2024-12-23
HomeEmakumeakMartxoak 8Confebaskek eta EAJk ez dute proposamen bat bera ere egin soldata arrakalaren...

Confebaskek eta EAJk ez dute proposamen bat bera ere egin soldata arrakalaren arazoari aurre egiteko

LABek elkarretaratze bat egin du gaur, Lan Harremanen Kontseiluaren aurrean, Bilbon, “Gure lanak balioa du, 7680 euro gutxiago. Emakumeok planto!” leloarekin. Hain zuzen ere, mobilizazio hau Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Lan Departamentuak emakume eta gizonen arteko soldata arrakalari buruz hitz egiteko deitutako bilera egin bitartean gauzatu dugu. Bileran, LABeko bi kide izan dira, Batzorde Exekutiboko Arantxa Vazquez tartean, eta Gasteizko Legebiltzarrak egindako legez besteko proposamenaren inguruko irakurketa eta soldata arrakalari aurre egiteko neurriak proposatu ditugu. Confebaskek eta EAJk, berriz, ez dute ezer proposatu. Are eta gehiago, patronalak esan du soldata arrakalaren arazoa ez dela bere erantzukizuna, eta ez duela diskriminaziorik ikusten; EAJk, bere aldetik, patronala ez duela interpelatuko adierazi du. Martxoaren 12rako deitu dute hurrengo bilera, eta LABek egunotan baloratuko du bertara joan ala ez.

"Iragan otsailaren 1ean genero desparekotasuna eta lan merkatuaren inguruko Legez Besteko Proposamena onartu zuen Eusko Legebiltzarrak alderdi politiko guztien aldeko botoarekin. Besteak beste, honako proposamena onartu zen: Eusko Jaurlaritzak dagokion foroetan eztabaida sakona sustatzea eragile sozialekin batera emakumeen eta gizonen artean dagoen soldata jauzia gainditzeko neurriak hartze aldera, eta neurriok berdintasun-planetara hedatzea, batik bat enpresa ertain eta txikien planetara. Neurri horiak ekintza-planaren partea izango dira."
 
Hauxe da Lan Harremanetarako Kontseiluaren egoitzan egindako bileraren gonbidapenak dioena. Bada, LAB sindikatuak 1999 urtetik darama emakume eta gizonen arteko soldata arrakala salatzen. Ez gara lehenengoak izan. Mugimendu feministak orokorrean, baita lan munduan ere, mendeak daramatza diskriminazioak salatzen, soldata arrakala ageriena izanik.

Beraz, hau ez da ezer berria, eztabaida soziala aspaldi zegoen piztuta, baina boteretik ez da entzun izan nahi. Eta eztabaida ez da soldata arrakala bere horretan eta modu isolatuan aztertua. Arazoa arrakala sortzen duen sistema da.

Aurten Martxoaren 8ko greba feministaren iragarpenarekin eta Islandiak arrakalaren kontrako legea onartuz eztabaida asko indartu da eta gaia agenda politiko eta mediatikoan kokatu da.

Horregatik, gaur egin den bilera deialdia guztiz oportunista ikusten dugu.

Eusko Legebiltzarrak onartu berri duen Legez Besteko proposamena guztiz eznahikoa ikusten dugu:

• Ez du lan munduan eta soldaten alorrean eragin dezaken neurririk aurreikusten. Izatez, ez dago interpelaziorik egoeraren ardura zuzena duen patronalari begira
• Jaurlaritzak bete beharko lituzkeen konpromisoak jasotzen ditu.
◦ Emakumeak animatzea soldata arrakala salatzera. Hau da, instituzio publikoak ez du zuzenean esku hartuko, emakume langilearen bizkarrean jartzen du urratsa emate. Eta noski, ez du jartzen salaketak izango duen bideaz.
◦ Zaila da soldata arrakala salatzea enpresa bakoitzean ematen den benetako egoera bere osotasunean ezagutzen ez bada. Egoeraren informazioa enpresak daukatu, ez plantillako emakumeek.
◦ 6 hilabetetan ekintza plana aurkeztuko duela dioa akordioak. Eragile sozialekin batera arrakalaren inguruko eztabaida sakona sustatzeko konpromisoa bereganatuz.

