2024-11-20
HomeZerbitzu PublikoakZerbitzu SoziokomunitarioaAsistencial Villa de Beteluko langileek exijitzen dute lan eskubideak berreskuratzea, lan duina...

Asistencial Villa de Beteluko langileek exijitzen dute lan eskubideak berreskuratzea, lan duina izatea eta kalitatezko zerbitzu publikoak egotea

Gaur Betelun egin dugun agerraldiaren bitartez, jendarteari adierazi nahi diogu Asistencial Villa de Betelu egoitzan lan egiten duten langileek egoera larria pairatzen dutela. Hortaz, eta, era berean, Ama-Amavir taldeak gure zaharrei zaintza egokia bermatzen ez dien zerbitzuaz egiten duen kudeaketa salatu nahi dugu.

Hauxe da langileek kaleratutako adierazpena:

Beteluko egoitza enpresa burujabetzatzat eratua dago, Ama-Amavir taldeak %66an parte duena. Horren herena Beteluko udalarena da. Egoitzan, gaur egun, 40 barne-egoiliar daude, horietako 25 ohe kontzertatuak daude 2014ko martxoaz geroztik. Egun, 25 langile dihardute egoitzan kontratu ez-mugatu batez eta 7 behin-behineko kontratuez.

2013ko abuztuaren bataz geroztik Mariano Rajoyren gobernuak onartu zuen lan erreformaren ondorioak pairatzen ari gara. Ama-Avenir taldea, herri honetako udalaren konplizitateaz, alde bakarreko erabaki hartatik bereizi zen, eta Mendeko Pertsonen Zaintza eta Norberaren Autonomiaren Garapen Zerbitzuen Estatu mailako Hitzarmen Kolektiboa ezarri zigun. Honek ekarri du pertsona bakoitzak, batez beste, 4.500 € galdu dugula, eta soldatak 1000 € azpitik izatea. Ordurako gure soldatak kaskarrak baziren ere, murrizketa handia pairatu zuten, eta gaurko egunez, oraindik, Ama-Amavir taldeko enpresetan lan egiten duten gainerako langileek baino %13a gutxiago irabazten dugu. Gainera, 2013. urtean baino 100 ordu gehiagoz egiten dugu lan; 1692 lanordu izatetik, 1792 lanorduz lan egitera igaro gara. Beste hainbeste suertatzen da Ibañetako egoitzan, non hura ere, estatu mailako hitzarmenetik bereizi zen 2013. urtean.

Menpeko pertsonen zaintzarena lanbide gogorra da; zerbitzu publiko horrek ez luke inoiz negozio bilakatu behar. Gaurko baldintzetan, ezinezkoa da zerbitzu duina eskaintzea pertsonei; langileek ez diezaiokete eutsi gero eta atsekabegarria den egoera honi eta horren ondorioz, langileek gero eta denbora gutxiago eusten diote lanpostuari; enpresa ez da gai sortzen diren bajei aurre egiteko; behartuak gaude beste lankideen atsedenaldiaz txandak betetzera, hainbat langilek txandak bikoiztu behar izan dituzte amaiezinak diren lanaldietan; maiz erizaintzako eginkizunak bete behar izaten ditugu, erizaintzako eginkizunak betetzeko arazoak daudelako. Horrela, abar luze bat aipa genezake. Horrek adierazten digu, egungo lan baldintzetan, pertsonei eskaini behar zaien zaintza ez daitekeela inondik inora bermatu. Gainera, kontuan hartu behar da ere, pertsona horiek gero eta zaintza handiagoa behar dutela eta hauen menpekotasun maila handiagoa dela.

Egoera honi gehitu behar diogu Ama-Amavir taldeak agertu duen jarrera, langileekin eta hauen sindikatuko ordezkaritzarekin mintzatzera ukatzen baita langileen legezko ordezkaritzarekin dauden arazoez. Ama-Amavir taldeko beste langileekin alderatuta, gutxietsiak, ahaztuak eta baztertuak sentitzen gara.

