2024-12-19
HomeEkintza SindikalaAlconzan #LortuDugu, 151 eguneko borroka egin ondoren

Alconzan #LortuDugu, 151 eguneko borroka egin ondoren

Berangoko Alconza enpresako langileek amaiera eman diote grebari eta lanera sartu dira, 151 eguneko borroka egin ondoren. Berriro enplegua ez suntsizeko bermea lortu dute eta kaleratutako 25 pertsonak beren lanpostuetara itzultzeko lan-poltsa martxan jarri dute.

LAB eta ELA sindikatuok osatutako Greba Batzordearen oharra:

Atzo amaitutzat eman genion enpleguaren defentsan eta etorkizunaren alde, otsailaren 28an abiarazi genuen greba mugagabeari.

Pausu hau emateko, Alconzaren etorkizuna eta enplegua bermatuko dituen industria- planari buruz hitz egiteko oinarriak adostu ditugu: Berriro enplegua ez suntsitzeko bermea, eta kaleratutako 25 pertsonak beren lanpostuetara itzultzeko lan-poltsa martxan jartzea besteak beste.

151 eguneko borroka, konpromisoa eta duintasuna. Ez bakarrik Alconzako langileena, baizik eta hilabete hauetan gure aldarrikapenekin bat egin eta gurekin borrokatu den herri eta eskualde batena. Bidegabea dela uste dugunaren aurka ez ezik, gure eskualdean eta Euskal Herrian behin eta berriz gertatzen ari den egoera baten aurka ere borrokatuko dugu; enplegua suntsiketa zein gure industriaren pixkanakako desegitearekin, horrek dakarrenarekin; enpresen itxiera, pobretzea eta prekarietatea.

151 egunetan, agerian geratu da Eusko Jaurlaritzaren utzikeria, gure industriaren etengabeko desegitearen eta enplegua suntsiketaren aurrean, Irizarren eredu kooperatiboa; lan-baldintzak prekarizatzen, enplegua suntsitzen eta langileak erabili eta botatzeko klinex gisa tratatzen dituena. Era berean, lan-legediak eta lan-erreformek jokatzen duten papera, enpleguaren suntsiketari eta prekarietateari bide ematen baitiete, inolako kontrolik gabe.

151 egun, non mehatxuak, irainak eta kolpeak jasan ditugu Ertzaintzaren partetik, gure aldarrikapenak isilarazteko asmoarekin. Eta errepresio eta jazarpen horren ondorioz isunak jaso ditugu eta prozedura judizialak ireki dituzte gure lankideen aurka.

151 eguneko borroka honek mugarria jarri du: hemendik aurrera, ezer ez da berdin. Langileria ahaldundu da: haien eskubideen defentsan antolatu eta borrokatu dira. Argi esan dezakegu Ez dugula inposatu nahi diguten etorkizun beltza onartuko , ez baita aukera bat guretzat, borrokatzeak beti merezi duela badakigulako.

Barrutik borrokatzeko garaia da, enpleguaren eta etorkizunaren alde borrokatzeko garaia. Argi daukagulako hau ez dela amaitu. Fase honi amaiera emango diogu, eta fase honi esker, elkartasun sarea eraiki dugu, langileon etorkizuna eta eskualdeko enplegua kolektiboki defendatzeko. Sarea errotuta, posizio indartsuan gaude etorkizuneko erronkei begira lan egiten jarraitzeko.

Azkenik, 151 egun hauetan jaso dugun babesa eta elkartasuna eskertu nahi ditugu. Ez ditugu ahaztu nahi enpleguaren alde eta baldintza duinen alde borrokan ari diren langile guztiak. Hemendik, borroka guztiei horiei gure elkartasun eta babesa helarazi nahi diegu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Madrilen sinatu duten erretiro partzialaren akordioa antzua da eta euskal langileoi negoziazio kolektiboa bahitzen digu

Gaur Madrilen bildu da Espainiako Estatuko Administrazio Publikoen Mahai Orokorra, zeinean LABen parte hartzeko eskubidea lehen aldiz onartu den.

EAEko Hezkuntza Saileko lan legepeko irakasle eta hezitzaileen hitzarmen berria lortu dugu

Hamaika borroka eta 20 urte luzeren ondoren, heziketa bereziko hezitzaileon aitortzarako eta lan baldintzak hobetzeko aurrerapausoak dituen hitzarmena lortu du LABek.

Jaiak guztiontzat dira, eskubideak ere bai!

LABeko etxeko langileen atal sindikala eta Hego Euskal Herriko Etxeko eta Zaintzako Langileen Kolektiboak kanpaina bat egin ari dira sektore horretako langileen eskubideak aldarrikatzeko Gabonetako eta urte berriko jaietan; izan ere, uste dute egun horietan areagotu egiten direla lanaldietako abusuak eta jaiegunetako atsedenerako eskubideak ez errespetatzea.