2024-12-18
HomeEkintza SindikalaArabako metalgintzan hiru greba egun egingo ditugu maiatzean, hitzarmen duin baten alde

Arabako metalgintzan hiru greba egun egingo ditugu maiatzean, hitzarmen duin baten alde

Sindikatuon ohar bateratua, gaur egindako agerraldiaren harira:

Arabako metalaren negoziazioak 4 urte daramatza inolako aurrerapenik gabe. COVID-19aren krisiarekin negoziazioak gelditu ziren, baina ondoren patronalak beti aurkitu ditu aitzakiak aurrera ez egiteko. Ozen eta argi diogu: denbora honetan guztian SEAk bere horretan jarraitzen du.

Horren aurrean, LAB-ELA-CCOO akordio batera iritsi ginen iazko abenduan, Arabako Metalaren Hitzarmen Kolektibo duin bat izateko negoziazioak eta ekintza sindikalak bultzatzeko, eta, ondoren, USO-ESK-CGT batu zitzaizkion. 3 hilabete eta 4 bilera egin ondoren, SEAren egoerarekin bat datorren erantzunaren zain jarraitzen dugu, sektorean arazoak eta prekarietatea pilatzen ari baitira oraindik: bizitzaren garestitzeari aurre egin ezin dioten soldatak, lanaldi oso altua eta malgutasun handia, kontratazioan iruzurra, behin-behinekotasun handia eta ABLEak, azpikontratazioa gorantz, emakumeen diskriminazioa sektore oso maskulinizatu batean, lan istripu ugari egungo egoeretara egokitzea…

Horregatik guztiagatik, maiatzean hiru greba egun deituko ditugu, maiatzaren 18an hasita, eta ondoren, 24an eta 26an, patronala-SEA mugi dadin eta sektorearen arazoei erantzungo dieten edukiak lor ditzagun.

Plataforma bateratuak, besteak beste, honako aldarrikapen hauek ditu:

– KPIaren gaineko soldata igoerak, 1.400 euroko gutxieneko soldatarekin 14 ordainsarietan. – Lanaldia nabarmen jaistea
– Azpikontratetako langileentzako subrogazioa
– Kontratazioko iruzurraren aurkako neurriak

– Behin-behinekotasuna eta malgutasuna mugatzea
– Benetako berdintasun eraginkorra lortzeko neurriak
– Lan osasuna bermatzeko neurriak
– Baimenak hobetzea eta pertsonak zentroan jartzen dituzten beste lan baldintza batzuk
– Hitzarmena aplikatzeko bermeak: ultraktibitatea, alde bakarreko ez aplikatzea eragoztea eta aplikatzeko lehentasuna ematea.

Beraz, dei egiten diogu Arabako Metalaren Sektoreari maiatzaren 18an grebak egin ditzan, kalera irten dadin eta ekoizpena eten dezagun lan baldintza duinak lortzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAJk EITB bere alderdi interesen mesedetan erabiltzeko duen asmoa salatu nahi dugu

LABek gogor salatu nahi du EAJk, beste behin ere, EITB bere alderdi interesetarako erabiltzeko erakutsitako asmoa, eta, oraingoan gainera, batere lotsarik gabe eta inpunitate osoz, publikoki adierazi izana.

B&B Trends-ena da Gasteizko SDA Factory-ren itxieraren errua

Zuzendaritzak SDA Factory ixteko erabakia hartu du, lehengo Gasteizko BSH. Ia 50 urtetako historia duen enpresa honek Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientean (ABEEE) pasatu ditu azken lau urteak.

Asteasuko Siemens Gamesako ABEEEaren eragina murriztu eta enplegua defendatzeko neurriak lortu ditugu

Hasteko, salatu nahi dugu enpresak negoziaketa talde mailan egin nahi izan duela, Asteasuko langileen ordezkaritza disolbatua eta eragin mugatuarekin zeogoen mahai negoziatzaile bat inposatuz. ABEEE luze eta gogorra nahi zuen enpresak langileentzat eta egoera honen aurrean, markoaren salaketaz gain, neurriaren eragina ahalik eta gehien murrizten saiatu da LAB.