2024-12-23
HomeEkintza SindikalaAraba, Bizkaia eta Gipuzkoako merkataritzako eta saltoki handietako langileek greba egingo dute...

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako merkataritzako eta saltoki handietako langileek greba egingo dute ekainaren 25ean

LAB eta ELA sindikatuon ohar bateratua, gaur egindako prentsaurrekoaren harira:

LAB eta ELA sindikatuok jendartea eta erakunde publikoak ohartarazi nahi ditugu merkataritzako langileek bizi duten alarma gorri egoeraz. Alarma gorria diogu, sektorean erreferenteak diren enpresek enplegua suntsitzeko eta lan-baldintzak are gehiago prekarizatzeko apustua egiten dutelako. Horregatik, merkataritzako eta saltoki handietako langileok grebara goaz ekainaren 25ean.

Azken hilabeteetan, Inditex, H&M edota El Corte Ingles enpresek, besteak beste, dendak ixteko, plantillak murrizteko, bertan lanean urteak daramatzaten pertsonak langabeziara kondenatzeko eta lanaldi-murrizketen bidez enplegua prekarizatzeko prozedurak jarri dituzte martxan. Guzti hau aurrera daramate, azken urteotan irabazi handiak lortu arren.

Inditexek, 3.800 milioi euroko irabazi garbia lortu duen arren, azken 4 hilabeteetan 23 denda itxi ditu Hego Euskal Herrian, eta ondorioz, enplegua suntsitu eta lan-baldintzak okertu egin dira, langile askori lanaldia murriztearekin batera.

El Corte Inglesek 310 milioi euroko irabaziak izan baditu ere, Estatuan 15 denda ixtea eta ia 3.300 langile kaleratzea planteatu du.

H&M-ek 1.200 milioi euroko irabaziak izan zituen 2019an, eta hala ere, 26 denda itxi eta 900 lanpostu baino gehiago suntsituko ditu, ehunka langileren lan-baldintzak murrizteaz gain.

Prozesu guzti hauetan, enpresek negoziazioak estatu mailara eraman dituzte, bertako gehiengo sindikala ekidinez, euren asmoak aurrera eramateko alfonbra gorria jarriko dieten sindikatuekin bakarrik negoziatzeko. Honen aurretan, negoziaketa esparru propioa aldarrikatzen dugu.

H&Mren kasuan, gure borrokari esker, enpresak eta estatuko sindikatu sinatzaileek atzera bota behar izan dituzte Hego Euskal Herrian inposatu nahi zituzten kaleratze eta Lan Baldintzen funtsezko aldaketak.

LAB eta ELAren ustez, onartezina da onura handiak dituzten enpresek enplegua suntsitzea eta lan-baldintzak prekarizatzea berez prekarizatuta dagoen sektore batean, non soldata txikiak eta lanaldi partzialeko kontratuak diren arau.

Bien bitartean, komertzio txikiak ere pertsiana jaistera behartuta ikusten ari dira, korporazio handien eta plataforma digitalen abiadurarekin, ordutegiekin eta prezioekin lehiatu ezinean. Hori ere enplegu suntsiketa da.

LAB eta ELA sindikatuok uste dugu merkataritzan enplegua suntsitzeko prozesu hau hasi besterik ez dela egin, eta enpresa horiek beren estrategiarekin jarraitu eta beste asko batu egingo direla, baldin eta horren aurka mobilizatzen ez bagara.

Patronalari dei egiten diogu enpleguari eusten lagunduko duten negoziazio-elementuei heltzeko. Besteak beste, LABek eta ELAk aldarrikatzen dugu beharrezkoa dela hitzarmenetan gehienezko lanaldia nabarmen murriztea eta onlinesalmentaren ondorioz sortzen diren kategoria berriak arautzea. Kalitatezko eta bermedun enplegua nahi dugu.

Ezin dugu onartu, online salmenta areagotzearen aitzakian, enpresa horiek digitalizazio-prozesuak bultzatzea, gutxi batzuk are gehiago aberasteko, herri honetako langile-klasearen kaltetan, eta saltoki txikietako enplegua suntsitzeko.

Herri honetako erakundeei dei egiten diegu egoera honi amaiera eman diezaioten, alderdi politikoei dei egiten diegu behingoz beren gain har dezaten lan-erreformak indargabetzeko konpromisoa, irabazi handiak dituzten enpresek enplegua suntsitzea ahalbidetzen baitute.

Enpleguari eusteko eta hori babesten duten eduki duinak dituzten hitzarmenengatik, ekainaren 25ean grebara joango gara merkataritzako eta saltoki handietako langileak.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...