2024-12-26
HomeEkintza SindikalaAztertuko dugu Enplegu Planean parte hartu ala ez baldin eta Nafarroako Gobernuak,...

Aztertuko dugu Enplegu Planean parte hartu ala ez baldin eta Nafarroako Gobernuak, patronalak eta UGTk eta CCOOk lan baldintza duinen aldeko konpromiso irmoa hartzen badute

LAB sindikatuak Nafarroako Gobernua, CEN, UGT eta CCOO premiatzen ditu argitu dezaten ea konpromisorik ote duten 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzeko, 35 orduko lanaldia ezartzeko, soldata arrakala bukatzeko eta kontratazioetan aukera berdintasuna bermatzeko, bai eta lan osasunean neurri eraginkorrak hartzeko ere. Aipaturiko eragile horiek konpromiso horiek hartuz gero, LABek erabaki bat hartuko du Enplegu Planean parte hartzearen inguruan; bestenaz, ez.

NAFARROAKO GOBERNUAREN GUTUNA
Pasa den urriaren 31n Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluaren Batzorde Iraunkorrak legegintzaldi honetako lehenengo bilera egin zuen Nafarroako Gobernuaren, CEN patronalaren, UGT eta CCOO sindikatuen parte hartzearekin.

Ondoren, azaroaren 4an, Kontseilu horretako lehendakari Manu Aierdi kontseilariak LABi zuzendutako gutun bat jaso genuen. Gutun horretan Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluan Enplegu Plana osatzeko eginen diren bileretan parte hartzera gonbidatzen gaitu Gobernuaren izenean. Horrekin batera, erantzuteko 11 eguneko epea ematen digu.

Hori dela eta, astelehen honetan berean Maria Txibite lehendakariari eta Manu Aierdi Garapen Ekonomikoko kontseilariari bidali diegun gutun-erantzuna iritzi publikoarekin konpartitu nahi du LABek.

ELKARRIZKETA SOZIALA BERREZARTZEA: berri txarrra Nafarroako langileontzat
LAB sindikatuaren aburuz ikaragarrizko zentzugabekeria da Nafarroako Gobernuak nahiz UGT eta CCOO sindikatuek Nafarroako langileriari erran izana, inolako lotsa agertu gabe, Elkarrizketa Soziala bitarteko bikaina dela langileen eskubideak indartzeko. LABen ustean, gaizki deituriko Elkarrizketa Sozialak zerbait indartzeko balio izan badu, haien poltsikoak betetzeko balio izan du. Urtero 8 milioi euroraino poltsikoratu dituzte UGTk, CCOOk eta CEN patronalak. Iruzur eta porrot batetaz ari gara, Nafarroako gizartearen gehiengoak irmotasunez salatu duena.
Horren harira, zera galdetu nahi dio LAB sindikatuak Nafarroako Gobernuari: Zertarako balio dute Elkarrizketa Sozialak edo bestela, Enplegu Planak, iaz gertatu antzera, enpresariek uko egiten badiote lan osasunaren alorrean Lanbide arteko Akordioa sinatzeari? Zertarako balio du UGT, CCOO eta CENek uko egiten badiote Lanbide arteko Akordioa sinatzeari, non ezartzerakoan lehentasuna emanen baitzitzaien Nafarroako hitzarmen kolektiboei, prekaritateari atea itxiz? Ez du ezertarako balio.

