2024-12-22
HomeIdazkaritzakIdazkaritza FeministaAuzitegi Konstituzionalaren epaiaren aurretik aitortutako jubilazio pentsioen berrikuspena exijitu dugu, lanaldi partzialean...

Auzitegi Konstituzionalaren epaiaren aurretik aitortutako jubilazio pentsioen berrikuspena exijitu dugu, lanaldi partzialean aritutako milaka emakumeren diskriminazioa saihesteko

Lanaldi partzialean aritutako hainbat emakumek salaketa jarri dute Gizarte Segurantzan, dagokien jubilazioa jasotzeko. LAB sindikatuko Idazkaritza Feministako ordezkariek babesa erakutsi diete, eta Auzitegi Konstituzionalaren epaiaren aurretik aitortutako jubilazio pentsioen berrikuspena exijitu dute, lanaldi partzialean aritutako milaka emakume langileren diskriminazioa saihesteko. Hain zuzen ere, Idazkaritza Feministako kide Zaloa Ibeasek agerraldia egin du Gizarte Segurantzaren Bilboko egoitzaren atarian, lanaldi partziala oso orokortuta dagoen sektoretako hainbat emakume jubilatuk lagunduta.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak inkonstituzionaltzat eta baliogabetzat jo du lanaldi partzialean lan egiten duten langileen jubilazioaren kalkulua, genero arrazoiengatik berdintasunik eza eragiten duelako; hots, emakume izateagatik diskriminatzen duelako.

Epaiak onartzen du lanaldi partzialeko langileei murrizketa bikoitza aplikatzen zaiela jubilazioa hartzeko orduan, larriki kaltetuz: alde batetik, oinarri erregulatzailearen murrizketa aplikatzen zaie (lanaldi partzialean egoteagatik); eta, beste aldetik, kotizazio epearen murrizketa aplikatzen zaie.

Inkonstituzionaltzat hartutako kalkulu ariketarekin, ez dute aintzat hartu Gizarte Segurantzan egondako alta epe osoa, soilik kotizatutako egunak baizik, eta ondoren bigarren murrizketa bat ezarri dute partzialitatearen koefizientea aplikatzeko orduan.

Horrenbestez, lanaldi partzialean aritzen den langile baten kotizazio epea ez dator bat materialki kotizatutako hilabete eta urteekin.

Gizarte Segurantzak adierazi du Legea erreformatu behar dela Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ezarritako epaira egokitzeko. Hori gertatu bitartean, honako irizpideak aplikatuko dituela iragarri du:

-Bakarrik hartuko du aintzat lanaldi partzialeko langileen jubilazio pentsioen kalkulua, ezgaitasunengatik jasotzen diren pentsioak ere kontutan hartu beharko lituzkenean. Irizpide hau, beraz, ez doa norabide egokian.

-Partzialitatearen koefizientea ez dute aplikatuko; hau da, ez dute murrizketa bikoitza aplikatuko. Erabaki zuzena da hau.

-Irizpide berria bakarrik hartuko dute kontutan 2019ko abuztuaren 12tik aurreragoko jubilazioekin (epaiaren publikazio datatik aurrera) eta data horretara arte bideratzen ari ziren jubilazioekin. Hortaz, ez dizkiete irizpide berria aplikatuko epaiaren aurretik jubilatutako lanaldi partzialeko langileei. Erabaki honek ez du ez hanka, ezta bururik ere.

Gauzak honela, lanaldi partzialeko langileen eskubideei dagokienez, Gizarte Segurantza arloko Espainiako Estatuko legedia zuzendu beharra dagoela onartu dute behingoz, erabateko genero diskriminazioa ekartzen zuelako. Honela gauzak, Gizarte Segurantzako Estatuko Legediak milaka emakume diskriminatu dituela baiezta daiteke. Zuzenketa egitea planteatu dute orain, baina ez Estatuko botere politikoek eta erakundeek horretarako borondatea erakutsi dutelako, Europako auzitegiek aurretik hartutako epaiek Estatuko auzitegiak behartu dituztelako baizik, aipatutako genero diskriminazioa dagoela erakusten duten epaiak hartzera.

Hau guztia gutxi balitz, irizpide berria epaiaren ondoren jubilatuko direnei soilik aplikatuko zaiela jakinarazteko ez dute inongo lotsarik izan, milaka langile zigortuz, milaka langileri legedi diskriminatzaile baten arabera egin baitiete pentsioen kalkulua. Langile hauek guztiek eskubide osoa dute aitortuta dituzten jubilazio prestazioen berrikuspena egin diezaieten, hemendik aurrera diskriminatzaile ez den kalkulu baten bitartez dagokiena jaso dezaten.

LAB sindikatutik, aldez aurretik aitortutako jubilazio pentsioen berrikuspen eskaera bultzatuko dugu, hauek ere irizpide berriaren onurak jaso ditzaten Espainiako Auzitegi Konstituzionalak epaia argitaratu zuen egunetik aurrera. Era berean, gauza bera eskatuko dugu ezgaitasunen ondorioz aitortutako pentsioei dagokienez.

Argi geratu da, berriro, Euskal Herrian Babes Sozialerako Marko propio bat behar dugula, erabateko eskumenekin, herri honetako langileen eskubideak bermatu ahal izateko, elkartasun, berdintasun eta diskriminazio ezaren printzipioak oinarri.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...