2024-12-26
HomeEkintza SozialaArgitxu Dufau: “Erretreten erreformaren kontra, mobilizazioetatik ekintzetara pasatzen ari gara”

Argitxu Dufau: “Erretreten erreformaren kontra, mobilizazioetatik ekintzetara pasatzen ari gara”

Hamaika TBn elkarrizketatu dute gaur Argitxu Dufau LABeko Ipar Euskal Herriko bozeramailea, Parisen erretreten erreforma bozketagai duten egunean. Puri-purian dago erreformaren kontrako borroka, horren lekuko gaurko 9. greba eguna. Grebalariek Pariserako AHTa blokeatu dute Hendaiako geltokian eta gaur goizeko ekintzan ere parte hartu du Dufauk.

“Bada haserre bat karrikan, eta haserre hori indar bat bihurtu da”, adierazi du LABeko ordezkariak. Gaineratu du, gaurko botazioen emaitzak gorabehera, “mobilizazio zikloa ez dela bozkaketa honekin amaituko” eta “badagoela erreforma hau atzera botatzeko aukera”. Zorrotz gaineratu du: “Ez dugu amore emanen. Prest gara mobilizatzeko erretreten erreforma kendu arte”

Erretreten erreformaren kontrako borroka honetan, askotarikoak izan dira baliatutako moldeak, grebak, mobilizazioak edo blokatzeak. Horrela, “mobilizazioetatik ekintzetara” pasatzen ari direla adierazi du Dufauk: “doinua igo nahi dugu, atzo izan ginen Mugerren pleita blokatzen, gaur Hendaian AHTaren irteera oztopatzen eta zaborra ere bota dugu Baionan, Azpi Prefekturaren aitzinean”.

Erreformak dakarrenaren inguruan ere mintzatu da LABeko ordezkaria, gogor: “Horrelako erreformek lanean hiltzera kondenatzen gaituzte asko. Langileei ahaleginak eskatzen dizkiete, baina noiz arte, lanean hil arte? Ondasuna ez banatzea ez dugu onartzen eta ez dugu onartuko”.

Emakumeak bereziki kaltetuko ditu erreformak: “Erreforma antifeminista da, adin luzatzearekin. Emakume langileok ditugun karrerekin, askoz gehiago lan egin beharko dugu pentsio txikiago bat jasotzeko”.

Borroka ziklo honek izandako bertuteak ere azpimarratu ditu: “Belaunaldi ezberdinak mobilizatu dira, gazteak, langileak eta erretretadunak. Horrelako mugimendu batek erakusten du langileria egon badagoela, klase-borroka badagoela, eta borrokarako prest eta antolatuta dagoena. Erakutsi dugu klase moduan antolatzeko gai izan garela”.

Hego Euskal Herriko pentsio duinen aldeko borroka ere aipatu du, itxialdian eta baraualdian dauden Euskal Herriko Pentsionisten Mugimenduaren borroka sustengatu eta larunbatean, martxoaren 18an egingo dute manifestazioan parte hartzeko deia eginez. Izan ere, martxoaren 14an Bilbon izan zen, pentsionisten itxialdian, mahai inguru batean parte hartuz.

Hemen ikus dezakezue elkarrizketa.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek grebara deitu du Linacal iturgintza enpresan, zuzendaritzak langileei entzungor egiten jarraitzen duela uste baitu

LAB sindikatuak Barañaingo (Nafarroa) Linacal iturgintza enpresako zuzendaritzaren jarrera onartezina salatu nahi du, langileek euren lan baldintzak hobetuko dituen enpresa itun bat negoziatzeko eginiko...

Munduko Medikuen zuzendaritzak EEE bat proposatu du langile guztien %25 kaleratzeko

Entitateko Langileen Legezko Ordezkaritzak ez ditu aintzat hartzen zuzendaritzak emandako arrazoiak, eta EEEa justifikaziorik gabea eta prebentiboa dela adierazi du.

EITBko zuzendaritzak euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu du helburuen artean euskara sustatzean duen hedabide bateko zuzendari

EITBko zuzendaritza nagusiak eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari berria hautatu berri du, EITBren webgune berrien sorkuntza prozesua amaitzeko. Pertsona horren ardura izango da, eitb.eus zuzentzeaz gain, jaiotzear den atari digital berria abian jarri eta horren zabalkundea gidatzea.