2024-12-22
HomeEkintza PolitikoaEuskal HerriaBabesa erakutsi diogu Maravillas gaztetxeari eta aldaketaren jatorrizko balioetara itzultzea exijitu dugu

Babesa erakutsi diogu Maravillas gaztetxeari eta aldaketaren jatorrizko balioetara itzultzea exijitu dugu

Gazteen eta beren proiektuen aurkako errepresio eta bortizkeria poliziala kapitalismoaren aldeko bortizkeria politikoa da, elite ekonomikoen aldekoa, Erregimenaren aldekoa.

LAB sindikatuak honakoa adierazi nahi du Nafarroako Gobernuak agindu duen Iruñeko Maravillas gaztetxearen ezkutuko utzaraztearen inguruan (Alde Zaharra militarki okupatu duten Foruzaingoaren eta Espainiako Poliziaren bortizkeria eta errepresio bidez eginiko utzaraztea, gainera):

1. Gure erabateko babesa adierazi nahi diogu Maravillas gaztetxeari eta bere autogestio proiektuari. Era berean, gure elkartasuna adierazi nahi diogu gazteriari, bereziki polizien bortizkeria dela-eta zaurituriko pertsonei. Gainera, gure babesa eta elkartasuna adierazi nahi diegu Alde Zaharreko bizilagun eta merkatariei; ez da onartzen ahal auzo horrek jasan behar izan duen okupazio poliziala, beren bizitzak eta lan jarduerak modu normal batean izatea oztopatu diena. Hori guztia dela eta, LAB sindikatuak bat egiten du urtarrilaren 19rako Iruñean deituta dagoen manifestazioarekin.

2. Gazteen eta beren proiektuen aurkako errepresio eta bortizkeria poliziala kapitalismoaren aldeko bortizkeria politikoa da, elite ekonomikoen aldekoa, Erregimenaren aldekoa. Uxue Barkos buru duen Nafarroako Gobernuak hartu du erabaki politikoa gazteen eta Maravillas gaztetxearen mobilizazio soziala bortizkeria polizialaren bidez erreprimitzeko. Jokabide horrek mobilizatzeko eskubidea urratzen du eta aspaldi bateko garaietara eramaten gaitu. Horregatik eskatzen dugu berriz Maria Jose Beaumont Barne kontseilariaren berehalako dimisioa eta Uxue Barkos lehendakariari eskatzen diogu, gertaera tamalgarri hauen azken arduraduna baita, utz diezaiola bokatxa eta borra artean ezkutatzeari, Aldaketaren jatorrizko balioak errespeta ditzala eta Erregimenaren modus operandi-a bazter dezala.

Asteotan ikusi dugu nola Foruzaingoak bortizkeria erabili duen Azkoienen bizitza eta lan duinen alde borrokan diren grebalari eta sindikalisten kontra. Eta egunotan ikusi dugu nola Foruzaingoak mobilizazio soziala erreprimitzen duen eta nola erabiltzen duen bortizkeria gazteen eta bizilagunen kontra. Onartezina da. Eta onartezina delako Foruzaingoan ordezkaritza duten sindikatuak interpelatu nahi ditugu, beren lan baldintzen inguruan mobilizatu ziren modu berean orain ere planto egin dezaten eta egoera hau guztia salatu dezaten. Izan ere, deigarria bezain tamalgarria da ikustea nola beren eskubideen alde mobilizatzen direnek gero bortizkeria erabiltzen duten gauza huraxe bera egiten duten pertsonen kontra.

3. LAB sindikatuak salatu nahi du Geroa Bai alderdiak erabaki politiko bat hartu duela 2015ean UPN-PSNren Erregimena erakundeetatik atera zuen Aldaketaren norabidea errepresioaren bidez aldatzeko. Gu ez gaude, noski, norabide aldaketa horrekin ados eta ulertzen dugu Aldaketaren jatorrizko balioetara itzuli behar dela, bizitzaren demokratizazioa eta gizarte aldaketa helburu duten balioetara. Ildo horrretan, herritarrei dei egiten diegu kalera atera daitezen UPN-PSNren Erregimena kanporatzearen alde borrokatu, lan egin eta bozkatu zuten guztien ondare diren balioen defentsan.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...