2024-12-22
HomeEkintza SozialaAurrekontu burujabe, sozial eta parte hartzaileen aldeko apustua berretsi dugu Nafarroan

Aurrekontu burujabe, sozial eta parte hartzaileen aldeko apustua berretsi dugu Nafarroan

LABek Nafarroako 2018rako aurrekontu proiektuaren irakurketa kritikoa egin du, ez dituztelako nafarren aldaketa politiko eta sozialerako nahiak asebetetzen. Aurrekontu hauek ez dira iristen gizarteak eta langileok nahi dugun aldaketa sozial eta politikoaren mailara; ez dira parte-hartzaileak, gizarteak eta langileek ez baitugu aukerarik izan benetako ekarpenak egiteko eta nahi ditugun aurrekontuen gainean erabakitzeko; eta Madrilek eta neoliberalismoak ezartzen dituzten mugak errespetatzen eta onartzen dituzte, eta, beraz, ez dira aurrekontu burujabeak. Agerraldi bat egin dugu gaur Iruñean, irakurketa honen guztiaren berri emateko.

Uxue Barkosen Nafarroako Gobernuak aurkeztutako 2018rako aurrekontuen aurreproiektuak, berriro ere, Nafarroako gizarteak eta eragileok borrokatu dugun aldaketa politiko eta sozialaren mailara iristen ez diren aurrekontuak uzten gaitu.

Horrela, aurrekontuen bitartez, politika publikoak garatzeko eta aldaketa politiko eta sozialean sakontzeko Nafarroako Gobernuaren borondate eza agerian geratzen da.

Hori dela eta, politika publikoen ereduaren aldaketari dagokionez, LAB sindikatutik bi muga ezberdin ikusten ditugu.

Alde batetik, Madriletik Espainiako gobernuaren eskutik, UPN-PSN Erregimenaren laguntzarekin ezartzen diren mugak (Hitzarmen Ekonomikoaren blokeoak aipamen berezia berezi bat behar du, urtero nafarrentzat 100-200 euro milioi suposatzen duelako), eta beste alde batetik, Nafarroatik Geroa Baiko Gobernua bera, Garapen Ekonomikorako Lehendakari ordea den Aierdi jaunaren eskutik, garatzen ari den politika batzuen ondorioz sortzen diren mugak.

1. Madriletik ezartzen diren arauak (mugak) errespetatzen eta onartzen dira
Aurrekontu hauek, Madriletik ezarritako defizit-aren helburua, gastu maila, eta zorpetzearen mugak errespetatzen dituzte. Honen ondorioz, neoliberalismoaren printzipio eta muga hauek errespetatzen dituzten aurrekontuak egoera iraultzeko ez dira inoiz baliagarriak izango.

Nafarroako gobernuak desobedientziarik ez duela egingo bistakoa da, beste gauza da bere burua aldaketaren gobernutzat duenak printzipio hauek kritikatu gabe egitea aurrekontuak. Arazoa ez da errespetatzen dituela, arazoa da bereak egiten dituela eta gobernuaren jardunbidearen oinarri bihurtzen dituela.

2. Aldaketaren gobernuak ez du gastu sozialaren pisuan sakoneko aldaketarik ekarri. EZ du esku hartze publikoan sakoneko aldaketarik bultzatu
2010n jo zuen goia gastu sozialak, aurten da kopuru hori berriro gainditzen den aurreneko aldia. 2010ean 2.312,7 milioi izan ziren gastu sozialera joan zirenak, 2018an 2.320,7 joango dira.

Horrela da kopuruak parekatzen baditugu, baina gastu sozialaren pisua txikiagoa izaten jarraitzen du 2010arekin alderatzen badugu. Orduan BPGaren %12,5 zioan gastu sozialera, orain %11,2. Orduko pisua parekatzeko 266,6 milioi gehiago sartu beharko lirateke gastu sozialean.

