2025-04-22
HomeLAB SindikatuaLABAldebakartasun eta inposiziorik gabeko deseskalatzea eskatzen dugu

Aldebakartasun eta inposiziorik gabeko deseskalatzea eskatzen dugu

Eusko Jaurlaritzako Industria, eta Garapen Sailak, bihar egingo den bilera batera deitu gaitu, irizpideak trukatzeko, jardun ekonomikoaren sektore desberdinen egoera ikusteko eta deseskalatze prozesuaren estrategiari buruz aritzeko.

Arantzan Tapiak gidatzen duen Sail honek deitzen duen hirugarren bilera da hau. Aurreko bietan eragile bakoitzaren ikuspuntua eskatzera mugatu ziren egoeraren irakurketari buruz, inongo proposamenik ekarri gabe, eta arlo sindikaletik egindako ekarpenei inongo jaramonik egin gabe. Argi geratu zen bilera bi horietan Arantza Tapiaren helburu bakarra, bileran parte hartu genuenekin argazki bat lortzea zela.

Ordutik hona Jaurlaritzak, alde batetik oinarrizko jardunak ez zirenak gelditzea ebatzi zenean, geldialdi hau ez egiteko presio egin eta irizpideak atera zituen patronalaren interesak defendatuz, eta beste aldetik oinarrizko jardunak ez direnak berriz martxan jartzeko patronalaren neurrira eta langileen osasuna bermatzen ez duen gida atera zuen, sindikatu honek egin zituen ekarpen bat ere kontutan izan gabe.

Jaurlaritzaren jarduna arlo sozial eta ekonomikoan aldebakartasunean eta inposaketan oinarritu izan da. Langileen ikuspuntua, interesak eta osasuna ez du kontutan hartu nahi izan, eta patronalaren neurrira egindako erabakiak hartu eta honen interesak defendatzera mugatu da.

Madrilgo Gobernua ere pandemia honen kudeaketa erabiltzen ari da zentralizazioan pauso berriak emateko, botere ekonomikoaren interesak eta estatu eredua inposatuz.
Beraz herri honetako langileok Madrilgo zentralizazioan eta Madril, Gasteiz eta Iruñean aldebakartasun eta inposizioen aurrean aurkitzen gara.

Euskal Herrian, bertatik eta bertara eginiko plan orokor eta anitza behar dugu egoera guzti honi aurre egiteko. Plan hori bertoko eragile sozial, politiko, ekonomiko eta instituzional guztien partaidetza eta ekarpenarekin egin behar da. Nahikoa da estatu zein EAE eta Nafarroako gobernuak erabakiak aldebakartasunez hartzeaz eta inposatzeaz.

LABek biharko bileran parte hartuko du, eta bere irakurketa eta proposamenak egingo ditu. Baina bilera hau ere Arantza Tapiak argazki soil bat ateratzeko baliatzen badu, eta, sindikatu honek egiten dituen ekarpenei inongo jaramonik egin gabe, patronalaren neurrira eginiko aldebakarreko erabakiak hartzen baditu, langileei lepoa emanez, LABek ongi aztertuko du hurrengo deialdietan parte hartzea.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enviserreko langileek greba gogortu dute, protestaren hirugarren astean

Hiriko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzeko Gasteizko Udalaren kontrata den Enviser enpresako langileek hiru aste bete dituzte greban. Baldintza duinak jasoko dituen hitzarmen propio bat lortzea da beren helburua. Hainbat langilek Gasteizko udaletxearen aurrean pasa dute gaua, azken honen inplikazioa eskatzeko.

LABek ontzat jo du Iruñeko Udalaren eta alokairuzko bizikleten enpresaren artean sinaturiko akordioari esker langileei zor zitzaizkien soldatak ordaintzea

LAB sindikatuak duela bi aste salatu zuen Ride On Pamplona Iruñeko alokairuko bizikleta elektrikoen zerbitzuko langileak egoera larrian zeudela, sei hilabete baitzeramatzaten nominak berandu kobratzen eta, gainera, enpresak bi nomina oso zor baitzizkien. Iruñeko Udalak eta Ride On-ek gaur iragarri duten akordioaren arabera badirudi zerbitzuaren jarraipena bermatuko dutela eta enpresak berehala kitatuko dituela langileekin dituen zorrak.