Horren adibide garbia, enpresak duen egoera ekonomikoari buruzko informazioarekin suertatzen ari dena. Enpresak, naiz eta maiz haren jarrera arazo ekonomikoak argudiatuz zuritzen duen, legalki dagokigun informazio ekonomikoa ematera ukatzen da. Enpresak eman zizkigun azken balantzeak 2015. urtekoak dira, eta hartan adierazten zen egoitzari abiarazteko egin ziren inbertsioen “motxila”. Hala ere, urte hartako bilakaera positiboa izan zen, diru-sarrera eta gastuen arteko harremana zuzena izatera iritsi zela. Honi gehitu behar diogu, gaur egun, enpresak 25 ohe kontzertatuak dituela, eta horrek esan nahi du, kontzertuari eutsiko zaion bitartean eta okupatze edo betetze tasa %90ekoa izanik, sarrerak finkoak izanen direla.

Honengatik, salatu behar dugu ASISTENCIAL VILLA DE BETELU egoitzan bizi den egoeraren arduradun nagusia Ama-Amavir taldea dela, non ez den bermatzen egoiliarren zaintza zuzena eta pairatu behar izaten dugun lan baldintza kaskarren arduraduna den.

Egungo egoeran, neurri handi batean, ardura Beteluko udalari ere dagokio; horrengatik salatu nahi dugu gurekin agertzen duten geldotasuna; bakarrik gaudela sentitzen dugu eskualdean kalitateko zerbitzu publikoa eta enpleguak babesteko garaian.

Horrengatik, aditzera eman nahi dugu salaketa dinamikari ekingo diogula enplegu duinaren eta kalitateko zerbitzu publikoen defentsan nahasiak dauden eragile guztiei interpelatzeko. ASISTENCIAL VILLA DE BETELU antzeko egoitzek balio behar dute egoiliarrak duintasunez arduratzeko eta zaintzeko, ez ordea, negozio egiteko eta langileez baliatzeko.

Ama-Amavir taldeari eskatzen diogu langileen legezko ordezkaritzarekin lan baldintzak negozia ditzala, gutxienez, haren ondorioz taldeko eta sektoreko gainerako langileekin parekatu gaitezen.

Beteluko udalari eskatzen diogu, gai honetan, ezikusiarena egiteari utzi diezaiola eta Ama-Amavir taldea estutu dezala eskualdeko enpleguari nahiz eskualdeko zerbitzu publikoari eragiten dion gaia konpondu dezala.

Nafarroako gobernuari eskatzen diogu gai honetan nahas dadila buru-belarri eta ahal duen guztia egin dezala eskuartean daukagun arazoa konpon dadin.

Azkenik, aditzera eman nahi dugu datozen egunotan harreman-txandari ekingo diogula, eskualdeko udalekin nahiz gizarte-ongizateko sailarekin, gauden egoera nolakoa den azaltzeko.

Era berean, urtarrilaz geroztik, mobilizazio eta jakinarazpen kanpainari ekingo diogu, gure egoera ezagutarazteko, ibarrean batik bat, eta Nafarroako jendarteari oro har.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

LAB sindikatuak positibotzat jo du Erorien Monumentu Frankista errotik aldatzea ahalbidetzen duen akordioa

LABek positibotzat jo du EH Bildu, PSN eta Geroa Bai alderdiek Monumentu honen izaeran eta esanahian aldaketa erradikala ahalbidetzearen inguruan lortutako akordioa. Hala, Erorien...

LABek gogor kritikatu du DSBEarekiko iruzurrak salatzeko postontzia ezarri izana, pertsona zaurgarrienak kriminalizatzea dakarrelako

Langileen alde eragiteko Lanbideko Administrazio Kontseiluan parte hartu du sindikatuak.Gaur LABek Lanbideko Administrazio Kontseiluan parte hartu du, eta bere parte hartzea Diru Sarrerak Bermatzeko...

EH Bilduk “Nazioa Gara” lelopean larunbat honetan deitu duen manifestaziora ordezkaritza bidaliko dugu

EH Bilduk nazio manifestaziora deitu du larunbat honetan, Euskal Herria nazio bat dela eta horren araberako eskubideak dagozkiola aldarrikatzeko. Eskubide horien artean dago, besteak beste, lan harremanetarako eta babes sozialerako esparru propioa izatea; euskal langileen gutxieneko soldata, lanaldia, pentsioa edota zerbitzu publikoak hemen erabakitzea.