2024-12-22
HomeEkintza SindikalaApirilaren 8an eta maiatzaren 16an beste bi greba egun egingo ditugu Osakidetzan

Apirilaren 8an eta maiatzaren 16an beste bi greba egun egingo ditugu Osakidetzan

LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuon oharra, gaur egindako agerraldiaren harira:

Osakidetzako esparru guztietan deitutako azken greba egunetik hilabete bat pasa denetik, Osasun Sailak ez du urrats bakar bat ere egin gure osasun sistema publikoak bizi duen egoera larria iraultzeko. Osakidetzak azken asteetan egin duen gauza bakarra izan da EPE eskas baten azterketa datak iragartzea. 1.611 plaza besterik ez daude deituta, duela urtebete eskas behin- behineko 24.600 langile baino gehiago egon arren, 10etik ia 6.

Inoiz baino argiago dago, propaganda hutsaz gain, ez dagoela aurrera egiteko eta plantillaren lan baldintzak hobetzeko inolako borondaterik. Eta lan baldintza duinik gabe, ez dago kalitatezko osasun zerbitzurik.

Hori gutxi balitz, Osakidetzak ez du aurpegia ematen eta inolako edukirik ez duen Mahai Sektorialaren atzean ezkutatuta jarraitzen du. Gainera, osasun larrialdia amaitu den arren, modu telematikoan egiten saiatzen da, pantaila baten atzean ezkutatuz.

Gogora dezagun azken asteetan deitutako mobilizazioek langileen eta herritarren aldarria islatu dutela. Zalantzarik gabe, bizi dugun egoeraren larritasunaren eta berehalako eta sakoneko konponbideak abiaraztearen zantzurik onena dira.

Lehen Arretak azken hamarkadan pairatu duen desegitearen ondorioak jasaten jarraitzen du: sistematikoki gainezka dago eta askotan, kolapso egoerara heltzen da. Lehen Arretaren etorkizuna dago jokoan, batez ere kontuan hartzen badugu datozen urteetan, premiazko neurririk hartu ezean, egoerak okerrera egingo duela, erretiro asko izango baitira.

Gainerako arreta mailek ere jasaten dituzte ondorioak, bai Lehen Arretaren egoera larriaren ondorioak, bai Eusko Jaurlaritzaren osasun politiken ardatz nagusia izan diren austeritate eta lan baldintzen debaluazioaren ondorioak.

Gaur, Sagardui Sailburuak greba aurreko egunean egindako propaganda adierazpenak hobeto baloratu ditzakegu eta are argiago ikusten dugu horien helburu bakarra zela mobilizazioa desaktibatzea. Gogora dezagun joan den abenduaren 31n beteta egon behar zen akordio bat erabili zuela propaganda egiteko, Garapen Profesionalerako deialdi berri batera 300 milioi euro baino gehiago bideratuko zirela adierazi zuenean. Iragarpen horrekin bat esan zuen errekuperaziorako eta elkarrizketarako unea zela. Hitz horietatik ia hilabete igaro ondoren, oraindik ez da ez gauza bat ez bestea bete, iragarritako deialdia ez baita egin, eta ez dago inolako elkarrizketarik, ezta errekuperaziorik ere.

Bistan da mobilizazioa dela Osakidetza mugitzea lortzen duen tresna bakarra; izan ere, mobilizazioen intentsitateak behera egiten duen heinean, Osakidetzaren erantzun bakarra inmobilismoa da.

Behin eta berriz salatu dugu Mahai Sektoriala bide antzua bihurtu dela, eta Osakidetzak propagandarako erabiltzen duela. Horregatik, joan den martxoaren 9an, LHKn bilera bat egiteko deia egin genion Osakidetzari. Mahai horretan, gutxienez, negoziazio metodologia bat adostea zen helburua, hartu beharreko premiazko neurriei modu duinean aurre egin ahal izateko. Osakidetza ez zen bilera joan.

Langileen nekea argi eta garbi islatzen da, bai deitutako mobilizazioen jarraipen masiboetan, baita betelako gatazka ugarietan ere: Lehen Arreta, TGEEZ, Urdulizko Ospitalea, Txagorritxuko Larrialdi Pediatrikoak, Gurutzetako Larrialdiak, Santiago Ospitaleko Larrialdiak, Donostia Ospitaleko Mantenua, Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarea, Arabako Osasun Mentaleko Sareko sukaldea, Basurtuko bihotzeko Kirurgia eta Gurutzetako Ospitaleko Mantenua, besteak beste. Gatazka horiek hilabeteak edota urteak daramatzate, eta, kasu askotan, hainbat greba egun egin dira. Hala ere, Osakidetzak ez du horiek konpontzeko inolako asmorik.

Testuinguru honetan, LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT eta ESK sindikatuok erabaki dugu beste bi greba egun deitzea Osakidetzan:

-Apirilaren 8an Lehen Arreta osoan.

-Maiatzaren 16an, ospitale guztietan eta osasun mentalean.

Era berean, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroan, jadanik bi greba egun egin dituen kolektiboan, lau greba egun gehiago deituko ditugu apirilaren 19tik 22ra. Kasu honetan ere ez da inolako urratsik egin langileen aldarrikapenei erantzuteko.

Berriro ere, negoziaziorako deia egiten diogu Osakidetzari konponbideak bilatzeko eta egoera bideratzeko. Baina ohartarazi nahi diogu berriro ere ez dugula ez xantaiarik ez propaganda ekintzarik onartuko. Benetako negoziazioa eskatzen dugu, irtenbide eta hobekuntza zehatzetan islatuko dena. Ildo horretan urratsik egiten ez bada, ez dugu berriro Mahai Sektorialean parte hartuko eta mobilizazioekin jarraituko dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...