Nafarroako Gobernuko Politika Ekonomikoko Zuzendari Orokor Izaskun Goñik 173E/2017 Erresoluzioa onartu berri du, irabazi asmorik gabeko erakundeek lan arriskuen arloan egitasmoak egin ditzaten 850.000 euroko diru laguntza deialdia eginez. LABen iritziz, aipatutako erresoluzioaren bidez, Manu Ayerdik zuzendatutako Sailak UPN garaiko prebentzio eredua berreskuratu nahi du, hau da, UGT eta CCOOen lan osasuneko egiturak finantzatzea beste helbururik ez dauka. LABek Uxue Barkosek zuzendutako Gobernuari eskatzen dio aipatutako Erresoluzioa bertan behera utzi eta 850.000 euroko partidaren kudeaketa osoa Lan Osasuneko Nafarroako Zerbitzuaren esku utzi dezan.
LABeko ordezkari Igor Arroyok eta Imanol Karrerak agerraldia egin dute gaur, Iruñean, eta sindikatuak ateratako ondorioak azaldu dituzte.
Hain zuzen ere, UPN Gobernuan zenean, enpresei begirako hainbat prebentzio eginbehar azpikontratatzen ziren, CEN, UGT eta CCOOri urtero kasik 2 milioi euro emanez. Prestakuntzaren arloan bezala, Garapen Ekonomikorako Sailak hitzarmen bana egiten zuen aipatu eragileekin, nagusiki enpresa txikietan prebentzio lanak egin zitzaten. LAB oso kritikoa izan da eta bada eredu horrekin, honako lau arrazoi hauengatik:
1.Nafarroako Gobernuaren eskumenekiko utzikeria ulertezina suposatzen du. Gobernuak izan badu Lan Osasuneko Zerbitzu on bat eta egin beharko lukeena bertan inbertitzea da, lanpostu publikoak sortuz.
2. Hauteskundeetan lehiatzen diren eragileak, alderdi politikoak eta sindikatuak kasu, ez dira zerbitzu publikoak kudeatzeko egokiak, aipatutako zerbitzuak ematerakoan zuzenean edo zeharka promozio korporatiboa egiten dutelako. LAB ados dago sindikatu bakoitzeko prebentzio ordezkarien prestakuntza finantzatzearekin, baina enpresetan prebentzioaren jarraipena eta sustapena zuzenean Lan Osasuneko Nafarroako Zerbitzutik egin behar da.
3. Lan osasuneko jarduera azpikontratatuen ebaluaziorik ez da sekulan egin. Ez dago horiek eraginkortasuna frogatzen duen inongo daturik. Azken aldian, UGT eta CCOOk esan dute 2016an egondako lan istripuen hazkundearen kausa aipatutako programa azpikontratuen desagerpenean datzala. Alabaina, krisi ekonomikoaren urteetan izan ezik, gainontzeko urteetan lan istripuen kopurua berdin altua izan da, aipatutako programak martxan egon arren.
4. Nafarroan argitaratu diren azken informazioen arabera, UGT eta CCOOk bere antolakuntza eta ekintza sindikaleko egiturak ustez finantzatu zituzten prestakuntza eta bestelako zerbitzuetara bideratu beharko litzatekeen diru publikoaren bidez.
Nafarroako Gobernuak jarrera ezegonkorra izaten ari da afera garrantzitsu honetan. 2016An azpikontratatutako programak ezabatu zituen egun batetik bestera, Nafarroako Lan Osasuneko Zerbitzuan inbertsio esanguratsurik egin gabe.
UGT eta CCOOen presioen ondotik, 2017ko aurrekontuen egitasmoan "Proyectos de prevención de riesgos laborales" izeneko 1.100.000 euroko partida bat azaldu zen. Partida horrekin UGT eta CCOOren eskakizunen aurrean amore ematen ari zelakoan, hainbat eragilek kontrako jarrera azaldu genuen. Azkenik, Gobernua sostengatzen duten lau alderdiek 250.000 euro zuzenean Nafarroako Lan Osasuneko Zerbitzura bideratzea erabaki zuten, aipatutakl partida 850.000 eurotara murriztuz.
