2024-11-14
HomeLAB SindikatuaIRAULTZEN ALDIZKARIAAinhoa Etxaide: «Krisi egoera honetatik burujabetza prozesu batek aterako gaitu»

Ainhoa Etxaide: «Krisi egoera honetatik burujabetza prozesu batek aterako gaitu»


Iraultzen aldizkariak Ainhoa Etxaide, LABeko idazkari nagusia elkarrizketatu du. Gaur egungo egoeraren larritasuna eta euskal herrtarrok behar dugun alternatiba izan ditugu mintzagai. “Krisi hau ezberdina” dela azaldu digu eta argi utzi nahi izan du “egoera honetatik burujabetza prozesu batek aterako gaituela”. Bide horretan Gutun Sozialaren garrantzia ere azpimarratu du.

Urteak pasa dira krisi hasi zenetik. Ze fasetan gaude?
Kapitalismoak bere burua eraberritzeko, indartzeko eta kapitalismorik bortitzena inposatzeko erreformak zeintzuk diren erabaki eta erreforma horiek inposatzeko fasea da hau. Guretzat ez dago irtenbiderik egiten ari diren bidean beraz erreformei aurre eginez hauen gainetik alternatiba bat gorpuzteko fasean gaude. Oraindik jarraitzen dugu krisi hau interpretatzen beste krisi batzuk bezala, garai txar bat neurri batzuen arabera piskanaka piskana gaindituko dena. Krisi hau ezberdina da, krisi hau eredu politiko, ekonomiko eta soziala aldatuko duen fase bat da. Beste eredu batera goaz eta kapitalismoa, elite ekonomikoa, ari da zuzentzen fase hori.

Oraindik erreformak egiten ari dira, erabaki behar duguna da fase honetan borrokatzeko gai garen edo borroka amaitutzat eman eta hurrengo faserako prestatuko garen. Gure ustez borrokatu behar da, aldaketak derrigorrezkoak dira, aldaketak egingo dira eta egiten ari dira, kontua da nork eta nola erabakitzen dituen aldaketa horiek. Gure ustez protagonismo politiko eta soziala gure esku hartu eta elite ekonomiko horri bere boterea borrokatzeko fasean gaude. Eta hori egiten da estrategia sindikal eraginkor batekin, baina baita ere argi izanez fase honetan gure eginkizun nagusia herri bezala jardutea eta alternatiba propioa eraikitzea dela. Beraz alternatiba hori benetan nagusituko den edo ez dago jokoan.

Erasoek ez dute etenik, erreformak inposatzen ari zaizkigu bata bestearen atzetik, baina aurrera jarraitu beharra dago.
Hala da, aurrera egin behar da. Alternatibak aurrera egin behar du eta horretarako momentu honetan bi puntu hartu behar ditugu kontutan. Bata, gure ekimenez eta guk hartzen ditugun erabakien arabera alternatiba sortzea, eraikitzea eta gorpuztea. Guri inork ezin digu erabakiak hartzeko aukera lapurtu. Guk erabakiak hartzen ditugu beste gauza bat da errespetatuko diren eta erabaki horiek benetan Euskal Herriaren egoera zuzenduko duten. Baina alternatiba eraiki egin behar da eta horretarako erabakiak hartu, eztabaidatu eta adostasunak eraiki behar dira.

Eta bigarrena, alternatiba hori nagusitzeko geroz eta gehiago izan behar gara eta geroz eta leku gehiagotan alternatiba horren alde egin behar dugu. Borroka hori lantokietan, herrian, kalean zein instituzioetan egin behar da. Alternatiba ezin da gelditu hor dagoelako eta gure esku dagoelako. Eta zorionez Euskal Herrian urratsak ematen ari gara norabide horretan.

Urte honetarako erronka faltan ez dago sindikatua. Langabezia eta pobretzeari aurre egitea izango da bat?

Urte hauetako, eta zoritxarrez, datozen urteetako erronka nagusia izango da ikusten ari garelako gure eskubideen suntsitzearen emaitza hori dela: Pobrezia eta pobreziaren iturri nagusia den langabezia hedatzea. Guk behin eta berriro diogu langabezia eta pobrezia ez direla berez krisi batek dakartzanak, politika batzuen ondorioa baizik. Alternatiba badauka, neurriak hartu daitezke baina ez dira hartzen. Langabezia eta pobrezia ez daude bitarteko ekonomikoak falta zaizkigulako hautu politikoak horretara eramaten gaituelako baizik. Eta zoritxarrez hori izango da etorkizunean geratuko zaiguna hazkunde ekonomikoa gaur hartzen ari diren neurriekin ematen bada. Langileen bizi baldintzak jokoan daude eta guk horiek defendatu behar ditugu, horri lehentasuna eman behar diogu. Egoera aldatzeak ekarriko du eredu berria, ezinezkoa baita eredua aldatu gabe pobrezia murriztea. Hori izango da gure erronka gure etorkizuna jokoan baitago.

