2024-12-22
HomeEkintza PolitikoaAldarrikapen Eguna deitu dugu lantokietan urtarrilaren 27rako

Aldarrikapen Eguna deitu dugu lantokietan urtarrilaren 27rako

LABen Nazio Biltzarra elkartu da, eta Euskal Herrian mobilizazio ziklo berri bat sustatzeko beharraz egin du gogoeta. Honekin lotuta, sindikatuak Aldarrikapen Eguna deitu du lantokietan urtarrilaren 27rako.

Pandemia garaiak gogor kolpatu du euskal langileon bizimodua. Lan-merkatua astindu du, aurretik zetorren prekarizazio prozesua azkartuz, eta desberdintasun sozialetan sakontzea ekarri du, pandemia aurretik aberastasunaren banaketa desegokia bazen, are eta alde handiagoa dugu orain. Bi urteko ibilbide malkartsuan, agerian geratu dira sistema honen hutsuneak; osasun sisteman, zaintzan eta oinarrizkoak diren lanetan, esaterako. 

Lan munduan ez da lan erreforma indargabetzeko erabakirik hartu eta sustatutako moldaketak askiezak dira edota ez diete euskal langileen beharrei erantzuten. Beste horrenbeste esan dezakegu pentsio erreformari buruz. 

Ildo beretik, EAEko zein Nafarroako aurrekontuek ez diete erantzunik ematen langileon behar eta aldarrikapenei, ez dituzte politika neoliberalak alboratu eta ageriko hutsuneak dituzte.

Baditugu, beraz, arrazoiak Euskal Herrian ziklo mobilizatzaile berria irekitzeko, indar-harremanak langileon alde jartzeko. Tamalez, mugarri behar zukeen Greba Orokorraren bidea zapuztu bada ere, geure asmoei eusten diegu: lantokietan borroka sindikalak biderkatzera goaz, kalean dinamika soziala hauspotu eta lan eta bizi baldintzak eraldatzeko euskal bide orria sustatzea dagokigu. Norabide horretan proposamen bi egin ditugu: bata, enpleguaren esparrua arautuko lukeen Euskal Lan Kodea, eta bigarrena, Gizarte Segurantzako Lege Propioa, pertsona guztion zaintza eta osasun-beharrei erantzungo liekeena.  

Aldi berean, lan munduan aldaketarako oinarrizkoak jotzen ditugun aldarrikapenekin LABetik patronalari lanbide arteko bost akordio proposamen egin dizkiogu, sektoreetako eta lantokietako borrokekin, langileon egunerokoarekin erabat konektatu dauden aldarriak dira. Proposamen hauek ez dute negoziazio kolektiboa ordezkatzen, baina bertan dauden arrakala eta ahulguneak gainditzeko modua emango ligukete. Era berean, lan munduan behar dugun aldaketa egungo elkarrizketa sozialeko mahaietatik ere ez da etorriko. Eremu politikotik mahai antzu horien apologia egiten dutenek hobe lukete jarrera proaktibo bera patronala interpelatzeko baliatzea; akordioetarako bidea errazagoa litzateke, zalantzarik gabe.

Aldaketak, adostasunak, ez dira, berez etorriko, langileon aktibaziotik baizik. Horregatik, urtarrilaren 27rako Aldarrikapen Eguna deitzen dugu Euskal Herriko lantokietan, tokiko borrokak lan mundua eraldatzeko oinarrizko aldarrikapenekin lotuz. 

Aldarrikapenak

-1.400 euroko gutxieneko soldataren bidean urratsak ematea.

-Gehienez 30 orduko asteko lanaldiaren bidean urratsak ematea.

-Genero arrakala gainditzea

. Kontratazio-promozio gardentasuna

. Diskriminaziorik ez

-Enplegu suntsiketa amaitzea

. Kaleratze kolektiboak egiteko arrazoiak gogortu

. Kaleratzegatiko kalte-ordainak handitu. 

. Bidegabetzat jotzen diren kaleratzeetan langileek erabakitzea kalte-ordaina onartu ala lanpostura itzultzea. 

. Lan agintaritzaren esku-hartzea berreskuratu

. Subrogazio eskubidea

-Lanaldi partzialak mugatzea

. Gutxieneko lan jardunaldi bat ezarri

. Lanaldi partzialak inposatzeagatik penalizazioak enpresarentzat

-Enplegu publikoa egonkortzea

Lantoki bakoitzaren egoeraren arabera lehentasunezkotzat dugun aldarria edo aldarrien bueltan langileak batzeko ekimenak (lantoki bakoitzeko baldintza eta aukeren araberakoak) sustatuko ditugu. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...