2025-01-11
HomeIndustriaMetalgintzaAktibazioa aldarrikatzen dugu Arabako metalgintzako behin-behinekotasuna eta berdintasun faltarekin amaitzeko

Aktibazioa aldarrikatzen dugu Arabako metalgintzako behin-behinekotasuna eta berdintasun faltarekin amaitzeko

Gaur, martxoak 6, Arabako metalgintzako mahai negoziatzailea batzartu da eta bertan, behin-behinekotasuna eta berdintasun falta izan ditugu hizpide. SEAk bere benetako aurpegia erakutsi du eta proposamen guztiei ezetz erantzun die. Horren aurrean, LABen ustez, langileon aktibazioaren bidez SEA mugiarazi behar dugu.

Gaurko bileran bi gai nagusi jorratu ditugu, biak ala biak sektoreko arazo nagusietakoak: behin-behinekotasuna eta emakumeek jasaten duten egoera. Lehenengoari dagokionez, hainbat proposamen atera dira iruzurrezko kontratazioari aurre egiteko eta egonkortasuna bilatzeko baina guzti-guztiei ezetz erantzun die patronalak. Hortaz, LABen ustez, SEA enplegu prekarioaren defendatzaile sutsua da, ez baitu arazo hau aldatu nahi.

Berdintasun faltaren inguruan, SEAk uko egin dio berdintasun-planak 50 langiletik gorako enpresetan ezartzeari, eta soilik legeak agindutakoa beteko duela adierazi du. SEAk hartu duen konpromiso bakarra da Sektoreko Berdintasun Batzordeaz hitz egitearena izan da, baina bere jarrera ikusita, LABek proposamen zehatzak egingo ditu batzorde hori benetan eraginkorra izateko, ezerezean gelditzeko arriskua baitago.

Hori guztia kontuan hartuta, LABek uste du SEA bere benetako aurpegia erakusten ari dela, sektoreko arazoei erantzun beharrean prekarietatea iraunkortzea bilatuz. Hau ere bada aurreko hitzarmenen ondorioa, patronala oso eroso dagoelako gutxiengo sindikalak hain merke sinatutakoarekin.

Horren aurrean, LABek argi eta garbi adierazten du soilik langileon aktibazio eta mobilizazioarekin lortuko dugula SEA patronala mugiaraztea.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Dei egiten dugu bihar Sarek Bilbon deitu duen mobilizazioan parte hartzera

Euskal Herriak gatazkaren konponbide bidezko eta demokratikoa behar duela uste dugu LABen. Honekin lotuta, preso, iheslari eta deportatuek behingoz etxean egon behar dutela ere uste dugu, horixe baita bakerantz eta elkarbizitza bidezko eta demokratikorantz aurrera egiteko bidea.

Baskonia-Alavesek bermatu behar du bere obretan ari diren langileak lanetik etxera osasuntsu eta bizirik bueltatzea

LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuok elkarretaratzea egin dugu gaur Gasteizen, Baskonia-Alavesen dendaren aurrean, urteko lehen lan heriotza salatzeko. Urtarrilaren 7an, Baskonia-Alavesen obra batzuetan lanean ari zen I.R.T. 54 urteko langilea hil zen, lurrak mugitzeko makina batek harrapatuta. Construcciones Urrutiak azpikontratatuta, Excavaciones Mendiola enpresarentzat ari zen lanean.

2024ko azken lan heriotza salatu dugu Zornotzan

LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuok kontzentrazioa egin dugu Zornotzako Boroa enpresa-parkean, Forest Trafic enpresaren aurrean. Abenduaren 30ean I.P.C. 41 urteko langilea hil zen enpresan. Langilea inbentario-lanak egiten ari zen biltegian orga jasotzaile batekin, eta garraiatzen ari zen zamaren zati bat gainera erori zitzaion.