2024-12-19
HomeEkintza PolitikoaAzaroaren 12 eta 19an kaleak betetzeko deia egin dugu

Azaroaren 12 eta 19an kaleak betetzeko deia egin dugu

Azken hamarkadetatik hona inposatzen ari diren politika neoliberalek, langileen prekarizazioa eta pobretzea, zerbitzu publikoen eta pentsio publikoen ahultzea, zaintza negozio bilakatu eta zaintza sistema publikoa garatzeko borondate falta edota krisi ekologikoari erantzun egokirik ez ematea ekarri dute. Krisi ekosozial larria sortuz. Prezioen garestitzeak eta langileon eros ahalmenaren galerak egoera gordindu egin dutelarik.

Egoerak errotiko aldaketak eskatzen ditu, euren artean, politika publikoen norabide aldaketa. Horrela, trantsizio ekosozialista eta feminista gauzatu eta ondasuna banatzeko neurriak aurkeztu ditu LABek, hala nola; enplegua zaintza lanak eta ondasuna banatzeko neurriak; zerbitzu publikoak, pentsioak eta oinarrizko eskubideak indartzearen ingurukoak; krisi ekologikoari aterabide egokia ematera bideratutakoak eta erabaki ahalmena eta demokratizazioa bultzatzekoak. Aldaketa horiek kalean borrokatzen ari gara. Langileen aldeko lorpenak eskuratzeko, politikak behartzeko eta bizitza erdigunean jarriko duen eredu ekonomiko eta sozial berri baterako, eraldaketa soziala eta aldaketa politikoak bultzatzeko ezinbestekoa da mobilizazio soziala.

Egun, hainbat borroka sindikal daude martxan aberastasunaren banaketaren alde, emakumeon lanari dagokion balioa aitortzearen alde edota zaintza eredu berri baten alde. Borroka horiei esker, akordio duinak erdietsi dira hainbat tokitan.

Ezkerreko independentistok baditugu egoera eraldatzeko proposamenak. Eragile bakoitzaren ikuspegi eta ildo propioa aintzat hartuta, Euskal Herriko esparru sindikalaren, sozialaren eta politikoaren artean sinergiak elikatzen jarraitzea eta ortzimuga komun bat irudikatzea dagokigu eta Euskal Herrian trantsizio ekosozialista eta feminista baterako, aberastasunaren banaketarako eta burujabetzaren aldeko ibilbide partekatu bat sustatzea beharrezkoa da.

Aste honetan eta hurrengoan bi hitzordu garrantzitsu ditugu horretarako. Horrela, azaroaren 12an, 17:30ean Bilboko La Casillatik abiatuko den manifestazio nazionala egingo du EH Bilduk, “Euskal olatua: geldiezina” lemarekin eta azaroaren 19an, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak manifestazioak deitu ditu Hego Euskal Herriko hiriburuetan, “Pobretzeari stop! Bizi-baldintza duinak eta prezioen kontrola, orain!” lemarekin (12:00etan Gasteizko Artiumetik eta 17:30ean Donostiako Alderdi Ederretik, Bilboko Jesusen Bihotzetik eta Iruñeko Baluartetik). LABek dei egiten dio bere afiliaziora bi mobilizazioetan parte hartzera. Eraldaketa sozial eta aldaketa politikoaren aldeko indarrak bildu eta kaleak hartzera goaz.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAJk EITB bere alderdi interesen mesedetan erabiltzeko duen asmoa salatu nahi dugu

LABek gogor salatu nahi du EAJk, beste behin ere, EITB bere alderdi interesetarako erabiltzeko erakutsitako asmoa, eta, oraingoan gainera, batere lotsarik gabe eta inpunitate osoz, publikoki adierazi izana.

B&B Trends-ena da Gasteizko SDA Factory-ren itxieraren errua

Zuzendaritzak SDA Factory ixteko erabakia hartu du, lehengo Gasteizko BSH. Ia 50 urtetako historia duen enpresa honek Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientean (ABEEE) pasatu ditu azken lau urteak.

Asteasuko Siemens Gamesako ABEEEaren eragina murriztu eta enplegua defendatzeko neurriak lortu ditugu

Hasteko, salatu nahi dugu enpresak negoziaketa talde mailan egin nahi izan duela, Asteasuko langileen ordezkaritza disolbatua eta eragin mugatuarekin zeogoen mahai negoziatzaile bat inposatuz. ABEEE luze eta gogorra nahi zuen enpresak langileentzat eta egoera honen aurrean, markoaren salaketaz gain, neurriaren eragina ahalik eta gehien murrizten saiatu da LAB.