2024-12-23
HomeEkintza SindikalaAinhoa Etxaide: "Tresna berri bat dugu borrokarako"

Ainhoa Etxaide: “Tresna berri bat dugu borrokarako”


LABeko idazkari nagusiak eta Ekintza Sindikala eta Negoziazio Kolektiboko idazkari Garbiñe Aranburuk, ELAko ordezkariekin batera, agerraldia egin dute gaur Bilbon, asteartean adostutako Akordio Interprofesionalaren balorazioa egiteko. Etxaidek akordioaren balioa azpimarratu du, bertako hitzarmenak Estatutik datozenetatik blindatuko dituelako, baina arazo politikoa ez duela konpondu ohartarazi du: "Tresna berri bat dugu borrokarako, negoziazio kolektiboaren bidez lan munduaren egoera aldatzeko. Eta hor jarri nahi dugu guk arreta, hori da gure ustez garrantzitsuena. Baina, arazoari bere osotasunean begiratzen badiogu, estatalizazioaren arriskua ez dugu ekidin, negoziazio kolektiboa blokeatua jarraitzen du eta funtsean dagoen arazo politikoa ez da konpondu. Akordio hau beharrezkoa da, baina ez da nahikoa".

"Langileentzat gauzak aldatuko dira, patronalaren jarrera aldatuarazteko gai garen neurrian eta instituzioei langileen aldarrikapenei erantzun positiboak ematera behartzen baditugu". LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaideren hitzak dira hauek, Bilbon gaur egindako agerraldian adierazitakoak. 

Hain zuzen ere, asteartean sinatutako Akordio Interprofesionalaren ostean emango dituzten urratsen berri eman du, ELAko ordezkariekin batera, LABeko Ekintza Sindikala eta Negoziazio Kolektiboko idazkari Garbiñe Aranburu alboan izan duela. Etxaidek nabarmendu du "borrokaren emaitza" izango dela edozein lorpen: "Hitzarmenen aldeko ekintza sindikala indartzen badugu lortuko dugu. Ekintza sindikala negoziazioak dauden lekuetan, ekintza sindikalak negoziazio prozesuak irekitzeko. Guk berebiziko garrantzia ematen diogu ELA eta LABek akordio hau eta ondorengo egoera antzera ikustea eta ulertzea. Estatalizazioaren eta blokeoaren aurrean erabaki bateratuak hartzea da benetako edukiak izango dituzten hitzarmen aldeko borrokan bat egiteko abiapuntua. Beraz, tresna bat gehiago dugu, baita borrokan elkar ulertzeko eta bategiko borondatea ere".

Hurrengo urratsak zeintzuk izango diren zehaztu du: "Lan harremanetarako euskal esparrua eraikitzea da gure helburua. Akordio hau babesteko eta negoziazio kolektiborako euskal esparrua blindatzeko urrats instituzionalak eskatuko ditugu". Era berean, akordioa Nafarroan ere egiteko bidea arakatuko dugula jakinarazi du, eta hitzarmen kolektiboaren aldeko borrokan tematuko garela berretsi, "batera ahal dugun neurrian, prekarietateari aurre egiteko bidea hor dagoelako".

Hauxe da ELA eta LABek gaurko osatu duten adierazpen bateratua, Akordio Interprofesionalaren harira:

ELAk eta LABek balorazio baikorra egiten dugu egiturazko Akordio Interprofesionalari dagokionez, euskal hitzarmenei lehentasuna ematen dielako Estatutik datozen hitzarmenen aurrean:

. Sinatutako akordioak Zapateroren lan erreformaren eragina mugatzen du, euskal hitzarmenek Estatutik datozen hitzarmenen aldetik jaso ohi duten inbasioari dagokionez. ELA eta LABetik gogoratu eta salatu nahi dugu Espainiako patronala –Confebask bertako partaide da– eta CCOO eta UGT sindikatuak aipatutako erreforma baliatzen ari direla negoziazio kolektiboa estatalizatzeko eta euskal esparruan dauden lan baldintzak okertzeko.

