2024-12-22
HomeZerbitzu PribatuakArrantzaArrantzaleen biziak babestu behar dira, armadoreen interes ekonomikoen gainetik

Arrantzaleen biziak babestu behar dira, armadoreen interes ekonomikoen gainetik

Bart, Frantziako Estatuko kostaldean arrantzan ari zen Ondarroako Kaxarra itsasontziko (Chemaipa S.L.) arrantzale batek, Ondarroan bizi zen 40 urteko senegaldar batek kasu honetan, bizia galdu zuen bertan gertatutako istripu baten ondorioz. 

Lehenik eta behin, gure babesa eta gure elkartasuna adierazi nahi diegu bere sendiari eta beste bizi berri baten bila beraien herriak utzi eta gure artera etortzen diren langileei eta komunitateari. Gehienetan, guk  nahi ez ditugun lan gogorrak hartzen dituzte beregain. Lan hauekin batera, lan hauek daramaten prekaritate eta miseria guztiak jasatera kondenatuta daude; kasu honetan, arrantza gisako sektore gogor batean, eskubiderik eta segurtasunik gabekoa. 

Euskal Herrian, gutxienez 48 langile hil dira urtea hasi denetik. Odol jarioak ez du etenik. Lan istripu hauek estatistika hutsa dira hainbatentzat; alegia, instituzioentzat, Osalanentzat, Lan Ikuskaritzarentzat, enpresarientzat. Baina, guretzat erailketak dira.

LABetik betidanik eskatzen ari gara arrantza sektorearentzako lan baldintza duinak. Hau da, interes ekonomikoen gainetik arrantzaleen segurtasuna bermatu behar dela eta egokitzen zaizkien atsedenak bete ditzatela, bai itsasoan eta baita lehorrean ere. Zergatik? Itsasoko lan baldintza gogorrek, segurtasun eta atseden ezak sortutako arriskuek eta nekeak arrantzaleen bizia jokoan ipintzen dutelako, hain justu. Orain gertatu den bezala. Noiz arte itxaron behar da neurriak hartzeko istripuak eta ezbeharrak ez gertatzeko?

Protokoloak porrot egin du

Kasu honetan, istripuen inguruko protokoloaren porrota salatu nahi dugu. Izan ere, istripu larria gertatu ostean helikoptero bidezko ebakuazioa erabakitzen duen medikuak ez zuen arriskurik ikusi, eta zauritutako langilea hil egin da istripua jasan eta ordu batzuetara.

Azpimarratu nahi dugu inoiz ez dugula onartuko langileen segurtasunaren aurretik irizpide ekonomikoak gailentzea. Irmoki salatu nahi dugu, kasu honetan, hori gertatu dela. 

Emergentziazko protokoloa aldatu egin behar da akats larri honen ostean. Ebakuazio erabakia hartzen den gunea eta bere irizpideak guztiz egokitu behar dira. LAB sindikatuak modu zorrotzean egingo du egoeraren azterketa datozen egunetan.

LABetik bai armadore elkarteei,  baxurako kofradiei, EAEko Arrantza Sailari eta Espainiako zein Frantziako Gobernuei honako hau exijitzen diegu: arrantza arduratsu eta iraunkorraren alde egin dezatela; arrantzaleen baldintzak hobetzeko, belaunaldi aldaketarako eta gure flota bideragarria izateko apustua egin dezatela eta euren probetxurako arrantzale-langileon eskubideekin eta biziarekin ez jolasteko.

LABentzat armadoreen interes ekonomikoen gainetik arrantzaleen bizia dago eta horren alde borrokatuko dugu. Hala, ostiralean, urriak 1, euskal gehiengo sindikalak deituta, mobilizazioa egingo dugu Ondarroan, 12:00etan, portuko sarreran; Chemaipa enpresaren bulegoen aurrean. “Prekaritatea hiltzailea. Lan istripu gehiagorik ez!” izango da elkarretaratzearen leloa.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...