2025-04-15
HomeEkintza SindikalaAmazonen historian lehen lanuzteak deitu ditugu urriaren 17rako, Trapagarango lan zentroan

Amazonen historian lehen lanuzteak deitu ditugu urriaren 17rako, Trapagarango lan zentroan

Trapagarango Amazon logistika-zentroak 109 langile ditu, eta LAB da bertako sindikatu nagusia. Merkataritza elektronikoko erraldoiaren logistika-zentroko langileek lan-baldintzak hobetzeko eskatzen dute, ezin dute bizi duten egoera gehiago jasan eta nazkatuta daude. Datorren astelehenean, urriaren 17an, Jeff Bezosen Amazon enpresako Trapagarango lan-zentroan 4 ordutako lanuztea deitu du LABek, 5:30etik 9:30era, zentroko lehen hitzarmenaren negoziazioa eskatzeko.

Langileek euren baldintzak hobetzea eskatzen dute, gutxienez, eurentzat oso garrantzitsuak diren hiru gaitan:

KPIari lotutako soldata-igoerak. Amazonek gutxieneko lan-baldintzekin jarraitzen du Bizkaiko garraio- hitzarmen kolektiboan, ia hobekuntzarik eskaini gabe salgaiak errepidez garraiatzeko pentsatuta dagoen hitzarmen batean, baina ez hainbeste zentro logistikoetan. Amazonek langileek zentro logistiko gisa duten errealitatera egokitu behar du, KPIari lotutako soldata-taulak dituzten benetako lanbide- kategoriak jasotzen dituen hitzarmen baten bidez.

Larunbatetan eta igandeetan lana mugatzea. Langileak nazkatuta daude, gero eta asteburu gehiagotan lan egiten dutelako, eta, gainera, inolako pizgarririk gabe. Asteburu eta jaiegunetako lanordu kopurua mugatu nahi dute, eta ordu horiek saritu daitezen.

Banatzaileen subrogazio-eskubidea. Amazonen paketeak banatzeko azpikontratatutako enpresetako langileek izugarrizko prekaritatea jasaten dute. Jarduera garatzeko ezinbesteko zerbitzua izanik, ezegonkortasuna, egutegi falta, soldata baxuak eta, hori gutxi balitz, aplikatzen zaien estatu mailako mezularitza-hitzarmenak ez du subrogazioa bermatzen. Ezinbestekoa da subrogazioa jasotzea, banatzaileen negoziazio-ahalmena handitzeko. Ezin dugu inor atzean utzi.

Amazonek hazkunde-aurreikuspen oso nabarmenak ditu etorkizun hurbilerako, eta azken urteotan ere oso emaitza onak izan ditu. Gogoratu behar da konpainiak, Espainiako Estatuan, 692.044.000 euro fakturatu zituela 2021ean; eta 2020an, pandemia bete-betean, 566.392.000 eurotako fakturazioa izan zuela. Bi zerga-ekitaldietan, 3.562.000 euroko irabazi garbiak aitortu zituen. Etekin horiek langileen lanaren emaitza dira, eta enpresak langileen artean banatu behar du aberastasuna.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Beste lan heriotza bat garraio sektorean

Atzo, Hernanin, E.P.R. 57 urteko garraiolaria hil zen lan-istripu ez traumatikoan, Repsolek A-8an duen gasolindegian erregaia kargatzen ari zela. Hildako langilea Iruñeko Getze (Nafarroa) herriko Transportes Petrolíferos Coordinados SL enpresakoa zen. Heriotza honekin, dagoeneko 18 dira aurten Euskal Herrian lan-istripuz hildako langileak.

Nafarroako ezkerreko alderdi eta sindikatuok bakearen aldeko eta berrarmatzearen aurkako manifestua aurkeztu dugu

Nafarroa Garaiko EH Bildu eta Contigo Zurekin koalizio politikoek eta LAB, CGT, Steilas, Solidari, ESK, EHNE eta Hiru sindikatuok bakearen aldeko eta berrarmatzearen kontrako manifestua aurkeztu dugu gaur Iruñean. Manifestuaren sinatzaileok gogor salatu dugu azkenaldiko gorakada militaristan koxka bat gehiago igotzea ekarriko duen Europako Batasunaren berrarmatze plana. Sinatzaileok adierazi dugu Nafarroako langileek ez dutela behar ez bonbarik, ez tankerik, eskubide eta berme sozialak baizik, eta berretsi dugu Europako herriek bakearekin, subiranotasunarekin eta gehiengo sozialen eskubideen defentsarekin dugun konpromisoa.

Maiatzaren Leheneko aurtengo irakurketa eta Nafarroako mobilizazioen berri eman du LABek gaur Iruñean

LABek, Imanol Karrera bozeramailearen eta hogei militante baino gehiagoren bitartez, agerraldia egin du gaur Iruñeko Gazteluko Plazako kioskoan, sindikatuak aurtengo Maiatzaren Lehenari begira egiten duen irakurketa aurkezteko –gutxieneko soldata eta pentsio propioak lortzeko borrokan oso fokatua–, eta hiriburuan zein Tuteran Langileen alde esloganarekin eginen dituen mobilizazioen berri emateko.