2024-12-22
HomeEkintza SozialaEskubide Sozialen KartaAldaketa sozialaren beharra eta alternatiba aldarrikatuko dugu martxoaren 14an

Aldaketa sozialaren beharra eta alternatiba aldarrikatuko dugu martxoaren 14an

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak aldaketa sozialaren alde dagoen orori larunbat honetan, hilak 14, Bilbon eta Iruñean izango diren manifestazioetan parte hartzeko deia luzatu diegu gaur Bilbon. Kartatik 16 puntuko Programa Soziala eratu berri dugu Euskal Herrian bizi eta lan egiten dugun pertsona guztiek aukera berdintasunasunean oinarritutako bizi baldintza duinak izan ditzagun. Gaurdanik eremu instituzionaletik abian jarri beharreko neurriak dira denak, eta hori aldarrikatuko dugu martxoaren 14an. Euskal Herria da euskal herritarron eskubideak bermatzeko subjetu burujabea eta alternatiba hor kokatzen da.

Agerraldian Ainhoa Etxaide, LABeko idazkari nagusia izan da eta besteak beste, martxoaren 14ko mobilizazioak Euskal Herriak behar duen alterbatibarako "fase berria" irekitzeko bidean pauso garrantzitsu bat dela esan du.

Egungo eredua eskubideen deusestean oinarritzen da Etxaiderentzat,  eta horrekin amaituko duen alternatiba herritarron esku dagoela aipatu du.  

Larunbateko hitzorduaren garrantziari erreparatuz, Etxaidek larunbatean Iruñea eta Bilbo kolorez eta aldarrikapenez betetzeko deia egin die euskal langile guztiei.

Aldaketa sozialaren beharra eta alternatiba badaukagula adierazteko martxoaren 14an kalera ateratzeko deia egin du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak

«Euskal Herria da euskal herritarren eskubideak bermatzeko subjektu burujabea eta Euskal Herriko instituzioek honen arabera jardun behar dute. Hari horretatik tiraka, 16 puntuko Programa Soziala eratu dugu gaurdanik eremu instituzionaletik abian jarri beharreko neurri zehatzekin. Instituzioek herri borondatea errespetatu beharko dute. Eta bermatu beharko dituzte Kartak jasotzen dituen oinarrizko eskubide ekonomiko eta sozialak, Euskal Herrian bizi eta lan egiten dugun pertsona guztiek bizi baldintza duinak eta aukera berdintasuna izan ditzagun.

Bilerak eskatu ditugu Urkullu Lehendakariarekin; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Diputatu Nagusiekin, eta Nafarroako Parlamentuko Ekonomia eta Ogasun Batzordean.

Zoritxarrez, instituzio gehienek, Araba eta Bizkaiko Foru Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak, uko egin diote gurekin elkartzeari. Honek argi uzten du zein den euren jarrera Kartak bere egin dituen gizarte-aldarrikapenekiko, ez dituzte politikaren lehentasunak aldatu nahi, egungo ereduan eroso bizi direlako. Ezin izan dizkiegu gure aldarrikapen eta eskariak zuzenean helarazi, baina goiz edo beranduago entzun beharko gaituzte.

Kartak eginiko eskariari erantzunez, Nafarroako Parlamentuaren Ekonomia eta Ogasun-Batzordean egon ginen, Kartaren ardatzak eta Programa Sozialaren aldarriak partekatzen. Konpromisorik ez, ordea!

Gipuzkoako Foru Diputatuak, Martin Garitanok, Politika Sozialeko arduradun den Ander Rodriguez-ekin hartu gintuen. Azken hauek konpromisoa hartu zuten Gipuzkoako Foru Aldundiaren jardurari buruzko memoria bat aurkezteko, non eskubide sozialak bermatzeko egindako lana Programa Sozialean jasotakoarekin alderatuko duten. Era berean, Politika Sozialen eremuan dituzten erronkak eta aurrera begirako asmoak Kartarekin partekatzeko konpromisoa hartu zuten.

