2025-04-24
HomeIdazkaritzakIdazkaritza FeministaAniztasun sexuala eta genero eskubideen aurkako urraketa salatzen dugu

Aniztasun sexuala eta genero eskubideen aurkako urraketa salatzen dugu

Chrysallis erakundeak ume transexualek bizi duten errealitatea jendarteak ikustarazteko egindako kanpaina eta gero, Hazteoir Madrilgo eskuin muturreko erakunde ultrakatolikoak, gorrotoa bultzatzen duen kanpaina jarri zuen martxan. Ekimen honen gorroto mezua autobus laranja batean ibili da Estatuko hainbat lekutatik, eta Euskal Herrira ere heldu da. Iruñeako kaleetan egon zen eta eragile sozial eta sindikalek modu irmoan erantzun genuen; hurrengo egunean, Gasteizen egongo zela zabaldu arren, ez zen Arabako hiriburutik agertu. Hurrengo asteetan Euskal Herrian agertu daiteke berriro, eta beraz, prest egon behar gara erantzuteko.



LABek ozen salatu nahi du aniztasun sexuala eta genero eskubideen aurkako urraketa hau. Oinarrizko eskubideen aurka jotzen dute eta gorrotoa bultzatzen dute. Hori dela eta, Euskal Herrian ez dugu onartzen horrelako mezurik gure kaleetan. Gorrotoa sustatzea zigortua egon behar da. Horrela bada, bi eskaera argi egiten dizkiegu dagokien administrazioei: alde batetik, ez dezatela baimendu autobus hori gure errepide eta kaleetan izaterik, ez autobus hori, ezta antzeko mezurik izan dezakeen beste ekimenik ere. Eta beste alde batetik, akusazio bezala ager dadila gorrotoa eragiten dutenen aurrean, horrelako mezuek indarkeria dakartelako. Kasu honetan, gainera, berez sistema heteropatriarkal honek zigortuta dauzkan haur transexualen aurka. 



Autobusak testu hau darama: “mutilek zakila daukate”, “neskek alua daukate” “ez zaitzatela engainatu”, “gizon jaiotzen bazara, gizona zara” edo “emakumea bazara, izaten jarraituko duzu”. Oso ondo zaindu dute beraien mezua teknikoki salagarria izan ez dadin, baina aurrekariak dituzte, gure ikastetxeetara aniztasun sexualaren aurkako mezu guztiz argiak zeuzkan gidak bidali zituzten, zabaldu zitezen. 



Erakunde honek egungo sistema ez aldatzea babesten du, aldaketari dio beldurra, eta horren aurrean, gure lana, diskurtso hori desmontatzea izan behar da. Oinarrizko eskubidea da generoa askatasunez aukeratzea, eta edozein adinetan horrela izan dadin bermatu behar dugu, bai ikastetxeetan, baita nagusiagoetan ere, lantokietan.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek UGTSARIOren X. kongresuan parte hartu du: autodeterminazioaren aldeko borrokarekin konprometitutako elkartasun sindikala

LAB sindikatuak UGTSARIO sindikatu sahararraren X. kongresuan parte hartu du. Mahjub Brahim-i, sindikalismo sahararraren martiria eta erreferente historikoari, eskainitakoa izan da. Bertan 400 ordezkari sahararrek eta nazioarteko 80 ordezkarik hartu dute parte. Hiru eguneko kongresua izan da, eta bertan hainbat herrialdetako sindikalista, aktibista eta militantek beren konpromisoa berretsi dute Mendebaldeko Sahararen independentziaren aldeko borrokarekin, Marokoko okupazioaren kontra batasuna adieraziz eta nazioarteko elkartasun sareak sendotuz, eta horien artean izan da LAB.

Gipuzkoako helduen egoitzetako langileak borrokan

Aurten Gipuzkoako helduen egoitzetako hitzarmena negoziatzen hasi ginen. Momentu honetan negoziazioa blokeatuta dago, Patronalek aurkeztu duten proposamena edukiz hutsa dagoelako. Alde batetik, igoera ekonomikoa Gipuzkoako Foru Aldundiaren tarifetara baldintzatzen dituzte eta bestetik, sindikatuek planteatu ditugun beste aldarrikapen guztiei ezezko borobila eman diete. Argi geratu da berriro ere, patronalek ez dutela zaintza lanak duintzeko eta zerbitzua hobetzeko intentziorik.

Pasaiako Udalak udal haur eskola zerbitzua bertan behera uzteko hartu duen erabakia okerra da LABentzat

Prentsaren bidez jakin du LABek Pasaiako Udalak eskaintzen duen Lilitegia udal haur eskola zerbitzua bertan behera uztea erabaki duela, EH Bildu eta Podemosen bozkekin. Pasaiako haur eskola zerbitzu hau, lizitazio baten bitartez bertako ikastolak ematen badu ere, udal zerbitzu publiko bat da, hemendik aurrera Pasaiako jendearteak udaletik jasoko ez duena.