. Gainera, akordioak ez die baldintzarik ezartzen sindikatuei. Egiturazko akordio bat da negoziazio kolektiborako.

. ELAk eta LABek ondo hartu dugu Confebasken iritzi aldaketa. Uste dugu Confebasken jarrera aldaketaren atzean beldurra dagoela, beste patronal batzuek bere ordezkaritza monopolioa zalantzan jar dezaketelakoan, administrazio desberdinetatik jasotzen duen finantzazio publikoan izango lukeen eraginarekin. Izan ere, egoera pribilegiatua du, gobernuek ordezkaritza egiaztatzera behartzen ez duten bitartean.
Hala ere, aipatutakoa aipatuta, akats larria litzateke akordioarekin negoziazio kolektiboaren arazoa bideratuta dagoela pentsatzea. Ez da horrela, ezta gutxiagorik ere. Sinatutakoa egiturazko akordio bat da; ez du edukietaz hitz egiten, eta ELAk eta LABek gatazka handi bat dugu patronalarekin, edukien arloan.

. Hain zuzen ere, hitzarmenen edukiei dagokienez, Confebaskek bere neurrira egindako bi lan erreformei esker abantaila ateratzen jarraitu nahi du, lan baldintzak prekarizatzeko helburuarekin.

. Akordioak ez du lehentasunezko aplikazioa bermatzen hitzarmenaren iraunaldia amaituta duten arlotan –hau nabarmentzea garrantzitsua iruditzen zaigu–. Estatalizazioa xantai gisa erabiltzeari ez dio uko egin Confebaskek. Hitzarmenen negoziazioetan erakutsitako blokeo jarrera eta pasibotasunarekin, Confebaskek ondo baino hobeto daki dena duela irabazteko, hitzarmenei iraunaldia bukatzen zaielako, Estatutik datozen hitzarmenen mesederako –ultraktiboak ez badira–.

ELA eta LAB

. Erreformak –amaitu ez direnak–, patronalaren blokeo jarrera eta gobernuen aldetik patronalak berak duen babesa.

. Borrokari uko egin gabe, gaurtik aurrera tresna gehiago ditugu Euskal Autonomia Erkidegoko negoziazio kolektiboa Euskal Autonomia Erkidegoan bertan erabakitzeko.

EDUKIA KONPONDU BEHAR DUGU, ETA EDUKIA POLITIKOA DA

. Urtarrilaren 17an sinatutako akordio beraren eraginkortasuna zalantzan jar daiteke. Legeak estatalizazioari eman zion lehentasuna, eta gaur egun zenbait hitzarmen daude auzibidean, patronalaren ekimenez, Estatuko hitzarmenak aplika daitezen helburuarekin. Zentzu honetan, argi eta garbi esan daiteke Estatuak zenbait eskubide zalantzan jartzen dituela, bere joko arauen bitartez; askatasun sindikala eta euskal esparruan negoziazio kolektiboa gauzatzeko eskubideak, kasu.

. Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua defendatzen dugun neurrian, ELAk eta LABek nahi dugu euskal langileei eragiten dieten erabakiak hemen hartzea, Hego Euskal Herrian; eta, noski, gauza bera eskatzen dugu eragiten gaituzten hitzarmen kolektiboekin, euskal gehiengoei zor zaien errespetuagatik. Gehiengo sindikal zabal bat dago hala izatea eskatzen duena, bi sindikatuon ordezkaritzatik harago. Errespetu kontua da.

. Azkenik, Eusko Jaurlaritzari exijitzen diogu joan den uztailaren 22an, Elkarrizketa Sozialaren mahaian –oker izendatutako mahaian–, hartutako akordioak bertan behera utz ditzala.

Bukatzeko, konpromiso hauek hartu ditugu ELAk eta LABek:

. Modu aktiboan lan egingo dugu, lan erreformen ondorio kaltegarriak saihesteko.

. Negoziazio kolektiboa bultzatuko dugu Euskal Autonomia Erkidegoko sektore eta lantokietan, prekarietateari aurre egiteko eduki aldarrikatzaileen bitartez.

. Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua defendatuko dugu.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...