2024-11-24
HomeEkintza SindikalaArabako nagusien egoitzetan grebara joko dugu hilaren 29an eta 30ean

Arabako nagusien egoitzetan grebara joko dugu hilaren 29an eta 30ean

Patronalak hitzarmenaren negoziazioan ezarri duen blokeo egoera behingoz amaitzeko eta Foru Aldundiaren esku-hartzearen premia nabarmentzeko aterako gara kalera.

LAB eta ELA sindikatuok, dagoeneko sektorean 22 greba egun egin ditugun honetan, adinekoen egoitzetako eta etxebizitza komunitarioetako langileak beste behin ere deitu ditugu kalera atera daitezen, Arabako egoitzetako langileentzako hitzarmen propio baten beharra salatzen jarraitzeko. Hala, ekainaren 29an (osteguna) eta 30ean (ostirala) greba egingo dugu.

Lau urte baino gehiago daramatzagu beharginen lan-baldintzak hobetuko dituen adinduen egoitzen hitzarmena eskatzen. Adinduen egoitzetako langileok, funtsezko langileak garen heinean, hobekuntza nabarmena merezi dugu soldatei, lanaldiei, lizentziei, Aldi Baterako Ezintasunagatiko osagarriei, ratioei eta abarri dagokienez. Egoitzetako egoera erabat kezkagarria da: gure osasuna kaltetzen duten lanaldi luzeak, gaixoarazten gaituzten lan fisiko eta mentaleko kargak, miseriazko soldatengatik jo eta ke lan egin beharra, lanaren eta familiaren arteko uztartzea ez da existitzen… eta hobekuntzak eskatzen ditugunean, ez patronalak ez erakundeek ez gaituzte entzun nahi.

CREA, LARES eta AKRA patronalek Arabako adinduen egoitzetako lehen hitzarmena negoziatzeko asmorik ez dutela salatzen dugu. Martxoaren 15etik ez diote gure proposamenari erantzun, eta otsailaren 21etik ez dute sektoreko beharretara hurbiltzen den negoziazio-proposamenik mahaigaineratu; patronalaren azken proposamena erabat eskasa da. Patronalaren asmoa da gerokultore batek, 2028. urtean, hilean 1340 euro gordin kobratzea, urtean 1742 ordu lan egitearen truke. Gure bizi-kalitaterako eta lan-kalitaterako gutxieneko hobekuntzak proposatzen ditugu eta patronalak apurrak baino ez ditu eskaintzen, gure lanaren eta egoiliarren osasunaren kontura etekina ateratzen jarraitzeko. Patronala da Hitzarmen honen negoziazioa blokeatzen ari dena, ez baitu gure aldarrikapenetara eta beharretara inondik inora hurbildu nahi.

Arabako Foru Aldundia interpelatzen dugu behingoz esku har dezan, gure adinekoei eskaintzen dieten zaintza prekarioari eta bizi-baldintza txarrei esker enpresa horiek irabaziak izateari utz diezaioten. Aldundiak baztertu egiten du egoitzen kudeaketa zuzena, eta guztion diru publikoa enpresa pribatu horien eskuetan jartzen du. Urkullu lehendakariak soldatak igotzeko eskatu zuen aurreko ostiralean enpresa-topaketa batean; hemen, Araban, egoitza pribatuen eta hirugarren adinekoen etxebizitza komunitarioen hitzarmenarekin, horretarako lehen aukera aparta du. Erakundeak ere Hitzarmena blokeatzearen erantzule dira, izan ere, bitartekaritza eta negoziazioa erraztu beharrean, beste alde batera begiratzen du, eta ez du bere gain hartzen sektoreko langileen lan- eta bizi-baldintzen ardura.

Arabako hirugarren adineko biztanleak artatzen dituzten egoitzetako langileek erabateko prekarietatea bizi dute, eta horrek oso leku txarrean uzten ditu sektore honen ardura duten patronalak zein erantzukizuna duten erakundeak.

Denok dakigu zein garrantzitsua den duintasunez zaintzea eta duintasunez zaindua izatea. Argi daukagu egoerak iraun egingo duela Arabako egoitzen lehen hitzarmena lortu arte, hitzarmenaren bidez arautuko ditugulako soldata duinak, ordutegi-murrizketa, lana eta familia bateragarri egitea, Aldi Baterako Ezintasunagatiko osagarriak lehen egunetik…

Blokeo horren aurrean, kalera ateratzea erabaki dugu beste behin, eta bi sindikatuek deitutako mobilizazioetan parte hartzera animatu nahi zaituztegu:

  • Ekainak 29 GREBA – Mobilizazioa 11: 00etan Plaza Berritik.
  • Ekainak 30 GREBA – Mobilizazioa 11: 00etan Albertia Campusetik.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.