Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak eta TTIP/CETA EZ kanpainak azaroaren 5ean TTIP eta CETA hitzarmenen aurka antolatu duten mobilizazio eguna aurkeztu dute Iruñean. ‘Herriek erabaki. Defendamos nuestra tierra y nuestros derechos’ leloarekin bi ekimen herritar hauek dei egiten diete herritarrei kalera atera eta merkataritza librea bultzatu nahi duen hitzarmenen aurka mobilizatzeko. Mobilizazioak Hego Euskal Herriko hiriburuetan izango dira.
Bi ekimen hauen ordezkariek azpimarratu dutenez, ezinbestekoa da gisa honetako nazioarteko merkataritza itunak baztertzea, euren helburu bakarra finantza kapitala eta multinazionalak babestea delako, beti ere ingurugiroaren, pertsonen eskubideen eta herrien kaltetan. Gainera, gure lurra eta eskubideak defendatzeko aldarria luzatu dute.
Azaroaren 5eko mobilizazio eguna zabaldu asmoz, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak eta TTIP/CETA EZ kanpainak hainbat asanblada ireki deitu dituzte datozen egunetarako.
GASTEIZ : Urriak 10. 19:00, ELAko egoitzan.
BILBO: Urriak 11. 18:00, Boluntan.
IRUÑEA: Urriak 13. 19:30, Auzoenea lokalean.
DONOSTIA: Urriak 13. Gobernuz Kanpoko Erakundeen egoitzan.