2024-12-23
HomeZerbitzu PribatuakAnbulantziakAnbulantzietako hitzarmen autonomikoa sinatu dugu gaur, langileen esparru komun bat sortzen duena...

Anbulantzietako hitzarmen autonomikoa sinatu dugu gaur, langileen esparru komun bat sortzen duena etorkizunari begira

Borrokan eta negoziaketetan hiru urte igaro ondoren, hainbeste desiratutako anbulantzietako hitzarmen autonomikoa egia bihurtu da azkenean, gaur sinatu baitugu akordioa USO, LAB eta CCOO sindikatuok. Hitzarmen honek sektoreko lan baldintzak hobetuko ditu, bizi ohi diren egoera prekarioei aurre egingo die eta bateratu egingo gaitu, langileen arteko marko komun bat sortuz EAEn, etorkizunari begira.

Azkenean, langile batek soldata bera eta eskubide berak izango ditu Bilbon zein Legution, Irunen zein Gasteizen. Azkenean, hiru herrialdeen arteko parekatzea lortu dugu. Izan ere, Erkidego berean eta bezero berarentzat (Osasun Sailarentzat) lan egin arren, langileen arteko aldeak lotsagarriak ziren. Azkenean, EAEko sektoreko langile guztientzat aterpe propio bat lortu da, guztientzat gutxieneko baldintza batzuk bermatzen dituena.

Gainera, estatalizazioa gelditzeko tresna bat da hitzarmena, Madrilgo gobernuak, Estatuko sindikatuek, enpresek eta instituzioek gure herrian inposatu nahi digutenari aurre egiteko. Garrantzia handia du honek, Euskal Herrian gure lan baldintzak negoziatzeko dugun eskubidearen mesedetan, gure bizitza kalitatea mantentzeko helburuarekin, estatalizazioaren bitartez zenbait enpresarik inposatu nahi izan dizkiguten murrizketen gainetik.

LABek hasieratik bultzatu du hitzarmen hau. Lehen bileretara deitu zuen sindikatua izan ginen, gainontzeko sindikatuekin plataforma bateratu bat prestatzeko zein mahai negoziatzailea egituratzeko (gehiengoa duen sindikatua ez izan arren). Negoziazio honetako alde desberdinekin bilera ugari izan ditugu, akta ofizialetan agertzen ez direnak barne (Eusko Jaurlaritza, Osasun Saila, Lan Saila). LAB ere izan da EAErako hitzarmenaren beharra bizirik mantentzeko erronkaren pisua eraman duen sindikatua, enpresen eta Eusko Jaurlaritzaren oposizio gogorrari eta beste sindikatu batzuen interesei aurre eginda.

Eta gogoratu beharra dugu hitzarmen honen sinadura ez dela zerutik erori. Horren atzean Arabako lankideen 5 urteko greba dago, LABek babestuta uneoro, lanean jarraitu baitugu, epe motzean denok nahi genituen emaitzak ikusi ez ditugun arren.

Era berean, ez da ahaztu behar hitzarmen honen jatorria kalean gauzatutako beste borroka batean dagoela, 40 egunetik gorako greba batean, hain zuzen ere. Borroka horrek Bizkaiko azken hitzarmena ekarri zuen, eta hitzarmen horren bigarren klausula osagarrian jasota dago mahai negoziatzailearen eraketa; oraingo hitzarmena ekarri duen ezaugarria, hain justu. Urrats bakoitzak borroka bat du atzean, eta borroka bakoitzak emaitzak ekartzen ditu.

Honako hau lehen hitzarmen autonomikoa da, aurrera egiteko balio behar digun oinarri komun eta sendo bat, beti ere LABek etorkizunerako ezarritako helburu zehatza lortzeko: erabateko parekatzea Osakidetzako langileekin, soldata eta baldintzetan. Helburu bakoitzak bere urratsak eskatzen ditu, eta, hitzarmen honekin, gure lan baldintzak hobetzeaz gain, lehen pausoa eman dugu parekatzea lortzeko, herrialde guztientzako negoziazio marko komun bat lortu eta gero.

LABek langileei erakutsitako babesa eskertu nahi die, euren indarrik jaso gabe, hitzarmen hau ezinezkoa litzatekeelako.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...