Borroka honetan tresna garrantzitsua izango da Euskal Herriko Eskubideen Karta. Zergatik?
Bai, ziur gaude. Batetik ikusten dugulako egoera honek duen alternatiba ez dela etorkizuneko egoera baten inguruan aritzea baizik eta gaurko egoeraren gainean prozesu bat irekitzea, prozesu ezberdin bat, eredu berri batera eramango gaituen prozesu bat. Beraz alternatiba ez da etorkizuneko eztabaida bat, alternatiba da gaurko egoeraren aurrean prozesu alternatibo bat burutzea eta karta soziala da prozesu horretan urrats bat, zutabeetariko bat izan daiteke. Karta sozialaren helburua izango da jendartea eztabaidatzen jartzea gure etorkizunari begira erabakiak hartzeko, jendarteari autodeterminazio ariketa bat egiteko aukera ematea.

Gu izango gara Euskal Herriak ze eredu sozial behar duen erabakiko dugunak, jendarteari aliantza sendoak eraikitzeko aukerak emango dizkiogunak. Ikusten ari gara kostata bada ere pixkanaka prozesu hori gorpuzten ari dela. Batzarrek herrietako eztabaidari bide eman diote. Eskualdez eskualde antolatzen ari dira eta ikusten ari gara jendea prest dagoela bide hori jorratzeko. Jendea eztabaida horretara ekartzen ari gara eta hori da klabea, jendea ekarri behar dugu kapitalismoari aurre egingo dio prozesu alternatibo batetara, herri prozesu batetara. Baina adi, karta ez da herri prozesua bere horretan, herri prozesuaren atal bat baizik. Kartak ez du dena konponduko, baina karta ezinbestekoa izango da etorkizunean Euskal Herria ezberdina izateko.

Ze paper jokatzen ari da LAB?
Gure papera sustatzaile izatea da. Gu lanean ari gara sindikalgintzak ulertu dezan horrelako urratsetan, horrelako prozesuetan, horrelako elkarlanetan eta batez ere herriari eskaintza zabala egiteko hautuan dagoela baita ere sindikalgintzaren alternatiba. Sustatzaileak gara, prozesu horren motorra leku askotan. Lantokietara prozesu hori eramateko bitartekoa ere izango gara. Prozesu horri, karta sozial horri proiekzio politiko eta soziala emateko tresna izan nahi dugu. Beraz bat gehiago gara baina erantzukizun bereziak hartzeko prestutasunarekin eta gure estrategia eta sindikalgintzaren ibilbidea karta horren gainean ere egiteko konpromezuarekin. Karta guretzat ez da puntu bat gehiago sindikatuaren agendan, alderantziz leku zentrala du.

Krisitik atera ahal izateko klabe garrantzitsua da burujabetza prozesua. Horretan ere buru belarri ari da LAB?

Guk aurten erreferentzi hori kokatu dugu, burujabetza prozesuan iniziatibak hartzea aipatutako ikuspegitik. Jendeari ezin diogu esan burujabetzak gaurko egoera aldatuko duela edo burujabeak bagara gaurko egoera konpoduko denik, ez baita egia. Burujabeak izan gaitezke, baina Euskal Herri burujabe horren gestioa kapitalaren esku badago egoera antzekoa izango da. Guk diogu egoera honetatik burujabetza prozesu batek bakarrik aterako gaituela ulertuta noski burujabetza prozesu hori dela guk gure ekimenez, gure errealiteari begira eta gure etorkizunaren mesedetan alternatiba edo irtenbide bat aurkitzea.

Burujabetza prozesuak esan nahi du politika propioak egitea, politika egiteko eredu ezberdin bat topatzea, hau da jendeari parte hartzeko aukera emanez eta ez egiten ari diren bezala jendeari bizkarra emanez, herri estragia bat martxan jartzea, Euskal Herriko egoera aztertzea eta egoera horren gainean ze erabaki hartu behar diren proposatzea eta erabaki horiek hartu daitezen ekimenak burutzea. Nire ustez hori da burujabetza prozesua eta hori da egoera honetatik aterako gaituena, gaurko bidearekin ezinezkoa da eta gainera irtenbidea geroz eta urrunago dago. Beraz hor dago alternatiba, baita langileentzat ere. LABek burujabetza prozesu horretan zutabe bat izateko konpromisoa bereganatu du eta prozesu horretan kokatu nahi dugu klase interesak defendatzeko estrategia.

