2024-12-22
HomeZerbitzu PribatuakElikagaigintzaAkordioa Huerta de Peraltan: prekarietatearen kontrako urrats garrantzitsua

Akordioa Huerta de Peraltan: prekarietatearen kontrako urrats garrantzitsua

Huerta de Peraltako greba mugagabeak 28. eguna bete duen honetan, grebalarien batzarrak gaur oniritzia eman dio LAB sindikatuak eta zuzendaritzak lotu duten akordioari, gatazkari bukaera eman eta garai berri bat irekitzen duena. Akordioaren ondorioz greba mugagabea nahiz enpresarekiko bestelako presio bideak bertan behera gelditzen dira; hala ere, urtarrilaren 26an Iruñean eginen den mobilizazioari eutsi egiten dio LABek, prekarietatearen kontrako borrokak aurrera jarraitzen duelako, hala landa eremuan nola hirigunean.

Akordioak langileen aldarrikapen nagusiak jasotzen ditu: zigorrak bertan behera utzi eta kaleratuak berriz hartu; hitzarmena ez betetzearen ondorioz sortutako zorra ordaindu; eta Enpresa Itun baterako negoziazioak ireki.

• Kaleratzeei dagokionez, enpresara bueltatu nahi zuten langile horiek berriz hartzea aldarrikatzen zuen LABek, bereziki jazarpen sindikalaren ondorioz kaleratutako lau langilerengan arreta jarriz. Bada, langile horiekin adostutako eta zuzendaritzak onartutako konponbidea honako hau da: bi langile berriz hartuko dituzte, hirugarrenak kalte ordain bat jasoko du eta laugarren kasua epaitegiak zer erabakiko zain geldituko da.

• Lan hitzarmena ez betetzeagatik enpresak sortutako 440.000 euroko zorrari dagokionez, zuzendaritzak onartu du zor duenaren %70 ordaintzea. Oroituko denez, jada urtarrilaren 2an LABek portzentaje hori ordaindu eta %30eko kita bat adostea proposatu zuen, akordio orokor bat errazteko asmoz.

• Azkenik, hirugarren aldarrikapenari dagokionez, Enpresa Batzordearen eta Zuzendaritzaren artean Huerta de Peraltaren eta bertako langileen errealitate eta beharren araberako Enpresa Itun baterako negoziazioak irekitzea adostu dute bi aldeek.

Langileen determinazioak egin du posible akordioa, baina baita -nagusiki emakumeez osatutako- grebarekiko babes-sareak nahiz langile jendearen, kolektibo nahiz pertsona ugariren elkartasunak ere, grebalarien aldarrikapenak babestu, horien alde mobilizatu eta Elkartasun Kutxan ekarpena egin baitute. Horiei guztiei, eskerrik asko bihotzez!

LAB sindikatuak akordioaren balorazio oso positiboa egiten du. Lehenik eta behin, greba eragin zuten aldarrikapen nagusiak jaso eta Huerta de Peraltan egondako aldaketa egonkortu egiten duelako: duela bi urte, enpresa honetan ez zegoen Enpresa Batzorde eraturik, 204 langiletik 152k aldi baterako kontratua zuten, 13 orduko lanaldiak ematen ziren eta ez zen ordaintzen ez oporrik, ez antzinatasunik ezta gaueko lanik ere. Orain, aldiz, Enpresa Batzorde indartsu bat dauka, langileak ahaldundu egin dira, herrialdeko hitzarmena bete egiten da eta Enpresa Itun bat negoziatzen da.

Bigarrenik, enpresaz gaindiko garrantzia du akordio honek. Izan ere, Huerta de Peraltako gatazkak Nafarroako landa eremuan dagoen prekarietatea utzi du agerian. Hori gainditzeko, Nafarroako nekazarien, jendartearen eta instituzioen arteko elkarlana beharrezkoa da. Egin dezagun denon artean Nafarroako landa eremua garatzearen aldeko apustua, bihur dezagun eredugarri, hala produktuaren kalitatearen aldetik nola lan eskubideen errespetuari dagokionez ere.

Hirugarrenik, Huerta de Peraltak argi erakutsi du antolakuntza eta borroka sindikalaren garrantzia landa eremuan nahiz hirigunean zabaltzen ari den prekarietateari aurre egiteko. Babesik gabe egoteagatik esplotatuak diren langile migranteen ekintza sindikal kolektiboak, langileriak azaldutako elkartasun itzelarekin uztartuta, prekarietatearen aurkako urrats garrantzitsua ematea lortu du. Prekarietatea pairatzen duten langileak antolatzen jarraitzea da orain dagokiguna, langileria osoak babestuko dituen prekarietatearen kontrako borrokak antolatuz.

Ildo horretan, LAB sindikatuak larunbat honetarako Iruñean deitu duen mobilizazioari eutsi egiten dio; 17:00etan Gaztelu Plazatik abiatuko da. Mobilizazio horren bidez, kasik hilabete bateko greba egin duten langileei babesa eman eta jasotako elkartasuna eskertzearekin batera, antolakuntza eta borroka sindikalaren balioa aldarrikatuko dugu. Huerta de Peraltan bezala Euskal Herrian barna irekita dauden hamaika gatazkatan, borroka da bidea!

Nafarroako ordezkari Imanol Karrerak balorazio bat egin du akordioari buruz, eta prekarietatearen aurka borroka dela aukera bakarra nabarmendu du.

Prekarietatearen aurrean, landa eremuan nahiz hirigunean, ekin borroka sindikalari!

Borroka da bide bakarra!

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...