Pontevedrako kideen adibideak beste behin ere borroka kolektiboaren garrantzia erakusten digu, ez digute ezer oparitzen eta ahal badute kendu egiten digute; erreforma, legedi aldaketak… erabiliz. Beraz, berebizikoa da Inditex-eko langile bakoitzaren borroka eta konpromisoa orain arte lortutako eskubideak babesteko, zein Inditex taldeko marka guztietan lortu daitezkeen lan-baldintzak hobetzeko.
Gogora dezagun 2016an Inditex-ek 3.157 miloi irabazi zituela (irabaziak %10 igoaz) eta Amancio Ortega jauna langileen helburu fiskal susmagarria duten pagen bidez isiltasuna erosten saiatzen den arren, Inditex- eko marka ezberdinentzat egunero lan egiten dugunok, badakigu multinazional honentzat gu beraien mozkinak handitzeko tresna baino ez garela. Beraz, aldi-baterakotasuna, malgutasuna, lan-kargak, soldata baxuak… laburbilduz, prekarietatea, eguneroko gauza dira gure lan-zentroetan.
Merkataritzako langileok, sektore erabat feminizatua, ez dugu bigarren mailako langileak izaten jarraitu nahi, lan-baldintza duinak exijitzen ditugu, eros-ahalmena bermatuko digutenak, gure aisia eta atsedenerako denbora errespetatuko dituztenak, lana eta bizitza familiarra uztartzeko eskubidea emango digutenak eta gure laneko osasuna eta bizitza duinerako eskubidea bermatu.