Burujabetzaz hitz egitetik burujabetza ariketa egiteko unea da? 
Bai eta uste dut neurri batean eta pixkanaka-pixkanaka horretan ari garela nahiz eta ez izan egoerak eskatzen duen dimentsioarekin. Adibidez 2008an euskal sindikalgintzak erabakitzen duenean konfrontazioa indartzeko eta aliantzak egiteko kalera ateratzeko momentua dela, sindikalgintza Europa osoan beste bide bat hartzen duenean hau da gobernuekin batera gestionatzeko bidea hartzen duenean, hori burujabetza ariketa bat da. Erreformen aurrean planto egin behar dela eta herritarrek horren alde egitea burujabetza ariketa bat da. Urratsak ere eman dira nola ez instituzioetan. Eremu soberanistak aliantza politiko bat egitea eta aliantza horri esker gestio instituzionalerako aukerak biderkatzea eta gestio hori aldaketa politiko eta sozialaren mesedetan jartzea ere burujabetza ariketa egitea da edo beste nolabait esanda burujabetza ariketa egiteari ateak irekitzea da.

Honelako ariketak egin behar dira, baina egoerak eskatzen du gaur ditugunak baino iniziatiba sendoagoak, estrukturalagoak hartzea burujabetza prozesua definitiboki bultzatuko badugu. Agenda propio bat edukitzea da burujabetza ariketarik handiena, baina askotan instituzioek, gobernuek, patronalak, banketxeek jartzen diguten agendaren arabera aritzen gara. Burujabetza ariketa izango litzateke hemengo instituzioak, politikoak, alderdiak, sindikatuak eta eragile sozialak agenda propio batekin aritzea eta agenda adostua bada are hobeto.

Ezin dugu ere aipatu gabe utzi Euskal Herriko konponbide eta bake prozesua. Hau ere LABen agendan dago?

Noski. Sindikatuaren agendan dago eta gure helburu nagusia langile guztien agendan egotea da. Guk argi dugu gure agendan lehentasuna lan eta eskubide sozialak defendatzea dela guk egiten ez badugu bestek ez dutelako egingo. Hori da gure agendan lehentasuna, baina horrek ez du esan nahi hori izan behar duenik agendako puntu bakarra, horrek ez du kentzen momentu batzuetan konponbide bat ekarriko digun agendan burubelarri inplikatzea ezinbestekoa dela erantzunkizunez jokatzen badugu eta langileei alternatiba bat eskeiniko badiegu. Guk ez dugu ikusten alternatibarik aldaketa politikoak egiten ez badira, prozesu demokratiko batek gure erabakitzeko eskubidea errespetatzera eramaten ez bagaitu, gatazka baten ondorioak gainditzea ezinezkoa baita estatuak ez daukalako inolako asmorik Euskal Herria pakean uzteko.

Orain arte egin duen bezala LAB prozesu honetan inplikatuko da. Zein izango da bere rola?
Gu gara konponbide prozesua burura eramateko lehen interesatuak gure borrokan mesede besterik ez baitu ekarriko. Sindikatuko agendako puntu garrantzitsua da, beste gauza bat da zein den sindikatuak jokatzen duen papera eta zein den jokatu beharko lukeen papera, gehiago egin dezaken edo gutxiago. Guk berriro diogu Euskal Herriaren esku dagoela, euskal herritarren esku dagoela estatuaren blokeoaren gainetik hainbeste eskatu eta hainbeste borrokatu dugun gatazkaren konponbide prozesua aurrera ateratzea. Gure esku badago, langileen esku ere badago neurri baten eta langileek konponbide prozesu horren alde egingo dute sindikatuak bide hori eskaintzen badie. Zentzu horretan badaukagu zeregina, baditugu erantzukizunak.

{linkr:related;keywords:iraultzenElkarrizketa;limit:15;title:Albiste+gehiago}

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Larunbatean hildako langilearen heriotza salatu dugu Bilbon, istripua izan zuen lekuan

Azaroaren 9an, 55 urteko G.V.M. langile autonomoa hil zen Bilboko Plaza Zirkularrean, kristalak garbitzen ari zenean 3 metroko altueratik erori ondoren. Gaur, mobilizazioa egin dugu bertan LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuok, patronalak eta instituzioek gaixotu eta hil egiten gaituztela ozen salatzeko.

LABek etxeko langileen lan-denboraren erregistroa arautzeko beharra azpimarratu du

Erregimen bereziak eta araudi osagarriak ez diote behar honi erantzuten.

Hitzarmen duina aldarrikatu dugu Arabako ostalaritzarako

Urtebete inguru igaro da Arabako ostalaritzako hitzarmenaren negoziazioa blokeatu zela "azken proposamen" gisa definitutako patronalaren azken proposamenarekin. Hau ez zen nahikoa, sektoreko langileen lan-baldintzak nabarmen okertzen baitzituen.