2024-12-22
HomeGobernu BerriaAinhoa Etxaide:«Urkulluren hitzetan bestelako bide bat jorratzeko asmorik ez dugu ikusi»

Ainhoa Etxaide:«Urkulluren hitzetan bestelako bide bat jorratzeko asmorik ez dugu ikusi»

Ainhoa Etxaide, LABeko idazkari nagusiak, Eusko Jaurlaritzako Lehendakari berriaren izendapenaren harira lehen balorazioa egin du. Etxaidek, Urkulluren diskurtsoan sindikatuaren aurreikuspen ezkorrenak berresten direla adierazi du eta jakinda Madrildik inposaketa eta ukapena etorriko zaizkiola, zer nolako politikak egin behar dituen galdetzen dio. Honen aurrean, irtenbide posible bakarra bestelako eredu ekonomiko eta sozial bat eraikitzea dela gogorarazi dio.

Ainhoa Etxaide, LABeko idazkari nagusiaren adierazpenak, Eusko Jaurlaritzako lehendakari berriaren izendapenaren harira

«Lehendakari izendatu berri duten Urkullu jaunaren atzoko diskurtsoak gure aurreikuspen ezkorretan berretsi gaitu. Gobernuan alderdi politikoen alternantzia izango da, baina alternantzia horrek ez digu ekarriko benetako alternatibarik.

Lehenbizi krisiari heldu eta erabakitzeko eskubidea geroko uzteko asmoak benetako arazoa eta benetako eztabaida estaltzea dakar. Ez dago modurik krisiari benetan aurre egiteko, egoera ekonomikoari buelta emateko, ez bagara gai politika propioak erabakitzeko eta martxan ipintzeko.

Ez dago egoerari buelta ematerik ez baditugu politika ekonomikoak hemen erabakitzeko aukerarik, ez badaukagu garapen eredu berri bat eraikitzeko bitarteko politiko eta ekonomikorik, ez badugu langileen eskubideak defendatu eta ziurtatuko dituen lan harremanen eredu zuzen bat hemen ezartzerik. Beraz, ze nolako politikak egin nahi ditu EAJk Gasteiztik, Madrildik inposaketa eta ukapena etorriko zaizkiola jakinda? Irtenbide posible bakarra bestelako eredu ekonomiko eta sozial bat eraikitzea da. Eta erronka honi uko egiten dio Urkullu jaunak eztabaida sahiesten duenean.

Urkulluren hitzetan bestelako bide bat jorratzeko asmorik ez dugu ikusi inondik, krisiari benetako irtenbide bat emateko asmorik ez dugu ikusi, enplegu politika eta suspertzen ekonomiko politika eraginkorrak egiteko asmorik ez dugu ikusi, bide berdinetik jarraitzeko asmo argiak, ordea, bai.

Kargua hartu baino lehen, jada, hasiak ziren lehentasunak mahaigaineratzen: sektore publikoa are gehiago murriztu. Hau da, hartuko dituzten lehen neurriak enplegu galeran sakondu eta zerbitzu kalitatea okertzera bideratuak egongo dira. Emergentzia egoeran gaude, inoizko datu ekonomiko eta sozial okerrenak ditugu, hain zuzen ere, orain arte norabide horretan egindako politiken ondorioz.

Bestelako politikak egitea posible da, baldin eta egoerari benetan buelta emateko erabaki politikoak hartzen badira. Eta horren inguruan izan behar dira herri honek benetan behar dituen akordioak, akordio politiko eta ekonomikoak eredu berri bat eraikitzeko. Eta akordioetaz gain, bitartekoak ere behar ditugu politika propioak erabaki, errespetarazi eta garatu ahal izateko.

Euskal Herrian, 2012ko abenduaren 13an»

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...