Tolosako Asuncion Klinikako langileek zerbitzu publiko bat eskaintzen dute. Honenbestez, funtsezkotzat jotzen dute subrogazioaren bidez, eurak ere %100ean publikoa izango den zerbitzu horren parte izatea.
Jarraian irakurri dezakezue LAB eta ELAk osatzen duten enpresa-batzordearen oharra:
Tolosako Asunción Klinikako Enpresa-Batzordeko LAB eta ELAko ordezkariak gara eta lanbide askotarikoak dituzten langileen ordezkariak: erizainak, laguntzaileak, teknikariak, zeladoreak, sukaldariak, garbiketa eta abar.
Gogora ekarri behar dugu 1973tik aurrera Asuncion Klinikak hainbat hitzarmen sinatu zituela Ssasun Sailarekin; 2011n, Asunción Klinikaren eta Osakidetzaren arteko lehen kontzertua sinatu zen, 65.000 biztanletik gorako eskualdeari zerbitzua emanez eskualdeko erreferentziazko ospitale gisa, baina barneko kudeaketa pribatua izanik. Erabaki hori hartzearen zergatiak zeintzuk izan ziren guk ez dugu ezagutzen, Basurtuko Ospitaleak eta Debagoienak, Arrasaten, beste amaiera bat izan baitzuten, publifikatu egin ziren.
Erabaki haiei loturik mobilizazio sozialak burutu ziren, eta gu ere, beste hainbat eragile eta alderdi politiko batzuekin batera, bat etorri ginen hauen aldarrikapenekin. Langile eta erabiltzaile garenez, bat egiten dugu osasun zerbitzu publikoak izatearen helburuarekin, Euskal Herriko beste eskualdeetan bezala.
Tolosaldeko erreferentziazko ospitalea gara, eta emaitza onak lortzen ditugu eta gainerako ESIen artean nabarmentzen gara, nahiz eta gurea sasi “ESI” bat izan. Kudeaketa pribatua denez, ez ditugu gure lan berdina egiten duten langile publikoen lan-baldintza berberak eta gure ratioak okerragoak dira, eskakizunak gero eta handiagoak eta gure soldatak ez daude erreferentziazko gainerako ospitaleetakoen baldintza berberetan.
2019an, EAJk jakinarazi zuen ospitale berri eta publiko bat eraikiko zela Tolosaldean. Horretarako, premien plan funtzional bat jarri zuen abian, 2023an jendaurrean aurkeztu zena. Honek ez ditu inoiz jaso izan INVIZAko langileen eta enpresa batzordearen aldarrikapen sozialak.
Plan funtzional hau oso kamutsa da zerbitzuei dagokienez; adibidez, ez da inolako aipamenik egiten garbiketa eta sukalde-zerbitzuari buruz, ospitaleratzea dakarren kirurgia kirurgia beste ospitale batzuetara bideratuko da, larrialdi pediatrikorik ez dago, ezta obstetriziarik ere. Hori guztia erreferentziazko eskualdeko ospitale batetik oso urrun geratzen da.
Jakina, zerbitzu hori hainbeste urtetan eman duten langileekin gertatuko dena ere ez du aipatzen. Inork ez daki ezer, edo ez dakitela diote. Hori da gure kezka nagusia, inork ez (omen) dakiela gure etorkizuna zein izango den. Gardentasuna eskatzen dugu, garbi hitz egitea eta orain arteko iluntasun eta opazitatearekin amaitzea.
2024eko martxoan egin genuen prentsaurrekoan aldarrikatutakoarekin bat eginez eta Asuncion
Klinikaren etorkizuna jokoan dagoela ikusirik, honakoa adierazten dugu:
-Zerbitzu guztiak izango dituen klinika publikoa behar dugu, Tolosalderako kalitatezko osasun-arreta bermatzeko.
-%100ean publikoa izango den osasun arreta izango duen klinika ezinbestekoa zaigu.
-Asuncion klinikan lan egiten duten langileek subrogatuak izan behar dute.
Abenduaren 16an Eusko Legebiltzarreko osasun batzordean agerraldia egin genuen enpresa batzordeko kideok eta bertan dauden alderdi politikoei horixe bera eskatu genien, norabide horretan erabakiak har zitzatela eta bultza egin zezatela norabide horretan. Tolosaldean eskualdeko herritarren zerbitzura egongo den kalitatezko osasun arreta behar dugu. Eta Asuncion Klinikan dihardugun langileok, zerbitzu publiko bat eskaintzen gabiltzan heinean, garbi dugu langile publikoak izan behar genukeela.
Etorkizunean osasun arreta eskaintzen jarraituko dugunak geu gara eta honenbestez, funtsezkoa da subrogazioaren bidez, gu ere %100ean publikoa izango den zerbitzu horren parte izatea.