Hamaika aldiz erran dugu garrantzitsuena ez dela Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluari dagokion edota Enplegu Plana erraten zaion. Formaren inguruko eztabaidak ezin du edukiaren ingurukoa estali. Jendea nazkatua dago txiringitoekin eta plan kutunekin. Jendeak irtenbideak nahi ditu duintasunez lan egiteko eta bizitzeko

LAB sindikatuaren aburuz, lan merkatuaren egoerak eragozten du egun milaka nafarrek gure lurraldean lan eta bizitza duina izan ahal izatea. Errealitate eztabaidaezin batez ari gara, eta ez LABek halaxe dioelako, baizik eta milaka nafar langile ari direlako prekaritatea pairatzen eta halaxe berresten dutelako Nafarroako Gobernuak berak ezagutzera eman dituen datuek:
• Egun 31.858 lagun daude langabezian Nafarroan. 10tik 6 emakumeak dira. Langabeen erdiak baino gehiagok ez du inolako langabezia saririk jasotzen. Gazteen arteko langabeziak %6,4 gora egin du.
• Kontratazioari dagokionez, urrian sinatutako kontratuen %93,3 aldi baterakoak izan ziren. Gainera, horietatik 11.101 partzialak izan ziren. Prekaritate bikoitza kontratazioan ematen dena, eta berriz ere emakume aurpegiarekin.

Paradoxikoa da eta nafar guztien adimenari egiten zaion iraina dugu, oraingoan, PSN-PSOE agertu izana, Nafarroan, kalitateko enpleguaren babesle irmotzat, eta adierazi izana lan merkatuaren gabeziak eta erronkak zuzenduko dituela, hark erabaki politikoen eta lan erreformaren bitartez milaka pertsona langabeziarekin, prekarietatearekin eta txirotasunarekin zigortu dituenean.

PSN-PSOE, PP eta UPN alderdiak, enpleguaren kalitatea horrenbeste babesten dutela dioten honetan, milaka pertsonek erabateko prekarietatea pairatu behar izatearen arduradunak dira; nagusi diren aldi baterako kontratuak eta kontratu partzialak emakumeak pairatzen dituzte bereziki, berez, gizonek baino gutxiago kobratu ohi dutenak (soldata-arrakala). Hauen arduraz 45 eta 55 urte baino zaharragoak direnak iraupen luzeko langabeziara zigortuak daude, hauen erruz gazteen etorkizunean aukera bakarra “Uber” eta “Glovo” bezalako enpresetan kokatzen da.

LAB sindikatuaren ustez berri ona litzateke Nafarroako Gobernuaren lehendakaria berriak adieraztea bere lehentasuna dela kalitateko enpleguak izatea, baldin eta langile klasearen aurkako hainbertze lege egin dituen alderdi batekoa ez balitz, baldin eta alderdi horrek hainbat urtez UPN alderdi eskuindarrarekin tandem ederra osatu izan ez balu. Sinesgarritasuna ez baita diskurtso hutsalekin lortzen, ekintza eraginkorrekin baizik.

LAB-EN PROPOSAMENA
Txibite lehendakariak jakin beharko luke Nafarroan kalitatezko enplegua lortzeko ezin garela inposaturiko marko arau-emaile baten menpean egon. Lan harremanetarako eta babes sozialerako esparru propioa behar dugu, enplegu poltika aktibo eta pasiboak izan, bai eta lan kontuetan legeak egiteko erabateko eskuman izan ere. LABek esparru hori eraiki nahi du, gure lan baldintzak hemen erabaki ahal izateko. Ildo horretan, etorkizuneko esparru hori edukiz betetzen joan ahal izateko, lanbide arteko akordioak losrtzea proposatzen dugu.

Hortaz, garrantzitsua deritzogu jakiteari Nafarroako Gobernua bere bizilagunen lan baldintzak babesteko eta patronalak ezarri ohi dituen erreformei aurre egitea erabaki duen; are gehiago, patronalaren xede bakarra haren mozkinak handitzea denean, prekaritate bitartez, langileak menpean nahi dituenean. Alegia, jakin nahi dugu ea prest dagoen 1.200 euroko Lanbide arteko Gutxieneko Soldata eta 35 orduko lanaldia sustatzeko, edo enpresaburuei exijitzeko soldata arrakala bukatu behar dutela edo Nafarroako enpresa gehienetan emakumeek jasaten duten bazterkeria bukatu behar dutela; azken horren harira gogoratzekoa da Volkswagenen, Nafarroako enpresa pribatu handienean, emakumeak plantilla osoaren %10 direla bakarrik.

