreraikuntza ekonomiko eta sozialaren beharra. Horretarako kolaboraziorako deia egiten digute, kolaborazio horretarako joko zelaia jartzen digute eta guk badakigu arbitroa erosia dutela; beraz, langileok baldintza horietan ezin dugula partidarik irabazi. Eta guk oso argi esaten dugu: ez diogu eztabaidari beldurrik, baditugu proposamenak langileon bizi baldintzak hobetzeko, baina gurekin ez kontatu sistema berreraikitzeko, gurekin ez kontatu egungo sistemari eustea helburu duten eztabaida markoetan aritzeko”.

Bost ardatz
Langileak babestu behar dira eta ez kapitala. Gakoa etorkizuna eraikitzeko bideari ematen diogun norabidean dago. Bizitza erdigunean jarriko duen eredu berri baterako trantsizioari ekin behar zaio, trantsizio ekosozialista eta feministari. Horretarako, 5 ardatz nagusi ditu LABen proposamenak:

1. Lan guztiak aitortu eta lan, pentsio eta bizi duinak bermatu:

-Urtarrileko Greba Orokorraren ondotik interpelazio bikoitza egin genuen, instituzioei eta patronalari prekarizazioari aurre egiteko neurri zehatzak eskatuz. LABentzat aldarrikapen horiek indarrean jarraitzen dute.

-Enplegu suntsiketarik ez. ABEEE-etako soldatak osagarritu %100era eta enplegu bermea. 

-Behin behinekotasuna oso altua da, kontratu gehienak iruzurrezkoak dira. Langile horiek, gazteak eta emakumeak nagusiki, erabili eta bota egiten diren langileak bilakatu dira. Lan munduan ematen den bereizketa honekin amaitu behar da.

-Oinarrizkoak diren zerbitzuetako langileen lan baldintzak duindu behar dira. Gehienak emakumeak dira, zerbitzu hauetako hainbat pribatizatuak eta merkantilizatuak izan dira. 1.200 eurotik beherako soldatak dituzte askok eta askok edota lanaldi partzial inposatuak dituzte.

2. Zerbitzu publikoak indartu: 

-Zerbitzu publikoak garatzeko publifikazio plan bat behar da, eraldaketa sakon bat behar da, oinarrian hiritarren arreta jarri eta ikuspegi merkantilista alboratuko duen eredua behar dugu.

-Zerbitzu publikoak indartzeko inbertsio handiagoa egin behar da, eta eredu berri baten bidean ezinbestekoa izango da langile publikoen lan baldintzak hobetzea, langileak egonkortzea, ratioak jaistea eta langile publikoen kontratazioak areagotzea. 

-Zaintza sistema publikoa eraikitzeko garaia da. 

3. Garapen eredu jasangarria: 

-Aberastasunaren kontzentrazio eta pilaketa helburu duen produkzio eta kontsumo eredua aldatu egin behar dira. Bizitza sostengatzeko beharrezkoa den horretara eta natura suntsituko ez duen eredura bideratu behar da ekonomia. Herri batean sortzen den aberastasuna neurtzeko ekoizten denaren balio soziala zein ingurugiroan duen eragina kontuan hartu behar dira, baita lan produktibo eta erreproduktiboa ere, sistema honek emakumeokiko duen zor patriarkala kitatuz.

4. Zerga politika berria, aberastasunaren banaketa bidezkoago bat bermatzeko:

-Ezin da lan eta bizitza duinik lortu aberastasuna banatzen ez bada. Zerga politikak sakoneko aldaketa bat eskatzen du. Zentzu honetan, proposamena bidali dieguforu erakundeei.

5. Burujabetza:

-Pandemia honek erakutsi digu zein garrantzitsua den Estatu bat izatea. Horregatik jarraitzen dugu erabateko burujabetza eta Estatu propio bat aldarrikatzen.