2025-04-22
HomeEkintza SindikalaArabako metalgintzan grebak beharrezkoak dira lan-baldintzak duintzeko

Arabako metalgintzan grebak beharrezkoak dira lan-baldintzak duintzeko

Gaur, otsailak 14, berriro bildu da Arabako Matelgintzako Negoziazio Mahaia. Bileran, SEAk bere plataforma berritua aurkeztu du, sektoreko aldarrikapen nagusiei erantzuten ez diena. Horregatik, LABek uste du beharrezkoa dela grebak egitea, sektorean lan-baldintza duinak lortzeko.

LABek, ELAk eta CCOOk plataforma bateratu bat aurkeztu ondoren eta patronalak urtarrilaren 14ko bileran horri erantzuteko hilabete bat eskatu ondoren, gaur berriro bildu da Arabako Metalaren Negoziazio Mahaia.

Bertan, SEAk bere plataforma aurkeztu du, LABen ustez, sektorearen aldarrikapenetatik erabat urrun dagoena. Zentzu horretan, SEAk baztertu egin du lanaldia jaistea, Hego Euskal Herrian sektoreko handiena izanda; ez du jasotzen azpikontratetako langileen subrogazioa; ez eta ABLEeak, behin-behineko kontratazioa eta malgutasuna mugatzea ere; ez du kontratazioko iruzurraren aurkako neurririk hartzen; ezta laneko ezbeharren aurkako neurririk ere; ez du errelebu-kontratuaren alde egiten; ez du guztiz onartzen berdintasun erreal eta eraginkorra, ezta praktikak eta Formazio Duala duintzea ere…

Soldata-igoerei dagokienez, guztiz eskasak izateaz gain, uste dugu guztiz onartezina dela patronalak pentsioei aplikatutako formula tranpatira jotzea, hau da, urteko batez besteko inflaziora, benetako KPIa saihesteko eta igoerak, pentsioen kasuan bezala, baxuagoak izateko.

Horregatik guztiagatik, LABek uste du Arabako metalgintzan grebak egin behar direla lan-baldintza duinak lortzeko. Sektoreko langileak aktibatzeko unea da, lehenik eta behin larunbat honetan, hilak 19, Gasteizen egingo den manifestazio bateratuarekin eta ondoren grebekin patronalari presio egiteko eta sektoreko baldintzak duintzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enviserreko langileek greba gogortu dute, protestaren hirugarren astean

Hiriko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzeko Gasteizko Udalaren kontrata den Enviser enpresako langileek hiru aste bete dituzte greban. Baldintza duinak jasoko dituen hitzarmen propio bat lortzea da beren helburua. Hainbat langilek Gasteizko udaletxearen aurrean pasa dute gaua, azken honen inplikazioa eskatzeko.

LABek ontzat jo du Iruñeko Udalaren eta alokairuzko bizikleten enpresaren artean sinaturiko akordioari esker langileei zor zitzaizkien soldatak ordaintzea

LAB sindikatuak duela bi aste salatu zuen Ride On Pamplona Iruñeko alokairuko bizikleta elektrikoen zerbitzuko langileak egoera larrian zeudela, sei hilabete baitzeramatzaten nominak berandu kobratzen eta, gainera, enpresak bi nomina oso zor baitzizkien. Iruñeko Udalak eta Ride On-ek gaur iragarri duten akordioaren arabera badirudi zerbitzuaren jarraipena bermatuko dutela eta enpresak berehala kitatuko dituela langileekin dituen zorrak.

LABek salatzen du milaka gutun banatu gabe daudela Gasteizen Correoseko langile faltagatik

Langilerik ez kontratatzearen ondorioz, kaosa sortu da azken hilabeteetan posta-banaketan, eta inoiz ikusi gabeko egoetara iristen ari da. Kontratazioan murrizketa hain handia da, kasu askotan ez dela inor ordezkatzen ari. Adibidez, Alde Zaharreko postariak urte erdi baino gehiago darama bajan, ordezkatu gabe.