Amiantoarekin lan egitearen ondorioz, astearte arratsaldean hil zen Irungo CAFeko langile ohi Felix Vazquez. Honen aurrean, CAF Irungo langileak beilatokira joan ziren Felixen sendiar elkartasuna adieraztera, eta, gaur, 10:00etatik 11:00etara, geldialdia egin dute. Hain zuzen ere, geldialdi horretan beilatokiko bidean kokatu dira zendutakoari azken agurra emateko, eta familiari berriro elkartasuna adierazteko. Ondoren, elkarretaratze bat egin dute.
Irungo lantegian bere lanpostuan amiantoa arnastegatik hildako hirugarren langilea da Felix Vazquez. Beasainen 37 hil dira dagoeneko. Hala, Irungo CAFeko enpresa batzordeak zuzendaritzari eskatu dio onar dezala bere ardura, eta amiantoarekin lan egitearen ondorioz gaixotzen diren lankideen eta bere familiaren sufrimendua areagotzen duen borroka judiziala ekidin dezala.