Politika publikoek porrot egin dute diskriminazio egoerekin amaitu eta berdintasunaren aldeko urratsak ez dira eman eta Lan eta Justizia Sailak ez du inolako iniziatibarik hartu egoera hauek bideratzeko. Beraz orain eztabaida soziala pil pilean dagoenean Legez besteko proposamen hau Lan eta Justizia Sailarentzat gaurko bilera erabat oportunista deitzeko aitzakia ederra bilakatu da.

Ez da kasualitatea otsailaren 21ean, soldata arrakalaren aurreko egunean eta greba feminista baten testuinguruan, horrelako bilera bat deitzea.

LABeko ordezkariek soldata arrakalaren egunaren testuinguruan ordezkaritza duen enpresa guztietan soldata arrakala aztertzeko eskaerak erregistratuko ditugu. Estatistikek bistakoa egin dute arrakala dagoela eta handia dela, gure helburua atzean dauden arrazoietara jotzea da. Arrakalaren arrazoiak zeintzuk diren aztertzea, azalaratzea eta borrokatzea izango da helburua. Hauek dira eskatu ditugun datuak:

• Nola dagoen banatua langile multzoa sexuen arabera enpresaren antolakuntzan.
• Zenbat den gizonen soldataren batazbestekoa eta zein emakumeena.
• Kontratu partzialak, emakume eta gizonen bataz bestekoa.
• Behin behineko kontratuak, emakume eta gizonen bataz bestekoa.
• Adin txikikoak eta menpekotasunak dituzten pertsonak zaintzeko baimenak eta lanaldi murriztuen eskaerak: gizon eta emakumeen batazbestekoa.
• Zeintzuk dira kontziliatzeko eta ardurak partekatzeko neurriak enpresan.
• Zuzendaritza karguetan dauden gizon eta emakumeen batazbestekoa.
• Lanbide talde bakoitzean dauden gizon eta emakumeen batazbestekoa.
• Kontratatzeko eta promozionatzeko sistemak.
• Azpikontratuak diren enpresekin dagoen soldata arrakala kategoria berdinen arteko soldata arrakala enpresa azpikontratatuak daudenean.

Testuinguru honetan eta arrakalaren kontra benetako neurriak hartzeko bidean, LAB sindikatutik eskakizun hauek egiten ditugu:

• Confebaskeri enpresetan soldata arrakalaren ikerketa bermatu dezala. Azterketaren ondorioz arrakala gainditzeko egiten diren neurriak sustatzeko konpromisoa bereganatu dezala.
• Berdintasun planak egitearen derrigortasuna enpresa guztietara zabaldu dadila, 250 langile edo gutxiago eduki arren.
• Kontziliaziorako eta korresponsabilitaterako* benetako neurriak hartu daitezela.
• Administrazioan aitatasun baimena amatasun baimenarekin parekatzeko hartu den neurria enpresa pribatuetara zabaltzea eta derrigorrezkoa egitea.
• Zerbitzu publikoen garapena ziurtatzea. Murrizketa guztiak atzera botatzea eta azpikontratazioarekin amaitzea frogatua dagoelako eragin zuzena dutela emakumeengan. Publikotik betetzen ez diren zaintza lan guztiez emakumeak arduratu behar dira oraindik orain.
• Zaintza lanen aitortza politikoa, ekonomikoa eta soziala.
• Etxeko langileentzat lan baldintza duinak eta zaintzarako dirulaguntza berdinak
• Zaintzarako sistema publikoa
• Zaintzeko, ez zaintzeko eta zaindua izateko bermatuko diren neurriak martxan jartzea, unibertsalak eta singularrak
• Haur eskolak doakoak izan daitezela
• Negoziazio kolektiborako eskubidea ziurtatzea hori izango delako neurri eraginkorrak lan merkatuan inplementatzeko bidea.
• Estatalizazioaren kontrako neurriak hartu ditzala.
*korrespontsabilitatea: ez ulertuta soilik gizonen eta emakumeen artean, baizik eta familia, komunitatea eta zerbitzu publikoen artean.

Bukatzeko, eta Martxoaren 8aren bezperetan gaudela kontutan hartuz, Confebeskeri eta Jaurlaritzari eskatzen diogu ziurtatu dezatela EAEko lan zentroetan emakumeon greba eskubidea errespetatuko dela.

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...