Hainbat hilabetez negoziazio mahaian eztabaidatu ondoren, datozen hiru urteetarako aurreakordioa erdietsi dute LABeko ordezkariek Katea Legaia taldean.
Akordio historikoa da lortutakoa. Izan ere, urte bakoitzean KPItik gorako puntu erdiko igoerak bermatuko ditu datozen hiru urteetan, eta, horrez gain, LABek aspalditik mahai gainean jarritako beste hainbat hobekuntza ere jasota geratu dira; hala nola, txandakotasun plusa, prima finkatzeko bidea, pertsonen narriaduragatiko aldagaia bermatzea eta beste zenbait hobekuntza sozial.
Enplegu zentro berezietako hitzarmen onenetako bat da lortutakoa, eta, orain, bide horretan sakontzea izango da LABen erronka. Aniztasun funtzionala duten langileen lan baldintzak hobetzeaz gain, borroka hau sektoreko enpresa desberdinekin sareak osatzean oinarritzen da. Horrenbestez, bihartik aurrera ere borrokan jarraituko du LABek, gisa bereko hobekuntzak lortzeko.