2025-04-26
HomeEkintza SindikalaAzken garraiolariaren heriotza salatu eta errepidean gertatzen diren lan istripuen kopuru altuaz...

Azken garraiolariaren heriotza salatu eta errepidean gertatzen diren lan istripuen kopuru altuaz ohartarazi dugu

Gaur goizean 58 urteko garraiolari bat hil da istripuz Arren, Nafarroa Garaian. LAB sindikatutik, lehenik eta behin, doluminak eta elkartasuna adierazi nahi dizkiegu hildakoaren senide eta lagunei. Eta ohartarazi nahi dugu, eta salatu, 2024. urtean, Euskal Herrian, dagoeneko 21 langile hil direla lanean edo lan istripuz –laneko gaitzen batek jota hil direnak kontuan hartu gabe–, eta horietako zazpi garraiolariak izan direla.

Azken urteetan bereziki salatzen ari garen moduan, garraiolarien artean istripuen intzidentzia oso altua izaten ari da. Hainbat faktore daude intzidentzia horren atzean, baina bada guztien artean gailentzen den arrazoi bat: prekaritatea gero eta hedatuagoa dago sektorean. Oso prekarioak dira garraioaren sektoreko lan-baldintzak: lanaldi luzeak, estresa, presioak, garraioagatik ordaintzen duten prezio baxua, lan baldintzen eraginez modu osasuntsuan elikatzeko zailtasunak… Eta horrek guztiak istripuak sortzeko aukerak areagotzen ditu eta, era berean, arazo kardiobaskularrak eragiteko koktel perfektua sortzen du.

LAB sindikatuan sinetsita gaude garraioaren sektorean gertatzen diren lan istripu gehienak guztiz ekidin daitezkeela, eta horretarako borondate politikoa baino ez dela behar garraiolarien lan-eskubideak bermatzeko eta errespetatzeko neurriak jartzeko. Jakina, horrek erakunde publiko eta enpresa guztien inplikazioa eskatzen du.

Prekaritatea bukatu behar da. Patronalaren inpunitatea bukatu behar da. Eta erakundeek ezin dute beste aldera begiratzen jarraitu, bestela gertatutakoaren eta gertatuko denaren konplize izanen baitira.

Nafarroa Garaiko aurtengo datu lazgarriei dagokienez, aipatu behar da dagoeneko zortzi langile hil direla lanean, lan istripuz edo laneko bidean, eta zortzi horietatik seik errepidearekin izan dutela zerikusia (3 garraiolari, 2 in itinere eta 1 in mision). Hain zuzen ere, apirilaren 25ean, ortzegunarekin, LAB, CGT, Steilas, ESK, EHNE eta Hiru sindikatuok osatzen dugun intersindikalak protesta ekintza bat eginen du Iruñean, garraiolarien eta errepideetako istripuen datu latz horiek salatzeko, baita gaurko heriotza salatzeko ere, noski. 11:30ean izanen da, Gazteluko plazan.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK eta USO sindikatuek Enplegu Zentro Berezien EAEko lehen lan hitzarmena exijitzeko elkarretaratzera deitu dute apirilaren 28an

Apirilaren 28an Enplegu Zentro Berezien lehen lan hitzarmena negoziatzeko hirugarren mahai negoziatzailea izango da Bilbon. Sindikatuek, bileraren harira, elkarretaratzera deitu dute, patronalak orain arte izandako jarrera salatzeko eta asteleheneko mahai negoziatzailean aurrera pausoak egoteko. 12:45ean izango da elkarretaratzea, Bilbon, Lan Harremanen Kontseiluaren aurrean.

LABek LEP partzialaren eta behin-behinekotasuna murriztearen aldeko botoa eman du Nafarroako Mahai Orokorrean

Euskararen eta Europar Batasuneko hizkuntzen ezagutza zein lanpostutan baloratuko den jasotzen duen plantillaren aldaketa, ordea, aurrera atera da, bertan zeuden sindikatuetako bakar baten babesik gabe.

[IRITZIA] Sindikalismo feminista internazionalista: Rana plaza gogoan

Jarraian irakur dezakezue Amanda Verrone Nazioarteko Idazkaritzako kidearen eta Elixabete Etxeberria eta Maddi Isasi Idazkaritza Feministako kideen artikulua.