Ikusi dugun moduan, instituzioen jarrera hotza izan da. Hala ere, gizarte-eragile desberdinek harrera beroa egin diete Eskubide Sozialen Kartan jasotako aldarrikapenei eta martxoaren 14ko manifestazioetan parte hartzeko deia egin dute. Horren erakusgarri ditugu Euskal Herriko Pentsionisten plataformak, otsailaren 25ean Bilbon egindako asanbladan Kartarekiko atxikimendua erakutsi zutenak; martxoaren 3an Gasteizen egindako omenaldi eta manifestazioan parte hartze aktiboa eta ahots propioa izan genituen; Emakumeen Mundu Martxaren asanblada feministak bere atxikimendua adierazi du; “Natura eskubideen jabe” manifestua adostu duten sindikatu eta ingurumen-eragileak, edota Bizkaiko langabetuen asanbladak… Eta ez genuke sindikatuen ekarpena ahaztu nahi, ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek orri bateratua atera dute lan-munduari begira manifestazioetan parte hartzeko dei eginez.

Honetaz aparte, aurrera jarraitzen dute Kartaren aurkezpenek herriz herri (Plentzia, Eibar, Gasteiz…). Beste herri batzutan hitzaldiak (Ordizian, martxoaren 8aren testuinguruan) eta lan-bilerak egin dira (Bergara, Getaria…). Oarsoaldean eskubide sozialen aldeko jardunaldiak egin ziren otsailean, eskubide ezberdinak landu zituzten saioekin. Aste honetan, esaterako, Ondarrun (bihar), Basaurin (etzi) edo Donostiako EHUn (etzi) aurkezpen eta bilerak izango dira. Manifestazioek sortu duten interesaren lekuko dira txoko ezberdinetatik antolatu diren autobusak.

Manifestazioaren ezaugarritzeari dagokionez, koloretsua eta alaia izatea nahi dugu. Koloretako pankartak eramango ditugu, eredu sozial berriaren ardatzak irudikatuz, eta ardatz bakoitzean inplikaturik dauden protagonistek eramango dituzte pankartak.

Gorria: langile mugimendua.

Lila: mugimendu feminista

Laranja: gazte eta ikasle mugimendua

Horia: bazterketa sozialaren kontra, etxebizitzaren alde, banka eta transnazionalen diktadurari aurre egin.

Berdea: lurraren defentsarako plataforma eta kolektiboak.

Urdina: hizkuntza, hezkuntza eta kultura eskubideak

Urdin argia: pentsiodunak, osasuna, aniztasun funtzionala.

Koloreanitza: aniztasun sexuala, LGTB eskubideak.

Aldarrikapenez bete nahi ditugu kaleak, egitasmo bateratu baten alde. Aldarrikapen ezberdinak eramateko deia egiten diegu bertan parte hartu nahi dutenei; batzen gaituenean jarri nahi dugu indarra, eta ez sigletan. Aldaketa sozialaren beharra eta alternatibak baditugula azpimarratu nahi dugu.

Eskubide Sozialen Karta, herritarron alternatiba, kalera ateratzera goaz. Mobilizazioa gure helburuak lortzeko ezinbestekoa dela esaten genuen eta hori praktikara eramatera goaz. Martxoaren 14an, Bilbo eta Iruñeara joateko deia egin nahi diogu aldaketa sozialaren alde dagoen orori. Bilboko manifestazioa Jesusen Bihotzean hasiko da 17:00etan eta Iruñekoa Antoniutti parkean 17:30ean.»
 

Ainhoa Etxaide, LABeko idazkari nagusia

Etxaide: "Mobilizazio honekin fase berria irekiko dugu EH behar duen alternatiban bide berri bat nagusitzeko"

Etxaide: "Guk ez dugu diskurtso ofizialen kritika bat izan nahi guk egoera aldatu nahi dugu"

Etxaide: "Herritarrak alternatiba eraiki behar dugu eta eragileok bultzada hori emango diogu"

Etxaide: "El actual modelo se sustenta en la destrucción de derechos. Tenemos alternatiba: cambiar las políticas"

M14an bete ditzagun kolorez eta aldarrikapenez

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...