2024-12-23
HomeEkintza SindikalaArabako Metalgintzako langileen lan baldintzen alde hasi gara mobilizatzen, modu bateratuan

Arabako Metalgintzako langileen lan baldintzen alde hasi gara mobilizatzen, modu bateratuan

Arabako Metaleko sektorean 25.000tik gora langilek dihardute, eta benetako blokeoa bizitzen ari gara: hiru urte luzez sektoreko hitzarmena negoziatzen ari gara, baina patronalak prozesua geldiarazi egin du. Bilerak joan, bilerak etorri, patronala ez da mugitzen; aurrerapausoak geroratu egiten ditu beti, bere enpresa kideek ez dutelako aurrera egiterik nahi.

SEA bere horretan geldirik dagoen artean, sektoreko arazoak pilatzen ari dira: bizimodu gero eta garestiagoari aurre egiteko beste ez diren soldatak, lanaldi oso luzea eta malgutasun handia, iruzurra kontratuetan, behin-behineko enplegu handiegia, prekaritatea -are handiagoa azpikontratetan eta ABLE bidez ari diren pertsonengan-, emakumeen diskriminazioa sektore oso maskulinizatuetan, lan istripu mordoa (urtean ia 2.000 gertatzen dira), egungo egoerari egokitu gabeko baimenak…

Errealitate horren aurrean LAB, ELA eta CCOO sindikatuok, hau da, ordezkaritza sindikalaren gehiengo handia osatzen dugunok, urrats bat aurrera egitea erabaki dugu. Kultura sindikal ezberdinetakoak izanik, ados jarri gara Arabako metalgileei alternatiba bat eskaintzeko. Hiru sindikatuok hitz eman dugu elkarrekin urratsak egingo ditugula eragin orokorra izango duen lan hitzarmen bat lortzeko.

Hain zuzen, plataforma bateratua hitzartu dugu, honako eskariekin:

– KPIz gaindiko soldata igoerak; gutxieneko soldata, 1.400 €.

– Lanaldiaren taxuzko murrizketa

– Azpikontratetako langileen subrogazioa

– Kontratuetako iruzurren kontrako neurriak

– Behin-behinekotasuna eta malgutasuna mugatu

– Benetako berdintasuna lortzeko neurriak

– Lan osasuna bermatzeko neurriak

– Baimenetan eta beste lan baldintza batzuetan hobekuntzak, pertsonak erdigunean kokatzeko

– Hitzarmena aplikatzeko bermeak: aurreraeragina, alde bakarreko inaplikazioa galarazi eta lehentasunezko aplikagarritasuna eman.

Hiru sindikatuon plataforma orain aurkeztuko diogu SEA patronalari eta urtarrilaren 10ko astean Negoziazio-Mahaia biltzeko dei egingo diogu, erantzun bat eman dezan.

Gaurko agerraldi honekin mobilizazio dinamika bateratu bati ekin nahi diogu; honek jarraipena izango du urtarrilean egongo diren deialdiekin eta manifestazio batekin; honetan parte har dezaten dei egingo diegu beste sindikatuei, baita beste sektore eta eragile sozialei ere.

Azkenik, ohartarazi nahi dugu egungo blokeoa amaitu ez eta sektoreko langileen arazoei erantzunik ematen ez bazaie, Arabako Metalean lanuzte eta grebak egitea beste aukerarik ez dugula izango. 

Horregatik, sektoreko langileei gonbitea luzatzen diegu lan baldintza duinen aldeko mobilizazio dinamika honetan parte har dezaten.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...