2018ko ekainaren 24ean, Donostiako Alde Zaharrean jasotako gertakizunak eta bertatik abiatutako auziak ekarri gaitu gaur, Egiako epaitegien aurrera. Arrazakeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna iragan berri, mobilizazioa egin dugu bidegabeki epaituko dituzten bi kideekiko elkartasunez. Hala, LAB sindikatutik prekarietatea, migrazioa, arrazakeria, kriminalizazioa, eta eskubide zibil eta politikoen urraketaren aurrean erantzuten jarraituko dugula berretsi dugu.
Joan den uda hasieran kale saltzaile den Moussa lanean zegoela, Udaltzaingoak gelditu eta, berriro ere, poliziarengandik kolektibo honek jasaten duen jazarpenaren eta tratu txarraren biktima izan zen. Tratu bidegabea ikusirik, inguruan zebiltzan herritar eta lekukoak hurbildu egin ziren. Joseba Alvarez kidea zegoen haien artean. Guztiek pertsonaren eskubide guztiak bermatu behar zirela aldarrikatu zieten udaltzainei eta Moussa pairatzen ari zen tratu bortitzaren aurrean beraien babesa eskaini zioten langileari.
Gertakari hauen ondorioz, Udaltzaingoak sartutako salaketek, Moussa eta Joseba zigortzea helburu dute. Moussari material guztia kendu, bortizki atxilotu eta komisaldegira eraman zuten San Juan Egunean. Autoritatearen aurkako atentatua leporatzen dio Udaltzaingoak; Joseba Alvarezi, berriz, baldintzapeko mehatxuak eta desorden publikoak (mota guztiak) egozten dizkio Udaltzaingoak. Gaur biek epaitegira deklaratzera deitu dituzte epaiketara begirako “aurretiazko egintzak” egiteko.
Egoera benetan larria dela irizten diogu LAB sindikatuaren aldetik, eta horrexegatik halako arrazismo eta politika totalitarioen aurrean ez garela isilik geratuko jakinarazi nahi dugu. Izan ere, bizi dugun garai honetan herritarrok zein langileok geure burua antolatu eta inoiz baino gehiago borrokatu behar baitugu bizitza duinaren alde eta gure oinarrizko eskubideak errespetatuak izan daitezen.
LAB sindikatutik mahaigainera ekarri nahi dugu, Moussaren aurkako ekimena salaketa sinple bat baino gehiago dela, gertakari honen atzean EAJ-PSOEren migrazio politika eskuindar lotsagabea baitago: kale saltzaileek islatzen duten ezein pobrezia arrastoz garbi mantendu nahi dituzte Donostiako kaleak. Gabonetako argiak, noria, hondartza eta izozkiaren Donostia ahalik eta zurien, elitisten eta turistikoen mantentzea helburu duen udal gobernua baitugu. Europako Batasunak bere ateak itxi dizkio Europa berak sortutako migrazioari, eta ez gaitzatela engaina, Donostiako Udal Gobernuaren politika berbera baita. Kale saltzaileak, kalean bizi direnak, Infiernoko bizilagunaren heriotza… Honelako kolektiboenganako gupidarik gabeko politika baztertzaile eta kriminalizatzaile oro salatzera etorri gara. Moussari egozten zaion autoritateari atentatuak ez du ez hanka ez buru, lekukoek baieztatu bezala Udaltzaingoarengandik iruzurrezko jokabidearen erakusgarri besterik ez delarik, boterea erabili eta arrazializatutako bizitzen baztertzeko, pobretzeko eta suntsitzeko: jarrera arrazista barren-barrenetik.
Tamalez, Donostian gertatutakoak itxura txarra du. Joan den urtean Donostia “Harrera Hiri” izendatu zuten, handik egun gutxira, ordea, Moussari aipatu salaketa jarri zioten, bere herrira espultsatzeko aukera zabalduz. Zergatik? Kalean baimen administratiborik gabe pultserak saltzeagatik. Udaltzaingoaren jokabideak erakusten du nolakoa den herri honetan isilpean egiten den benetako migrazio politika. Ez dago instituzio publikoengandik, udal gobernu batengandik jarrera miserableagorik, delitu handiagorik, miseriazko egoeren aurrean inolako gupidarik gabe, boterea erabiltzeko hautua egin eta jokaldi zikin batez herritartasuna ukatzerainoko mehatxua egitea baino, duintasuna lapurtzea baino.
Gertakizun honen aurrean, LAB sindikatutik exijitzen dugu Moussaren aurkako salaketa bertan behera uztea, ez dadin izan bere lana ez eta jatorria ere inoiz epaitua. Administrazioarengandiko mehatxuzko jarreren aurrean, esku-hartzea, giza eskubideak oinarri, hiritartasuna eskuratzeko prozesuan instituzioak bidelagun izan behar baitira eta ez etsai.
Era berean, erretira dezatela Josebaren aurka jarritako Mozal Legearen aplikazioa, autoritatezko botere harremanean babesgabetasun egoeran zegoen langile baten defentsan agertzea baita epaiketa honen bidez delitu bilakatu nahi dutena. Zuriketarik ez, arrazakeriaren aurka egintzak nahi ditugu, ez hitzak! Langile guztion eskubideen alde, klase elkartasuna!