Odolusteak ez du etenik. Larunbatean behargin bat hil zen Derion, altueratik erorita. Konpontzen ari zen teilatutik erori zen. Aurten, gutxienez 40 langile langile hil dira lanean Euskal Herrian, horietatik 5, abuztuan. Honen aurrean, gehiengo sindikalarekin aterako gara kalera abuztuaren 24an, 12:00etan, Bilboko Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean (Gran Via, 85).
Lehenik eta behin, LAB sindikatutik gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi diegu hildako langilearen familia eta gertukoei. Zoritxarrez, gaur gertatutakoa ez da berria. Aurten lau langile hil dira altueratik erorita. Segurtasun neurriak hartuz ekidin daitezkeen istripuak dira, baina, zoritxarrez, errealitateak erakusten digu ez dituztela segurtasun neurriak hartzen honelako istripuak berriro gerta ez daitezen. Antza, administrazio publikoen arduradunek ez dakite hau. Non daude administrazioko arduradunak eta Jaurlaritza? Zein aldaketa egin eta zein pauso emateko prest daude egoera honi buelta emateko? Lakuako Gobernua prest al dago agenda politikoan lan istripuen arazo larria eta egiturazkoa behingoz kokatzeko? Edo beste aldera begiratzen jarraituko du?
Zeintzuk dira Elkarrizketa Sozialeko Mahaiaren emaitzak? 2010. urtean “Lotu” programa martxan jarri zuten martxan, goitik beherako erorketen prebentziorako, eta hau da emaitza? Pasa den urtean Behatokia jarri zuten martxan, eta zeintzuk dira emaitzak? Bakarrik dirua banatzea eta antzerkia: badirudi zer edo zer egiten dutela, baina praktikan ez dute ezer egiten. Hori ez da bidea.
Argi daukagu lan istripuak ez direla zoriak edo kasualitateak sortuak, ematen diren lan harremanen, prekarizazioaren, lan arautegiaren eta, azpikontratazioaren emaitza dira. Administrazio publikoei exigitzen diegu istripua ikertzea, arduradunak seinalatzea eta ordaindu dezatela.
LAB sindikatutik argi dugu. Bizitza eta lan duinak behar ditugu, lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu. Zentzu honetan, norbanakoena, familiena eta jendarte osoarena den gaitz honekin bukatzeko bide bakarra borroka eta antolakuntza dira, lan harremanen eta joko arauen aldaketatik etorriko da aldaketa. Eredu berri bat gauzatu behar dugu, langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko dituena.
LAB sindikatutik lanean eta borrokan jarraituko dugu langileon eskubide, segurtasun eta osasunaren alde. Dei egiten diogu langile klaseari eta herritarrei, abuztuaren 24an, asteartea, 12:00etan, Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren aurrean (Gran Via, 85) gehiengo sindikalak deitutako elkarretaratzean parte hartzera.