2024-12-22
HomeLan Osasuna IdazkaritzaApirilak 28APIRILAK 28. Lan osasunaren nazioarteko eguna

APIRILAK 28. Lan osasunaren nazioarteko eguna

Aurtengo apirilaren 28 honetan, laneko segurtasun eta osasunaren nazioarteko egunean, berriro salatu behar dugu langileriaren lan baldintzak okertu egin direla. Gertaera hau administrazio publikoek erakusten duten utzikeria eta konplizitateari, eta enpresetan dagoen benetako prebentzio faltari gehitzen badiogu, emaitza, laneko gaixotasun eta istripuek gora egiten dutela da, nahiz eta maiz, hauen laneko jatorria ez onartu eta osasun sistema publikora desbideratu.

Okerreko jarduera hauen arduradun zuzenak mutualitateak dira. Enpresarien elkarte hauek, legeak irabazi asmorik gabekotzat jotzen dituenak, Gizarte Segurantzaren diru-publikoaren kudeaketan laguntzen dute, laneko gertakizunetan botere osoa daukate, eta jatorri arrunteko gertakizunei dagokienez, gehiegizkoa eta bereizketarik gabea den kontrol pean jartzen dute langileria.

Egintza hauen bidez, hauek eragindako kostuak zein hauen enpresa elkartuenak ahal denik eta gehien murriztu nahi dituzte, lan egiteko baldintzetan egon barik lanera joan gaitezen nahi dute. Ohiko bihurtu dira txoke-terapiak, infiltrazioak, garaia baino lehen emandako altak, alta ekonomikoak, haurdunaldian eta edoskitzaroan laneko arriskuak ukatzea eta hauek sistema publikora igortzea, gizarteak ordain ditzan, etab.

Horixe da lan istripuen eta gaixotasunen azpi-erregistroaren zergatia. Mutualitateek, istripua estali nahian, istripua jasan duten langileei, aldi baterako lanpostu berria eslei diezaietela eskatzen diete enpresei. Laneko gaixotasunei dagokienez, egin diren kalkuluen arabera, patologia mota hauek eragindako eta mutualitateek ordaindu beharko luketen osasun gastu zuzenen %18a baino gehiago bere gain hartzen du osasun sistema publikoak. Inongo administraziok ez du ezer egiten legeari egiten zaion iruzur honen aurrean.

Mutualitateen egungo okerreko jarduerei datozen hilabeteotan eta urteetan etorriko direnak gehitu beharko dizkiegu; etorkizuneko mutualitateen legeari buruzko zirriborroek eta ezintasun iragankorreko errege dekretu batek adierazten dutelako enpresarien elkarte hauek jarduteko gaitasun handiagoz hornituko dituztela, osasun sistema publikoak eta hauetan ari diren profesionalak (Osasunbidea eta Osakidetza) eduki eta eskuduntzez hustuz. Egungo egoeran, aurreztearen gezurrezko argudioan eta langileek sistema publikoari iruzurra egiten diotenaren susmoan oinarrituz, publikoa deskapitalizatu nahi dute eta esparru pribatuari negozioa eman nahi diote, baita osasunaren oinarrizko gaietan ere.

Mutualitateen eskuduntza berriek, langileria are gehiago kontrolatu ahal izatea ekarriko dute: gertakizun arruntetan azterketa-medikuak egiteko derrigortasuna; berez, altak emateko aukera; osasun zerbitzu publikoek duten gure historia kliniko osoa eskuragarri izatea; baja baten jatorria arrunta edo lanekoa den erabaki ahal izango dute; alta ekonomikoak; zigorrak hitzordu batera ez joateagatik, bertaratzeko ezinduta egon arren.

Laburbilduz, egungo ereduak nahiz honi etengabe egiten zaizkion erreformak sistema publikoa desegitera bideratuta daude: osasunaren eredu pribatu eta ekonomizistarantz abiatu gara, non botere osoa emango baitzaien, berez, enpresarien elkarteak diren mutualitateei. Ez da inolako kontrolik ezarriko; ez da iruzurra jazarriko laneko gaixotasun eta istripuen erregistroan. Hau guztia egiteko, kudeaketa “pribatua” publikoa baino hobea dela diote, baina gizarteak alta goiztiarrengatik, gaixo dauden langileen kaleratzeengatik edo saihes daitezkeen ondorio txarrengatik ordaintzen dituen kostuak ezkutatzen dituzte.

Hau guztia langileria eskubideak galtzen ari den unean gertatzen ari da, lanaldiak handitzen ari direnean, soldatak murrizten, negoziazio kolektiboa eraisten ari diren honetan,… Hitz baten, oso azkar garatzen ari den prekarietateak babesgabetasuna sortzen du langileen artean dagozkigun eskubideak erreklamatzeko eta baita osasunaren esparruan ere.

LABek, etorkizunean ere, borrokan jarraituko du enpresari-elkarte hauen aurka, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua irmotasunez susta dadila eskatuz, geure prebentzio eta osasun ereduak erabaki ditzagun (loturarik gabea, unibertsala, parte-hartzailea, publikoa, mutualitateekin loturarik izango ez duena, arreta integrala eta osoa eskainiko duena), non langileriaren osasuna, berez, eskubidea izango baiten, eta ekonomia-eragileek baldintzatuko ez dutena, baizik eta osasun-irizpideek soilik. 

 

LAB SAREAN
{module[111]}


 Kartela A3


 Eskuorria (EusGaz)
 

    

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...