2025-04-16
HomeIndustriaMetalgintzaAkordioarekin amaitu da Elecnor Telecomunicaciones Araba-ko greba mugagabea

Akordioarekin amaitu da Elecnor Telecomunicaciones Araba-ko greba mugagabea

38 egun greba mugagabean eta aurretik beste 5 greban egon ondoren, langileek, asanbladan elkartuta, erabaki dute gaur ixtea akordioa PRECOren bulegoetan.

Ez da erraza izan, baina mobilizazioetan hilabete baino gehiago egon ostean langileen lan-baldintzak hobetuko dituen akordioa sinatuko da.

Beste hobekuntza batzuen artean, soldata-igoerak lortu dira, behin-behinekotasuna murriztea, bulegoetako langileen egoera hobetzea, eta langile batek azken 16 urteotan jasaten zuen diskriminazioarekin amaitzea. Akordioaren, aldi baterako kontratua mugagabe egingo zaie langile batzuei, eta 350 euro baino gehiago igo zaie soldata. Igoerarik txikiena lortu dutenek 100 eurotakoa izango dute.

LABek balioan jarri nahi du mobilizazioetan zehar langileek izandako konpromiso eta tinkotasuna. Xantaia eta presioei aurre eginez, eta asko borrokatu ondoren, lortu da Elecnor bezalako enpresa handi bat Gasteizkoa bezalako tailer txiki batekin hitz egitera eseri behar izana, erraza izan ez den arren. Lankideen arteko tinkotasun eta elkartasun honen adibide bat izan da grebalariek erabaki zutela, aldi-baterako kontratua zutenen egoera konpondu arte greba ez zela amaituko. Eskertzekoa da, baita ere, aldi-baterako langile hauen konpromisoa, euren jarraikortasuna arriskuan jarrita ere, euren jarrerari eutsi diotelako.

Aste hauetan zehar, enpresak langileekin batzartzea saihestu du, komunikazioak posta elektroniko bidezko mezu eta telefono deietara mugatuz. Aurrez-aurreko hiru bilera baino ez dira egin, eta horietako bi, aste honetan bertan. Negoziazioan zehar, enpresa ahalegindu da bilera bakoitzean aldagai berriak sartzen, adostuta zegoena erretiratuz. Gainera, akordioa gertu izanda, enpresak modu artifizialean luzatu nahi izan du gatazka, langileek amore ematea helburu. Eta bitartean, grebarako eskubidea urratzeari ekin dio, beste lurralde batzutako langileak bidaliz grebalarien lana egitera.

Azkenik, langileek eta bere ordezkariek instituzioen inplikazioa eskertu nahi dute, ateak zabalik jaso dituztenak gatazkaren berri eman dietenean.

Beste behin ere argi geratu da patronalak ez digula ezer oparituko, eta eskubideak borrokatu egin behar direla. Langileriaren mobilizazioa gakoa da horretarako. Horregatik, langileen ordezkariek datorren hitzordu garrantzitsua gogoratu nahi izan dute, urtarrilaren 30eko Greba Orokorra, Elecnor-eko langileei eta herritar guztiei bertan parte hartzeko deia eginez.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Beste lan heriotza bat garraio sektorean

Atzo, Hernanin, E.P.R. 57 urteko garraiolaria hil zen lan-istripu ez traumatikoan, Repsolek A-8an duen gasolindegian erregaia kargatzen ari zela. Hildako langilea Iruñeko Getze (Nafarroa) herriko Transportes Petrolíferos Coordinados SL enpresakoa zen. Heriotza honekin, dagoeneko 18 dira aurten Euskal Herrian lan-istripuz hildako langileak.

Nafarroako ezkerreko alderdi eta sindikatuok bakearen aldeko eta berrarmatzearen aurkako manifestua aurkeztu dugu

Nafarroa Garaiko EH Bildu eta Contigo Zurekin koalizio politikoek eta LAB, CGT, Steilas, Solidari, ESK, EHNE eta Hiru sindikatuok bakearen aldeko eta berrarmatzearen kontrako manifestua aurkeztu dugu gaur Iruñean. Manifestuaren sinatzaileok gogor salatu dugu azkenaldiko gorakada militaristan koxka bat gehiago igotzea ekarriko duen Europako Batasunaren berrarmatze plana. Sinatzaileok adierazi dugu Nafarroako langileek ez dutela behar ez bonbarik, ez tankerik, eskubide eta berme sozialak baizik, eta berretsi dugu Europako herriek bakearekin, subiranotasunarekin eta gehiengo sozialen eskubideen defentsarekin dugun konpromisoa.

Maiatzaren Leheneko aurtengo irakurketa eta Nafarroako mobilizazioen berri eman du LABek gaur Iruñean

LABek, Imanol Karrera bozeramailearen eta hogei militante baino gehiagoren bitartez, agerraldia egin du gaur Iruñeko Gazteluko Plazako kioskoan, sindikatuak aurtengo Maiatzaren Lehenari begira egiten duen irakurketa aurkezteko –gutxieneko soldata eta pentsio propioak lortzeko borrokan oso fokatua–, eta hiriburuan zein Tuteran Langileen alde esloganarekin eginen dituen mobilizazioen berri emateko.