2024-12-22
HomeZerbitzu PribatuakAnbulantziakArabako larrialdietako anbulantzien kalitatearen zerbitzua bakarrik berma daiteke administrazioaren kudeaketa zuzenarekin

Arabako larrialdietako anbulantzien kalitatearen zerbitzua bakarrik berma daiteke administrazioaren kudeaketa zuzenarekin

Azken hilabetean kezka handia sortu da Arabako larrialdietako anbulantzien egoeraren inguruan, bai Larrialdiak enpresak zerbitzua bertan behera utzi zuelako joan den abenduaren 31n, baita zerbitzua hobetzeko aldarrikapen orokorragatik ere. LABek gai honetan sakondu du gaur, Gasteizen, egindako agerraldi batean.

Araban Red de Transporte Sanitario Urgente (RTSU) delakoen egoera ulertu ahal izateko, hasi behar gara azaltzen azken bi urteetan Larrialdiak Maiz EABeko langileek pairatu duten atsekabea.

EAB horrek Arabako larrialdietarako anbulantzia zerbitzua bere gain hartu zuenetik, hainbat gatazka kolektibo izan ditugu, langileen ordezkaritzak epaitegietara bidali behar izan dituenak, aplikagarriak ziren hitzarmenak ez zituztelako betetzen. Kasu guztietan sindikatuoi eman digute arrazoia.

Modu berean, langileek, banaka, 150 erreklamazio baino gehiago aurkeztu dituzte enpresaren kontra, baita 30 salaketa baino gehiago ere, iruzurrezko kontratazioa dela eta. Kasu gehienetan, banakako salaketa horietan, langileari eman diote arrazoia.

Aipatu beharra dago, epaien arabera langileei zor zaizkien zenbateko askoren kontra helegitea aurkeztu dela gorago dauden instantzietan, zenbateko horien kobrantza oztopatze aldera. Era berean, Laneko Ikuskaritzaren aurrean salaketa aurkeztu dugu enpresaren asmo txarraren ondorioz. Izan ere, jakin bazekiten iruzurrezko kontratazioak egiten ari zirela, epaiek hori frogatu baitzuten, eta, hala ere, iruzurrezko kontratuak egiten jarraitu zuten.

Abenduko azken astean jakinarazi ziguten Larrialdiak enpresak ez duela zerbitzuarekin jarraituko 2020ko martxora arte (data horretan Grup La Pau hasiko da zerbitzu hori eskaintzen) eta Eusko Jaurlaritzak premiarekin negoziatuko duela zenbait enpresekin ez dadila gabeziarik egon.

Larrialdiak enpresa zerbitzua uzteaz gain, EAEtik fisikoki desagertuko da eta hainbat epai judizialen ondorioz langileekin dituzten zorrei, ordaindu gabeko kitapenak eta langile guztien abenduko aparteko ordainsariak gehitu behar zaizkie.

Urtarrilean zehar, LAB Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan egon da RTSUko langileen eta anbulantzia zerbitzuko langileen egoerari buruz hitz egiteko. Azaldu digute Eusko Jaurlaritzak premia handiz kudeatu behar izan zuela hiru enpresa ezberdinen kontratazioa Araban zerbitzu hori ematen jarraitzeko eta, premiaren ondorioz, denbora behar dutela zerbitzua beharrezkoa den kalitatearekin eskaini ahal izateko. Larrialdiak dituen zorrei dagokienez, azaldu digute zerbitzu juridikoek enpresak Eusko jaurlaritzan ordaindu zituen fidantzen kontura kitatzeko aukera aztertzen ari direla.

Gure ustez eta enpresa berriak sartu zirenetik hilabete pasa dela aintzat hartuta, RTSUko langileak hainbat oztopo ari dira izaten euren lana bermeekin egin ahal izateko. Eta horixe da, hain zuzen ere, gure aldarrikapenaren erdigunea. Eusko Jaurlaritzak duen ardura, baldintzak betearazteko eta enpresei exijitzeko denon artean ordaintzen dugun anbulantzia zerbitzua kalitatezkoa izan dadila, bai sektore horretan lan egiten duten profesionalentzat, bai herritar guztientzat.

Zentzu horretan, LABen argi daukagu zerbitzu hori herri-administrazioak modu zuzenean kudeatzen badu bakarrik ziurtatu ahalko dela langileen lan-baldintzak errespetatzen direla eta zerbitzuak modu egokian eta dagokion kalitatearekin funtzionatzen duela.

Zerbait positiboa azpimarratu behar badugu, esan dezakegu, enpresa berriak sartu direnetik, EAEn gaixoak eta zaurituak anbulantzietan garraiatzeko zerbitzuaren I. hitzarmen kolektiboa aplikatuko dela, horrek dakartzan hobekuntza ekonomikoekin eta laneko eskubideen hobekuntzarekin.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...