Gastu sozialak gastu osoan duen pisua jaitsi egin da ere, 2010ean gastatzen den guztiaren %58,1 atal sozialean gastatzen zen. Orain %55,8a da.

Laukotearen gobernuaren bilakaerari begiratzen badiogu egia da gastu soziala indartu egin dutela urtez urte, baina pasa den urtearekin alderatuz 58,3 milioiko igoeraz ari gara. EZ dago jauzi nabarmenik, EZ dago politikak aldatu direla esateko (aurrekontu politika) arrazoirik.

Izan ere, aurrekontu hauekin laukotearen gobernuak ez ditu politika publikoak indartu, ez du sektore publikoaren esku hartzea hobetu. Zorra ordaintzera doan dirua kentzen badugu, gastuaren pisua gutxitu egin da BPGarekin alderatuz. 2010 BPGaren %20,7 zen politika publikoetara zuzentzen zen gastua; 2018an %18,5 izango da. Pasa den urtean %18,8 zen. UPNrekin %18,6 zen. Gora beherak txikiak dira, EZ dago sakoneko aldaketarik, ez dago benetako aldaketarik.

Gastu sozialaren igoera ez da %3ra iristen, izaera ekonomikoa duten jardueretan sartuko duten dirua %7,9 igotzen da. Beraz, datu honek harritzen gaitu, eremu pribatura doan diru publikoa %7,9 handitu dela suposatu daitekeelako, politika sozialetara doan dirua %2,6 igo den bitartean.

3. Politika publikoak indartzeko diru sarrerak handitu egin behar dira eta horretan ez dago aldaketa handirik
LABetik gastu maila igotzeko eskatzen dugu, gastu sozialerako diru gehiago gordetzea nahi dugu. Baina ez hori bakarrik, garapen eredua zuzentzeko eta ekonomikoa sektore publikoaren ekimenez indartzeko politika publikoak behar ditugu. Gaur egun ezin da zorpetzearen bidez egin (eztabaidagarria da bide hori zuzena den edo ez), baina argi dago aurrekontuak hobetu daitezkeela diru sarrerak handitzen badira.

Nafar gobernuak erreforma fiskala egin zuen orain urte bete. Hor zegoen diru sarrerak handitzeko aukera, aberastasuna banatuz justizia soziala indartzeko aukera. Aurrekontuak aztertuz esan dezakeguna da honetan KALE egin dutela.

Egia da diru sarrerak handitzen direla, 132 milioi gehiago sartuko dituzte. Baina hauetatik bakarrik 6 milioi izan dira aldatu diren arauen ondorioz jasotakoak. Hau da, sarrerak igotzen dira bilakaera ekonomikoagatik eta ez erreforma fiskalagatik.

Erreformak ez du balio izan jauzi bat emateko diru sarreretan. Eta EZ du balio izan fiskalitatea justuagoa izateko Nafarroan, jasoko den horretan gehiena lan errentetatik etortzen direlako. Enpresa zerga bidez jasoko dena pasa den urtekoa baino gutxiago izango da.

4. Ez dira parte hartzaileak, ezta burujabeak ere
Formari dagokionez, berriro ere, Gobernutik prozedura parte hartzailea jarri ez izana erabat onartezina dela iruditzen zaigu. Herritarrok eta eragileok gure aurrekontuetan parte hatzeko eskubidea izan behar dugu.

Beti esaten dugun moduan, Nafarroan herritarron eskubideak eta beharrak ziurtatzeko aberastasun nahikoa dago, baina ikusita aurrekontu burujabe, sozial eta parte hartzaileak izateko ditugun mugak, ezinbestekoa da Nafarroako gizartearen erabakitzeko eskubidearen defentsa eta apustua. Nafarroak eta bere herritarrok, zilegitasun osoa dugu nahi ditugun aurrekontuak eta eredu ekonomiko eta soziala erabakitzeko, baita gure autogobernua eta estatus politikoa erabakitzeko ere.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...