2025-03-22
HomeZerbitzu PribatuakAnbulantziakAmbuiberica Bizkaiko anbulantziak eta langileak erabiltzen ari da Arabari zerbitzua emateko

Ambuiberica Bizkaiko anbulantziak eta langileak erabiltzen ari da Arabari zerbitzua emateko

LAB sindikatutik egoera salatu nahi dugu berriro, eta dei bat luzatzen diogu Eusko Jaurlaritzari puntu honetaraino iritsi beharko ez litzatekeen egoera konpon dezan. Berriro aldarrikatzen dugu halako ezinbesteko zerbitzu bat enpresa pribatuen esku gera ez dadila, Administrazio Publikoak beregain har dezala, enpresek euren interes ekonomikoen alde jokatzen baitute bakarrik.

Ambuibericak beregain hartu du Arabako Osakidetzako programatutako zerbitzuaren kontratua. Zerbitzu berezi honen lana erabiltzaileak kontsultetara, tratamendura (erreabilitazioa, erradioterapia, dialisisa…), froga medikuetara, ospitaletako altak eta zenbaitetan larrialdietara eramatea da. Lan honen kudeaketa Arrigorriagako anbulantzien egoitzatik egitea erabaki du, Bizkaiko programatutako zerbitzurako erabili ohi den langile eta baliabide berak erabilita. Bizkaiko kudeaketaren ardura 2018ko maiatzetik du Ambuibericak.

Baliabiden optimizazio gisa uler daiteke hau, baina errealitatea oso bestelakoa da. Maniobra honekin, Ambuibericak Bizkaiko baliabideak erabiltzen ditu, zeinengatik diru oparoa jasotzen ari den, Arabari zerbitzua eskaintzeko. Eta honengatik ere diru oparoa jasotzen ari da. Berez, diru hori Araban lan egin beharko luketen langileentzat izan beharko litzateke, baina langilerik ez dago Araban.

Gainera, egoera hau beste oztopo bat da Bizkaiko zerbitzuaren ahalmen operatiboarentzat, dagoeneko nahiko kaltetua dagoen zerbitzuarentzat, enpresaren kudeaketa negargarriaren ondorioz. Eta egoerak okerrera egin du Bizkaian: kontratua esleitu zenetik, 30 langile gutxiago daude orain (enpresak kopuru bera kobratzen jarraitzen du, hala ere) eta behin behinean bi urte lanean daramaten zortzi langileri kontratua berritzeko asmorik ez dago; programatutako zerbitzuko langileak beste zereginetan erabiltzen dituzte (larrialdiak, prebentzioko koberturak, IMQ, bidaia pribatuak, mutuak…), Eusko Jaurlaritzarekin sinatutako kontratuak garbi esaten duenean programatutako zerbitzuko langileak soilik horretan ariko direla; langile askoren lan bizitza eta bizitza pertsonalaren arteko kontziliazioa ezinezko egiten dute lan baldintzek; eskura dauden baliabideen kudeaketa txarra da, gutxi (lan arriskuei lotutakoak, langileen artean osasun arazoak sortuz) eta kalitate txarrekoak izanik (anbulantziak oso zaharkituak daude, batzuetan gurpil zulatuak dituzte).

Ondorioak argiak dira, ikusgarriak (erabiltzaileei galdetu): ohiko atzerapenak, justifikaezinak, ordu batzuetakoak kasu batzuetan, larrialdietako zerbitzuetan ere; kontsulta eta tratamenduak galtzen dira, horietako batzuk ezin direlarik berreskuratu, erabiltzaileentzat dakarren osasun arazoarekin; osasun sistema publikoaren prozedimentuetan eta funtzionamenduan eragina; eta abar.

Laburbilduz, Ambuibericak ziria sartu dio Eusko Jaurlaritzari eta, batez ere, herritarrei, hauek baitira zerbitzu on bat jaso beharko luketenak eta hori horrela izan dadin ordaintzen dutenak, zerga eta Gizarte Segurantzari egiten zaizkion kontribuzioekin. Hala ere, badirudi Eusko Jaurlaritza ziria sartzen uzten diola enpresari, ez baitago kezkatuegia egoerarekin.

Duela urtebete baino gehiagotik, LAB sindikatuak salaketa ugari aurkeztu ditu Lan Ikuskaritzan, langileen eskubide eta lan baldintzen kontrako etengabeko erasoak direla eta, gainontzeko sindikatuek eta Ambuibericako enpresa batzordeak berak egin bezala. Azken honek eman dio egoera kezkagarriaren berri Osasun Departamentuari. Honek, baina, ez du ezertxo ere egin; hortaz, ulertzen dugu ondo iruditzen zaiola bi aldiz ordaintzen egotea zerbitzu batengatik, eta zerbitzu hori modu negargarrian gauzatzen aritzea, horrek dakarren kaltearekin egoera zail eta deikatuan egon ohi diren erabiltzaileentzat.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Sunsundeguin ekintzara pasatzeko deia egiten du

Une honetan 300 lanpostu baino gehiago daude jokoan Altsasun; etorkizunerako estrategikoa dirudien sektore batean, merkatua duen produktu batekin. Sunsundegui azaroaren 5ean borondatezko hartzekodunen konkurtsoan sartu zenetik 4 hilabete betetzera doazenean, legezko epeak erretzen joan dira. Oraindik ez da zehaztu balizko inbertsore baten aukerak aurrera egingo duen ala ez.

LABek Hezkuntza Saileko sukalde eta garbiketako langileen hitzarmena sinatu du 16 urteren ondoren

Azken urteetan hamaika mobilizazio, greba, salaketa egin ditugu Hezkuntza Saileko kolektibo feminizatuenaren eta lan baldintza prekarioenak dituenaren lan baldintzak errespetatu eta hobetu daitezen. Pribatizazio prozesu bortitzena jasan duen sektorea da, zerbitzuetako lan batzuk azpikontratatuta baititu sailak.

Premiaz, Palestinaren alde kalera

LABek bat egiten du Gernika-Palestinak deituta bihar 17:30ean Donostian egingo den manifestazioarekin.