Duela aste batzuk, atxikitutako zirkularraren berri izan zuen LABek. Bertan, UGTko Federazio batek Nafarroako Gobernuaren dirua eskuratzeko konfiantza azaltzen du, Lan Osasuneko egitura korporatiboa finantzatzeko: “En relación a los Programas-Convenios de Salud Laboral, de momento no tenemos asignado ninguno y se espera para el mes de febrero, poder disponer de una estructura mínima de asesoramiento a través de un Convenio que se espera obtener con el Gobierno”
Martxoaren 2an, Politika Ekonomikoko Zuzendari Orokor Izaskun Goñik erresoluzio bat onartzen du, lan arriskuen prebentziorako 850.000 euroko diru-laguntza deialdia eginez. Jardueren zati bat finantzatzea planteatze da, %100era iritsi daitekeena, eta elkarte bakoitzak 70.000 euro jaso ahal izango du bakarka aurkezten bada eta beste 80.000 euro beste elkarte batekin baldin badoa. Alegia, UGT eta CCOOk, bakoitzak, 150.000 euroko diru-laguntza jaso ahal izango dute. Baina gainera, UGT eta CCOOeko Federazio bakoitzak bere nortasun juridiko propioa daukanez, Federazio ezberdinek egitasmoak aurkeztu ditzakete, sindikatu bakoitzeko jasoko litzatekeen kopurua handituz.
Argi dago UGT eta CCOO deialdiaren jakitun zirela eta kopuru esanguratsu bat eskuratzeko ziurtasuna ere bazutela, aipatutako Zirkularrak frogatzen duen bezala. Hainbesteko segurtasuna zuten, ezen lan osasuneko egitura Gobernuarekin egingo litzatekeen “Convenio” edo hitzarmen baten bidez finantzatzeaz mintzo baita Zirkularraren egilea, abenduan aurrekontuak onartu zirenetik hitzarmenak ez baizik diru-laguntza deialdi irekia egingo zela jakin arren. Alegia, deialdia tramite hutsa da Zirkularraren egilearentzat eta horregatik erabiltzen du “Hitzarmen” hitza.
Deialdiko beste ezaugarri batzuk UGT eta CCOOen aukerak indartzen dituzte. Esaterako, 20 eguneko epea ematen da egitasmoak aurkezteko, eta horrek aurretik egitasmoak prest zituzten horiei mesede egiten die; UGTren Zirkularren azaltzen den bezala, urtarrilaren 5etik ari ziren prestatzen, gutxienez. Bestetik, azken “hiru urteetako batean” (2014, 2015 eta 2016) lan osasuneko antzeko egitasmoak egin izana da deialdiaren beste irizpide bat; UGT eta CCOOek ez zuten 2016an egiterik izan, diru-laguntzarik egon ez zelako, baina bai beste bi urteetan, UPNren Gobernuarekin.
Larria da, halaber, diru-laguntzen deialdi hau Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua bazter utzita egin izana. 850.000 euro banatu nahi dira, azkar batean eta zuzenean Garapen Ekonomikoko Sailetik, lan arriskuen kontrako borrokaren lidergoa dagokion Lan Osasuneko Zerbitzua bigarren mailan utzita. Honako salaketa hau argitaratu ondotik, ziurrenik Gobernuak esango du Lan Osasuneko Zerbitzuko teknikoek parte hratuko dutela deialdiaren erresoluzioan. Hala balitz ere, gure salaketaren funtsa ez litzateke aldatuko: Garapen Ekonomikoko Saila lan osasuneko diru-laguntza bat kudeatzen ari da, ustez UGT eta CCOO finantzatzeko helburuaz.
Horregatik guztiagatik, LABek Uxue Barkosek zuzendutako Gobernuari eskatzen dio aipatutako Erresoluzioa bertan behera utzi eta 850.000 euroko partidaren kudeaketa osoa Lan Osasuneko Nafarroako Zerbitzuaren esku utzi dezan.