2025-02-25
HomeEkintza SindikalaAldarrikatuko dugu Euskal Herriak ahots propioa izan behar duela CAF taldeko Enpresa...

Aldarrikatuko dugu Euskal Herriak ahots propioa izan behar duela CAF taldeko Enpresa Batzorde Europarrean

Azaroaren 27an bilduko da lehen aldiz CAF taldearen Europako Enpresa Batzordea izango denaren oinarriak adostu beharko lituzkeen negoziazio-mahaia. Bilera hau Beasaingo lantegian egingo da, 10:00etatik aurrera.

Zuzendaritzaren politika espantsionistaren ondorioz, CAFek 12.000 langile baino gehiago ditu Europako 19 lurralde desberdinetan. Enpresaren egoitza nagusia Beasainen dago, eta langile gehienak, 5.000tik gora, Euskal Herrian kokatzen dira. Espainiako Estatuko gainontzeko lurraldeetan, CAFek 2.300 langile inguru ditu, eta Polonian 2.500 inguru. Frantziako Estatuan, CAF taldeak 1.000 pertsona inguru ditu, Suedian bezala; Italian, berriz, 350 langile baino gehiago. Horri gehitu behar zaizkio Alemania, Austria, Belgika, Danimarka, Grezia, Hungaria, Letonia, Lituania, Luxenburgo, Herbehereak, Txekiar Errepublika, Eslovakia eta Errumaniako ordezkaritzak eta filialak.

Horrekin guztiarekin, CAFeko Zuzendaritzarekin Europako Batzordearen osaera eta funtzionamendua negoziatzeaz arduratuko den negoziaketa mahaia Euskal Herriko, Espainiako Estatuko, Poloniako, Frantziako, Italiako, Lituaniako, Letoniako, Txekiar Errepublikako eta Suediako langileen 15 ordezkarik osatuko dute.

LABen ustez, langileon interesak defendatzeko, ezinbestekoa da etorkizuneko foro horretan Euskal Herriak ahots propioa izatea. Ez dago ulertzerik euskal multinazional baten Batzorde Europarrean, euskal langileon ordezkaritza disolbatuta gelditzea estatuen araberako antolaketa huts baten ondorioz. Oraindik eta ulergaitzagoa da hau, langileon gehiengo zabal bat Euskal Herrian egonik.

Prozesu honetan, Espainiako Estatuko sindikatu ofizialistek interes korporatiboak defendatzen dituzte argi eta garbi. Sindikatu txikienen parte-hartzea, estaturik gabeko nazioena edo Komite eredu sozialago bat izatea, oztopo dira sindikatu mota horiek bilatzen dituzten interes propioentzat. Patronalaren interesak ere noski, ez dira bat etorriko era honetako Komite eredu batekin.

LABek Europako Enpresa Batzorde parte-hartzailea, soziala eta internazionalista bultzatuko du, langileon interesak defendatzeko. Bide horretan, CAF taldeko Euskal Herriko, Espainiako Estatuko eta Europako sindikatuekin aliantzak bultzatzen jarraituko dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Ondarroa, Lekeitio eta Markinako udalerriei Arkautek jarritako oztopoen aurrean, LAB sindikatuak berresten du Udaltzaingo prozesu propioen aldeko hautua

Ez da lehenengo aldia sindikatu hau Arkautetik bultzatzen diren udaltzaingoen deialdi bateratuen kontra agertzen dela.

Confebaskek gutxieneko soldata adosteko mahaiari jarritako betoa gainditzeko ekimen berria iragarri du euskal gehiengo sindikalak

Pasa den otsailaren 6an, Confebaskek ezezkoa eman zion gutxieneko soldata propioa adosteko mahaia eratzeari, sindikatu guzti-guztiek egindako eskariari muzin eginez. Patronalaren jarrera erabat onartezina da, bai forma aldetik baita funtsari dagokionez ere.

Justiziak arrazoia eman dio LABi Amazoneko jazarpen sindikalaren inguruan

LAB sindikatutik pozez hartzen dugu Bilboko Lan Arloko 2. Epaitegiak emandako epaia, gure etengabeko salaketak baieztatzen dituena: Amazonek gure ordezkari sindikalak jazartzen ditu eta langileen askatasun sindikala urratzen du.