2024-12-22
HomeEkintza SindikalaAmazonen jazarpen sindikala berehala eteteko eskatu dugu

Amazonen jazarpen sindikala berehala eteteko eskatu dugu

Prentsaurreko masiboa deitu dugu gaur Bilbon, enpresak Trapagarango lan zentroko grebalarien kontra darabiltzan jazarpen eta zigorrak salatu eta Amazon exprime y reprime lelopean elkartasun dinamika bat abiatzeko.

Plantillak antolatu eta lan zentroko hitzarmen baten alde mobilizazio-dinamika bati ekitea erabaki zuenetik, enpresa etengabe saiatu izan da 18 lanuzteen eta greben inpaktua gutxitzen, Manpower Aldi Baterako Laneko Enpresaren bidez aldi baterako langileak kontratatuz eta langileei banaka presioa eginez. Langileek mobilizazioak masiboki babestu dituztela ikusita, enpresa zigorrak ezartzen hasi da mezu argi bat bidaltzeko asmoz: grebetan parte hartzeak ondorioak ditu.

Enpresak berak onartzen du 2019ko ekainean zentroa ireki zenetik, 14 zehapen-prozedura izapidetu direla. Ez da kasualitatea lehen zigorra 2021eko lehen grebaren ondoren etortzea. Zigor horiek guztiak grebetan parte hartu duten langileei ezarri zaizkie.Zigor horiek hitzezko ohartarazpenak, lanik eta soldatarik gabeko egunak eta kaleratze bat izan dira. Gehienak enpresan ordezkaritza handiena dugun eta lan-baldintzen hobekuntzarako borroka bultzatu dugun LAB sindikatuko gertukoei, afiliatuei eta delegatuei ezarri zaizkie. Zehapenen kausak desberdinak dira, baina guztiek dituzte bi elementu komun: grebalariei ezarri zaizkiela eta enpresak gertaerak desitxuratu dituela, zigortzeko moduko jokabide bihurtzeko.

Amazonek, errealitatea bihurritzeaz gain, diziplina-erregimenaren erabilera maltzurra egiten du, arintzat tipifikatutako gertaerei zehapen larriak ezarriz. Kasu batzuetan, zehapen-prozesuan ezarritako epea ere ez du errespetatzen, eta langilearen defentsarako eskubidea urratzen du. Langileek, errepresio-uholde hori geldiarazteko, barneko jazarpen-protokoloa aktibatu behar izan dute. Ildo horretan, nabarmendu nahi dugu enpresan ohikoak diren jokaerak eta lan egiteko moduak zigortu egin direla, plantillarentzat ezezagunak diren ustezko barne-protokoloak argudiatuz.

Gainera, bideozaintza-zerbitzua gehiegikeriaz eta bidegabeki erabili da instalazioen barruan, eta langileak zelatatzeko erabili dira. Duela gutxi, Barakaldoko lan arloko 3. epaitegiak zigortu egin du, segurtasun-kamerak behar bezala ez erabili izanagatik. Ondorioz, LAB sindikatuko zerbitzu juridikoek egindako defentsari esker, kaltetutako pertsonari lanik eta soldatarik gabeko egunen zigorra itzultzera zigortu dute Amazon.

Sindikalismoaren jazarpen hori Amazonek banaketa-zerbitzurako erabiltzen dituen azpikontratetan ere nabarmentzen da: azpikontratatutako garraio-enpresa bateko plantilla antolatzen den bakoitzean eta bere eskubideak betearazteko borrokan hasten den bakoitzean, Amazonek kontratua deuseztatzen du eta ez du berritzen. Horren erakusgarri da VAYVEN enpresaren kasua; izan ere, antolatutako plantillak lortu zuen (borrokaren bidez eta bide judizialaren bidez) Bizkaiko garraio-hitzarmena aplikatzea, mezularitzako estatu-hitzarmenaren ordez, eta, horrela, lan-baldintzak hobetzea. Amazonek, bere onura ekonomikoei uko egin nahi ez izateagatik, kontratua amaitzea eta 23 pertsonaren kaleratzea bermatzea erabaki zuen.

Hauek ez dira gertakari isolatuak: jazarpen sindikala Amazonen DNAn dago. Enpresa-politika hori munduan zehar hedatzen da. Horren erakusgarri dira GMB sindikatu britainiarrak enpresaren aurka hasitako lege-ekintzak, Coventryko lantegian langileak sindikatua uztera bultzatzeagatik.


LABen ez gaude prest prest Amazonen errepresio hori onartzeko. Eskubide sindikalak urratzen ari direla uste dugu, eta argi dugu langile bat ukitzen badute, guztiak ukitzen gaituztela. Horregatik, gaur prentsaurrekoa deitu dugu, ez LABek Amazonen duen atal sindikal gisa, sindikatu gisa baizik: zigor horiek sindikatu beraren aurka argi eta garbi zuzendutako mehatxua dira, eta horren arabera jokatuko du.

Ikaratu beharrean, LABeko komunitatetik elkartasuna adierazten diegu langileei, irmo jarraitzen baitute haien aldarrikapenetan. Antolaketaren eta borroka kolektiboaren bidez bakarrik gelditu ahal izango da merkataritza elektronikoaren erraldoi hau.

Alde batetik, mehatxuei erantzuten diegu: gaur elkartasun dinamika bati ekin diogu, eta bertan parte hartzera gonbidatzen ditugu Euskal Herriko langile zein kolektibo sozialak, Amazoneko beste lantegietako atal sindikalak eta nazioarteko erakunde sindikalak. Bestalde, zigorrak judizializatu ditugu, eta, esan bezala, dagoeneko badugu lehen ebazpen bat, enpresaren jokabidea abusuzkotzat jo duena eta enplegurik eta soldatarik gabeko zehapena kentzera behartu duena. Azkenik, plantillaren baldintzak hobetzeko modurik onenean erantzungo dugu, ekintza sindikal gehiagorekin. Merezi duten hitzarmenaren alde borrokatzen jarraituko dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...