Horregatik guztiagatik LAB sindikatuak eskatzen dio Nafarroako Gobernu buru Maria Txibiteri (PSN) eta Manu Aierdi Garapen Ekonomikoko kontseilariari (Geroa Bai) lan erreformak gaindituko dituzten gai jakinetan, akordioak lotzeko gertu dagoen argitu dezatela, lan erreformak gainditze aldera, Nafarroan negoziazio kolektiboa babestuz, eta egin dezatela Nafarroako langileen osasun eta bizitza baldintzen alde, patronalak ezarri duen prekaritateari aurre eginez.

Hau da, Nafarroako Gobernuari, CEN patronalari, eta UGT eta CCOO sindikatuei eskatzen diegu argitu dezaten Nafarroan 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzeko konpromisorik ba ote duten. Argitu dezaten lana eta aberastasuna banatze aldera 35 orduko lanaldiaren aldeko apustua eginen ote duten. Argitu dezaten ea mahai gainean soldata arrakala eta generoagatiko kontratazio bazterkeria murrizteko neurri eraginkorrak jarriko dituzten. Argitu dezaten ea lan osasuna hobetzeko neurri efikazak ezarriko dituzten.

Hori guztia argitzen ez duten arte, eta Nafarroako Gobernuak horri guztiari idatziz erantzuten ez dion arte, LAB sindikatuak ez du batere erabakirik hartuko Enplegu Planean parte hartzearen inguruan.

LABek berresten du Nafarroako langileek duten interesen aldeko konpromisoa, enpresetan, kalean eta aritzen garen esparru guztietan, lan eta bizitza duinaren aldeko borrokan. Amaitzeko, LAB sindikatuak ohartarazi nahi du Nafarroako gizarteak ez duela onartuko bazterkeria edo diskriminazio sindikala dakarren politikarik, ez eta pribilegiorik ere, patronalari eta UGT eta CCOO sindikatuei emandako diru-publikoetan gauzatzen direnak.

Azken horren harira, LAB sindikatutik salatu nahi dugu CEN, UGT eta CCOOen aldetik Nafar Lansaren egindako eskaera. Ondorioz, Elkarrizketa Sozialean eta Negoziazio Kolektiboan formazioa jasotzeko deialdia martxan jartzea eskatu diote Nafar Lansareari. Deialdi honek ez du aintzat hartzen langabetuen eta langileon beharrak eta lehentasunak. Elkarrizketa Sozialaren berrezarkuntzaren ondorioz patronalaren eta sindikatu hauen interes eta beharrei erantzuten dizkio.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek grebara deitu du Linacal iturgintza enpresan, zuzendaritzak langileei entzungor egiten jarraitzen duela uste baitu

LAB sindikatuak Barañaingo (Nafarroa) Linacal iturgintza enpresako zuzendaritzaren jarrera onartezina salatu nahi du, langileek euren lan baldintzak hobetuko dituen enpresa itun bat negoziatzeko eginiko...

Munduko Medikuen zuzendaritzak EEE bat proposatu du langile guztien %25 kaleratzeko

Entitateko Langileen Legezko Ordezkaritzak ez ditu aintzat hartzen zuzendaritzak emandako arrazoiak, eta EEEa justifikaziorik gabea eta prebentiboa dela adierazi du.

EITBko zuzendaritzak euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu du helburuen artean euskara sustatzean duen hedabide bateko zuzendari

EITBko zuzendaritza nagusiak eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari berria hautatu berri du, EITBren webgune berrien sorkuntza prozesua amaitzeko. Pertsona horren ardura izango da, eitb.eus zuzentzeaz gain, jaiotzear den atari digital berria abian jarri eta horren zabalkundea gidatzea.