2025-03-15
HomeIdazkaritzakIdazkaritza FeministaLantokietan ere autodefentsa feminista!

Lantokietan ere autodefentsa feminista!

Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunerako, astelehenerako, elkarretaratzeak deitu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan dauden Lan Ikuskaritzetan, "Saretu, elkartu, salatu eta borrokatu. Lantokietan autodefentsa feminista" leloarekin. Azaroaren 25eko mobilizazioak 12:00etan izango dira Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Iruñean.

Hilero, astero, egunero amorru berdina. Egunero, astero, hilabetero itotzen gaituen ezinegon berdina. Lankidea, laguna, auzokidea, istorio berdinak, egoera berdinak, behin eta berriz errepikatzen den emakumeenganako* indarkeria eta jazarpena, espazio eta modu anitzetan. Begirada morboso eta mingarriak, botere harreman ikusezinak, soldata arrakala, baimen gabeko ukituak, korresponsabilitate eta kontziliazio neurri faltsuak, emakumeen* inguruko txisteak, paternalismoa, bortxaketak, prekarietatea, lan baldintza penagarriak, inposatutako zaintza lan karga bikoitzak eta hirukoitzak, gure lana gutxiestea,….

Egoera hauek gutxitan salatzen dira, gehienetan botere harremanek eragin zuzena daukate salaketa kopuru murritz horretan. Emakume* langileok salatzeko beldur gara, gure lanpostua galdu dezakegulako, zalantzan jarriko dutelako bizitako jazarpena. Lantokietan babes falta igartzen dugu, jazarpenari aurre egiteko ez dago ez mediorik ez borondaterik.

Lan zentro askok ez dute sexu jazarpenen aurkako protokolorik, eta dituztenak ez dira errealak, ez aplikagarriak. Urteak aurrera joan ahala argiago eta garbiago ikusten dugu protokoloek ez dutela bermerik, areago, langileen artean ez dira protokoloak ezagutzera ematen.

Gizarte heteropatriarkal honi lantokietan aurre egiteko tresna bat izan behar lukeena paper huts bilakatzen da, patronalaren interes ekonomiko eta aurpegi zuritzearen mesedetan. Lantokietan, kalean bezala, gertatzen zaiguna salatzen dugun bakoitzean gure hitza, gure ezinegona, gure errelatoa, guri gertatutakoa zalantzan jartzen da, eta erasotuak gu izanik ere, geure buruak justifikatzen bukatu behar izaten dugu. Horrek, lagundu beharrean, zaildu egiten digu erabat indarkeriarekin bukatzeko egin dezakegun edozein ahalegin.

Jazarpena zer den eta gugan nola eragiten duen jabetu gara emakumeok*, jazarpen sexuala identifikatzen ikasi dugu, irmoki eta zorrotz ekin behar diogu egunero lantokietan beste emakumeekin* babes sareak sortuz. Lantokietan autodefentsa feminista gure eredu eta jarraibide izan behar du. Emakumeak* saretuko gara, bazterretatik erdigunera, erresistentzia harresiak eraikiz, gure artean indartuz eta zainduz. Gure lantokietan borrokatzeko asko dugu, aldarrikatzeko asko dugu, batez ere asko dugu irabazteko.

Gizonok: lagun, afiliatu, lankide, delegatu gizonok, zuek ere erantzule zarete. Zuek ere konplize zarete. Zuen jarreren eta jokabideen arduradun zarete. Ez gehiago begiratu beste aldera, aurre egin bustitzen eta zeharkatzen zaituzten matxismo eta jarrera sexistei.

Emakumeok sistema heteropatriarkala kapitalista aspaldi jarri dugu auzitan, askotan ausardiaz hortzak erakutsi dizkiogu, altxatu egin gara, heteropatriarkatuaren arauekin konfrontatu dugu, eredu disidenteak erdigunean dantzan jarri ditugu, eta zuek? Noiz arte izango zarete konplize? Zuen konplizitatearekin apurtu, zuen maskulinitatea deseraiki. Lantokiak emakumeentzako* jazarpenik gabeko espazio askeak izan arte emakumeok* ez dugu etsiko. Gizonok borroka honetan non kokatuko zarete?

Emakumeok* argi daukagu, lantokietan autodefentsa feministara joko dugu eta ekintza sindikalarekin erasoei erantzungo diegu. Kontatzen ez dena ez da existitzen, horregatik guk gogor eta ozen oihukatuko dugu lantokietako pareta guztiak astinduz. Jazarpen eta erasoen aurrean ez gara isilduko, haserre gaude, eta amorru hori antolatuko dugu, saretuko dugu, eta erantzule guztiak seinalatuko ditugu. Enpresei gogorarazi nahi diegu ere, haien arduragabetasuna eta demagogia alde batera uzteko eta behingoz protokolo errealak enpresetan martxan jartzeko garaia dela.

GORA EMAKUME LANGILEON BORROKA!

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Confebasken jarrera harroputz eta esplotatzailearen aurrean mobilizatzera joko du gehiengo sindikalak

ELA, LAB, ESK, STEILAS, ETXALDE eta HIRU sindikatuok apirilaren 3an mobilizatuko gara, eta deia egiten dugu apirilaren 5ean pentsiodunen mugimenduak gutxieneko pentsio eta soldata duinen alde deituriko mobilizazioetan parte hartze hartzera.

Eusko Jaurlaritzak autoritarismoa alde batera utzi eta bere ardurapean dauden 100.000 pertsonen lan baldintzak hobetu behar ditu

ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek elkarretaratzea deitu dute martxoaren 18rako, Eusko Jaurlaritzari sektore publikoko langileen aldarrikapenak aintzat har ditzala eskatzeko. Egun horretan bertan...

LABek salatzen du EEEren negoziazioan argi geratu dela Guardianek duela asko zuela programatua lantegiaren itxiera

LABetik gure erabateko gaitzespena adierazi nahi diogu Guardianek aurkeztutako kaleratze kolektiborako espedienteari. Erabaki honek 171 lanposturen suntsiketa eta eskualdeko enpresa enblematikoenetako bat ixtea ekarriko du. Ez ditugu onartzen enpresak neurri drastiko hau justifikatzeko emandako arrazoiak, ez baititu behar bezala frogatu. Are gehiago, EEE aurkezteko aipatzen dituzten arrazoiak multinazionalak berak eragindakoak dira.